Nafarroako Parlamentuak Mañeru eremu ez-euskaldunetik eremu mistora igarotzea errefusatu ondoren, Mañeruko Udalak eta Hordago! euskararen zonifikazioaren aurkako herri ekimenak elkarretaratzea deitu dute larunbat honetarako.
«Udalaren eskaerak, gero Parlamentuak atzera botatakoa, agerian utzi du beste behin euskararen zonifikazioak ez duela ez hankarik ez bururik, ez duela inolako irizpide soziolinguistikorekin bat egiten, eta ez dituela betetzen Euskararen Legeak berak ezartzen dituen funtsezko helburuak, botere publikoek Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena babestu behar dutela diotenak, alegia», adierazi dute ohar baten bitartez.
Gogoratu dutenez, aipatutako Euskararen Legeak hiru eremutan banatu zuen Nafarroa, eta ezarri zuen hizkuntza eskubideak batzuk edo besteak izango zirela, «edo, besterik gabe, ez zirela izango, bizitokiaren edo eskubide horiek baliatu nahi diren Nafarroako eremuaren arabera». Lege hark “ez-euskalduna” deituriko eremu bat sortu zuen, «bere izenetik bertatik bere asmo baztertzaileak argi uzten zituena».
Bada, Mañeruko Udalak, eremu ez-euskaldunetik eremu mistora igarotzea eta bere hitza errespetatzeko eskatu du. Izan ere, zazpi zinegotzi independentek osatzen duten Udalbatzak aho batez onartu zuten herria eremu mistoan sartzeko eskaera.
NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Sonia Martinez zinegotziak erabakia salatu eta egoeraren berri eman zuen, herria «irla batean» gelditu dela azalduz.