NAIZ

Larrabetzuko memoria historikoa hiru proiektu artistikotan bildu dute

Larrabetzuko Udalak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak herriko memoria historikoa biltzen duten hiru proiektu aurkeztu dituzte. Erakusketa, argitalpen eta antzerki banaren bidez gogoratuko dituzte 1936ko Gerra eta gerraosteak herrian izan zuten eragina.

Proiektuetan parte hartu duten artistak.
Proiektuetan parte hartu duten artistak. (NAIZ)

Larrabetzuko Udalak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak herriko memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu dituzte. «1936ko gerra eta gerra osteko diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa dituzte abiapuntu obrok, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekartzeko eta berauei aitortza justu eta egiazkoa egiteko», azaldu dute.

Eriz Moreno eta Amaia Molinet-en ‘Zirrikitua’ da lehena. Bi artistok zeharkako ikuspegi historiko batean oinarritutako proiektu artistikoa proposatzen dute, Larrabetzun 36ko gerrako aztarnak behatuz gauzatuko dutena. «Proiektuan, gatazka hau ez da soilik gertakari historiko sorta gisa ulertzen, analisiak tokiko ikuspegia eta baita egileen ikuspegi pertsonala ere barne hartzen ditu», nabarmendu dute. Zehazki, protagonisten ikuspegia landuz belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititzen den memoria aztertuko dute eta emaitza argitalpen formatuan aurkeztuko dute.

Liben Svaart leioarrak, bere aldetik, ‘Hona Hemen orain ez dagoena’ erakusketa osatuko du otsailean zehar. Oroimen historikoaren aztarnak aztertzen ditu proiektuak eta soinu pieza bat da erakusketaren muina: Sol notaren ñabardurak plazaratzen ditu 31 minutuko soinu piezak eta etengabe errepikatzen den animazio bat du lagun, batera jarrita «memoriak daukan lausotasuna» adieraziko lukeena. Erakusketa hau osatzeko, bisitariak etxera eraman dezakeen horri tamainako piezak egongo dira ikusgai.

Hirugarren proiektua Ane Seijas eta Julen Sainz de Rozas-en ‘Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena’ da. Bertolt Brechtek 1930ean idatzitako ‘Der Jasager und der Neisager’ (Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena) idazlanaren irakurketaren bidez 36ko Gerrak hartu zuen lurraldeari buruzko gogoeta egin nahi du. Antzerki labur hau Taniko obra japoniarrean oinarrituta dago eta Brechten pieza didaktikoetako bat da. Obra Lucio Uriartek euskaratu du.