NAIZ
Donostia

Donostialdeko ESIan protestekin segiko dute beren proposamena «hitzez hitz» onartzen duten arte

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek astero egiten dituzten protestekin jarraitzea erabaki dute, Osasun Sailak eta Osakidetzak idatziz helarazi zieten azken proposamena «idatzita dagoen bezala» onartzen duten arte.

Donostialdeko ESIko profesionalek otsailaren 6an egin zuten kontzentrazioa.
Donostialdeko ESIko profesionalek otsailaren 6an egin zuten kontzentrazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek asanblada egin dute astelehen goiz honetan Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin duten gatazkaren harira abendutik hona egiten ari diren protestekin jarraituko duten ala ez erabakitzeko.

Osasun alorreko 150 profesional elkartu dira batzarrean, inoiz baino gehiago, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak jakinarazi duenez, eta protestekin aurrera egitea erabaki dute, Osakidetzak eta Lakuako Gobernuko Osasun Sailak idatziz helarazi zieten azken zirriborroa «idatzita dagoen bezala» onartzen duten arte.

Zubiak esan duenez, hainbat zirriborro «joan-etorrian» ibili dira bi aldeen artean eta Osasun Sailak «ñabardurak» egin dizkie. Elkarrizketak izan dituzte Osakidetza eta Osasun Sailarekin eta aurrez aurre izan direnan «hitz onak» jaso dituzte, baina gero «hori idazteko garaian eta konpromisoak zehazteko garaian ez gara ados jartzen». Bileretatik ateratzerakoan «borondatea» atzeman dute, baina hori idatziz jartzeko orduan ez dute lortu beren proposamena «hitzez hitz» islatzea.

«Aktaren lau bertsio izan dira eta bosgarrenean gaude. Guk ez dugu etsiko, garbi dago zein diren puntuak, dena idatzita dago, eta garbi dugu zer nahi dugun», nabarmendu du.

Horregatik, gaurko batzarrean Donostia Ospitalaren aurrean egiten dituzten kontzentrazioekin jarraitzea erabaki dute, beren proposamena «dagoen bezala» onartzen duten arte.

Gainera, Zubiak esan du aztertzen ari direla hilaren 25erako Osakidetzan deitu den grebarekin «kolektibo moduan» bat egingo duten ala ez.