NAIZ

Onkologikoa emakumeen minbizi espezifikoak artatzeko zentro izatea proposatu du EH Bilduk

Minbiziaren inzidentziak gora egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 2021eko txosten baten arabera. Horri erantzuteko asmoz, EH Bilduk proposatu du Onkologikoaren azpiegiturak eta baliabideak pazienteen zerbitzura jartzea, itxaron zerrendak murrizteko.

Onkologikoaren sarrera, 2021eko abuztuan.
Onkologikoaren sarrera, 2021eko abuztuan. (Jon URBE | FOKU)

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean, Onkologikoa emakumeen minbizi espezifikoak artatzeko zentro monografiko bilakatzeko aukera azter dadila eskatzeko. Rebeka Ubera parlamentariak azaldu duenez, «Onkologikoak patologia baten baitan diziplinarteko taldeetan lan egiteko kultura du eta aitzindaria da bularreko minbiziaren arretan; egokia izan daiteke, beraz, Osakidetzan integratzearekin batera, Onkologikoa emakumeen minbizi espezifikoen tratamenduan zentratzea. Osasun Sailak aukera hori aztertu beharko luke, eta hori da eskatzen dioguna».

Uberak gogora ekarri du minbiziaren intzidentziaren bilakaerak gora egin duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «eta Biocrucesek eta Osakidetzak berak 2021ean egindako txosten batean adierazten zutela minbiziak epe ertain eta luzera gurean izango dituen ondorioak latzak izango direla».

Hori horrela, Onkologikoak bete behar duen funtzioak berebiziko garrantzia duela uste du. «Ulertezina da une honetan azpiegitura hori azpi-erabilita egotea, hain justu, inoizko itxaron zerrenda altuenak ditugunean eta minbiziaren detekzio goiztiarreko programetan atzerapenak ere oso handiak direnean», adierazi du.

Hori kontuan hartuta, Uberak aurkeztutako proposamenak zera planteatzen du: Onkologikoa Osakidetzan integratu bitartean, bertako azpiegitura eta baliabide guztiak pazienteen zerbitzura jartzea eta erabiltzea, itxaron zerrendak murrizteko eta arreta hobetzeko.