Jon Ormazabal

Larrazabal gazteak behar zuen patxada ekarri dio Jon Ander Albisu handi bati (17-22)

Oso lotua aritu den Peio Etxeberria eta Rezustak, aldiz, ezin izan diote euren bolada okerrari buelta eman eta etorkizuna zailtzen ari zaie.

Jon Ander Albisuk partida bikaina jokatu du eta nabarmen agindu du atzean.
Jon Ander Albisuk partida bikaina jokatu du eta nabarmen agindu du atzean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Enpresako pilotaririk gazteenetako baten aldamenean, bere estreinaldian bikain aritu den Aitor Larrazabalen alboan, lortu du Jon Ander Albisuk azken asteotan falta izan zaion patxada eta gaztearen eta beteranoaren konbinazio horrek haize handia eman die, lehendabizi Urrutikoetxea-Albisu bikote titularrari, baina baita Baiko osoari ere, bizirik jarraitzen duten Jaka-Arangurenetik hasi eta erabakiak hartzen dituztenetaraino. Txanponaren beste aldean dira, ordea, presioa nabaritzen ari diren Peio Etxeberria-Rezusta, eta Ezkurdia-Martijari ere batere mesederik ez die egiten euren taldekideek jasotako porrotak. Lotuta, airez pilota eskuan sartu ezinik aritu da aurreko astean trakets xamar aritu zen Peio Etxeberria eta aurretik duen astea ez da aurrekoa baino askoz xamurragoa izango Zenotzekoarentzat.

Pilotazaleen begi gehienak gaurkoan Iker Larrazabalen gainean izan dira eta amurrioar gazteak bere gainean jarritako esperantzak merezitakoak direla berretsi du; gazteegi debutatu bazuen ere, azken urtean aurrera pauso handi bat eman du, batez ere pilotalekuan kokatzeko orduan, gatza aurretik ere handia zuen, eta partida bikaina jokatu du. Hori bai, Jon Ander Albisu handi batek gauzak asko erraztu dizkio. Gaur Tafallan bezala, pilota guztiak gozatu eta huts kopurua murrizten duenean, gozamen hutsa da ataundarra pilotan jokatzen ikustea.

Eretako partida oso berdindua hasi da, bi bikoteetariko bakarrak ere ezin izan baitu markagailuan aurrerik hartu. Bi atzelariek oso seguru ekin diote lehiari, baina piloteoan Jon Ander Albisuk gehiago agindu, azken asteko hutsak erabat ahaztuta.

Aurrean ere antzeko bi aurrelari izan dira parez pare, gauzak azkar antzean amaitu asmoz tanto bikainak, baina baita hutsak ere pilatuz. Materialak ere izan du zerikusirik lehen erdi horretako orekan, bakoitzak bere pilotarekin min handia egin dielako aurkariei. Baikokoek mugitzea gehiago kostatzen zen pilota bat jarri dute jokoan eta Rezusta oso deseroso aritu da, pilotak kentzeko zailtasun handiekin. Eurek ateratako bote gehiagoko batekin, ordea, gauzak bestelakoak izan dira.

Etenaldiaren ostean, partida hautsi

Markagailuan 9-8 atzetik zirela, urdinek atsedenaldi bat eskatu eta hortik bueltan lortu dute ordura arteko boladarik onena, 7-0eko partzial batekin (9-15). Tarte horretan, Jon Ander Albisuk asko agindu du eta Larrazabalek ondo lagundu dio atzelariak sortutako aukerak amaituz.

Jokoan urdinak nabarmen nagusi izan badira ere, gorriek lortu dute, nolabait partidari eutsi eta, Peio Etxeberriak jokoan sartzeko aukera gutxirekin, gutxienez aurkarien, batez ere Larrazabal gaztearen hutsak behartzea.

Baina Rezustari gora joandako pilota baten ostean hiru tantoz aurretik joan dira urdinak bigarren atsedenaldi luzera (15-18) eta amurrioar gaztea indarberrituta itzuli da aldagelatik, hiru erremate bikainekin partida oso bideratuta utziz.

Izan dute Aspekoek azken susperralditxo bat, baina alperrik izan da, Larrazabal eta Albisuk euren lan bikaina borobiltzeko aukerari ez diote eta ihes egiten utzi.

FITXA TEKNIKOA:

Peio Etxeberria-Rezusta: 17

Larrazabal-Albisu: 22

Pilotakadak: 600. Iraupena: 66,1 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 4-2, 4-4, 7-4, 7-8, 9-8, 9-15, 12-15, 12-17, 15-17, 15-21, 17-21, 17-22. Sakeak: 1 Peio Etxeberriak eta 1 Larrazabalek. Egindakoak: 7 Peio Etxeberriak, 2 Rezustak, 12 Larrazabalek eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 5 Peio Etxeberriak, 2 Rezustak, 6 Larrazabalek eta 2 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera ona Tafallako Ereta pilotalekuan.