NAIZ

Kalte emozionalak dituzten haurrak hartu ahal izateko prestakuntza duten familien bila ari dira

Prestakuntza duten familiek osasun mentaleko, jokabideko edo egokitzapeneko arazoak dituzten haurrak hartzeko programa bat jarriko dute abian, bai Hego Euskal Herrian bai Madrilen eta Katalunian ere. Gipuzkoan jada martxan dago programa hau duela 15 urtetik.

Kalte emozionalak dituzten tutoretzapeko haurrak familietan hartzeko programa jarriko dute martxan.
Kalte emozionalak dituzten tutoretzapeko haurrak familietan hartzeko programa jarriko dute martxan. (Getty Images)

Nafarroaz eta Arabaz gain, Madrilen eta Katalunian ere osasun mentaleko, jokabideko edo egokitzapeneko arazoak dituzten eta gaur egun egoitza-zentroetan dauden haurrak hartu ahal izateko berariazko lanbide heziketa duten familien bila ari dira proiektu bat garatzeko.

Proiektua Gizarte Eskubideen eta Agenda 2030ko Ministerio espainolak finantzatzen du, Europako funtsekin, eta Estatuko edozein autonomia-erkidegotara hedatzeko helburua du. Erkidegoei dagokie harrera familia horiek bilatzea (trukean ordainsari bat jasoko dute).

Adingabeen arreta bermatzeko, familiaren kideetako batek gutxienez prestakuntza berezia eta erabateko prestutasuna izatea eskatzen da.

Familia-harrera espezializatu hau administrazioak tutoretzapean edo zaintzapean dituen 7 eta 18 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eragindako kalte emozionalak etxean bertan konpontzen lagunduko duen familia-ingurune batean bizi daitezen.

Esku-hartze plan egituratu bat garatzeko gaitasuna izan behar duten familiei beste profesional batzuekin taldean lan egitea eskatzen zaie, eta prozesu osoan zehar lagunduko zaie, bizikidetzaren hainbat unetan sor daitezkeen zailtasunak gainditzeko, Hezkuntza Komunitateen Nazioarteko Federazioko (FICE) Josu Gagok Eferi azaldu dionez.

Gobernu espainolaren helburua 2030ean tutoretzapeko adingabeen %70 familietan eta %30 egoitzetan bizitzea da. Halaber, 2026an zentro batean 6 urtetik beherako haur bakar bat ere ez bizitzeko konpromisoa hartu du, eta 2030ean 10 urtetik beherakorik ez.

Gipuzkoan duela 15 urtetik

Programa duela 15 urtetik dago martxan Gipuzkoan, harreran dauden 19 adingaberekin. «Dagoeneko funtzionatzen duen eredu bat da eta lurralde bakoitzean egokitzea interesatzen zaigu, errepikatu ahal izateko; ez dator ezer ordezkatzera, dagoena osatzera baizik», azaldu du Gagok.

Familiek Hezkuntza Ministerio espainolaren prestakuntza homologatua izan behar dute Psikologian, Gizarte Langintzan, Magisteritzan eta eremu soziosanitarioko beste batzuetan. Gainera, gutxienez bi urteko esperientzia eskatzen zaie haurrekin lan egiteko eta lan arautua egiteko konpromisoa hartzeko.

«Familiek ordainsaria jasotzen dute, kasu askotan lan egiteari uzten diotelako», ziurtatu du adituak, eta kopurua autonomia-erkidego bakoitzaren araberakoa izango dela adierazi du. Gipuzkoan bi mila eurotik gorakoa da.

Kanpaina elkargo profesionaletan abiaraziko da batez ere, eta dagoeneko taldeak osatu dira prozesuari hasiera emateko. Horrela, Hego Euskal Herria, Katalunia eta Madrid artean 60 haur hartu nahi dira.