NAIZ

Herrietako arduradunak bildu ditu Sortuk, hauteskundeei «anbizioz» eta «arduraz» ekiteko

Kizkitza Gil de San Vicente, Arkaitz Rodriguez eta Nuria Altzugarai, Sortuko herrietako arduradun politikoekin.
Kizkitza Gil de San Vicente, Arkaitz Rodriguez eta Nuria Altzugarai, Sortuko herrietako arduradun politikoekin. (Sortu)

Sortuk Nazio Batzarra burutu du ostegun honetan, herrietako arduradun politikoak bilduz, «ezker independentismoak hauteskundeetan jokoan duena kokatzeko eta horri bete-betean ekiteko EH Bildutik», ohar batean laburbildu duenez.

Batzarrean, «une politikoaren garrantzia partekatu dugu, tartean, hastear den hauteskunde zikloarena. Kidegoa inoiz baino gehiago EH Bilduren baitan aktibatzeko eta lan egiteko konpromisoa berretsi du, ezker independentismoa ahalik eta gehien indartzeko helburuz».

Maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeetan eta hortik haratago, abiatzen den hauteskunde zikloa gutxienez bi urtez luzatuko baita, «ezker independentismoak asko du jokoan –esan du Sortuk–: garai ezegonkorrak bizi ditugu, eta zibilizazio gisa erronka erraldoiak ditugu parez pare, baita herri moduan ere».

«Hauteskundeen osteko instituzioetako indar-korrelazioek eta horietan hartzen den norabide politikoak herritarron bizi baldintzak eta Euskal Herriaren etorkizuna bera baldintzatuko dituzte. Erronka eta trantsizio horiei parametro subiranista eta eraldatzaileetatik erantzungo die ezker independentismoak, euskal herritarron bizitzak erdigunean jarriz», adierazi dute Sortuko arduradunek batzarraren ostean.

«Norabide horretan eragiteko, behar-beharrezkoa da gehiengoak eraikitzea eta ahalik eta instituzio gehien gobernatzea. Gainera, independentziarako indarra biltzea da euskal nazio askapen mugimenduaren erronka, eta zalantzarik ez dago EH Bilduk instituzioetan indarra metatzeak askapen prozesuan jauzin bat egiteko baldintzak sor ditzakeela», nabarmendu du ezker independentismoaren alderdiak.