Maider Iantzi Goienetxe

‘Alaska’, maite gaituztenak galtzea eta berriz bilatzea da bizitzea

Liburu guztiek daukate detonante bat eta Castillo Suarezen ‘Alaska’ Maddi Barberren gogoeta batetik sortu zen: nola egin daiteke paisaia baten dolua? Poesian idilikoki landu izan da tokiekiko harremana, eta justu kontrakoa eginez, irudi aldetik bere lanik bortitzena osatu du olerkigile altsasuarrak.

Castillo Suarez ‘Alaska’ poema liburu berria aurkezten, Donostian.
Castillo Suarez ‘Alaska’ poema liburu berria aurkezten, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

‘Alaska’ (Elkar) izan daiteke ‘Irautera’ aitzineko poema liburuaren bonus track bat. Hura egin zuenean Altsasuko jaiotetxea eta auzoa erabili zituen Castillo Suarezek. Mugako toki batekoa da, altsasuarra baina Etzegarate aldekoa, Sakana eremu industrialaren baitako baso batekoa. Espezieen arteko talka bat dago bertan: Nafarroan betiko espezieak daude eta Gipuzkoan ustiatu egiten denez eukaliptoak, pinuak... «Errepidearen trazatua aldatu zuten eta Alaska jatetxea horregatik itxi zen, jendea ez zelako gelditzen. Badauka poesiak halako ezaugarri bat», esplikatu du Donostian egindako aurkezpenean.

Xabier Mendiguren editoreak erran duenez, Suarezen zazpigarren liburu honekin aurtengo denboraldia estreinatu du Elkarrek, «jakinminez eta segurtasunez», 20 urte baino gehiagoko literatur ibilbidea baitu olerkariak. Duela lau urte argitaratu zuen ‘Irautera’ miragarri haren katalanezko bertsioa aurkeztuko du aurki Herrialde Katalanetan.

Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena. Castillo haurrarentzat Las Vegas txiki bat zen. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta dotore bat egiteko, igerileku eta guzti.

Ametsa, dolua egiteko modu bat

Maddi Barberri ‘Argia’-n egin zioten elkarrizketa bat da liburuaren sorburua. Nola egin daiteke paisaia baten dolua, zioen Barberrek. Itoitzek hartutako eskualde hartakoa da, Lakabekoa, eta harrigarria egiten zitzaion nola bizi daitekeen jendea urak bere baitan hartu dituen gauza horiei guztiei erreparatu gabe.

Suarezentzat, irudi bat oso nabarmena zen zuhaitz zurixka batzuena, urak hartuta, goiko partea ikusten zen eta behekoa ez, baina arbola haiek hilda zeuden. «Irudi hori gelditu zitzaidan iltzatua: ustez bizirik dauden gauza batzuk baina barrenean hutsik».

Dolu horretatik tiratuta, Lakabekoak aipatzen du amets egitea dela dolua egiteko modu bat. Deigarria egin zitzaion altsasuarrari eta hortik abiatuta egin du ‘Alaska’. «Maiz pasatzen naiz N-1etik eta ondoan gelditzen da hotel abandonatu hori, arkitektonikoki deigarria. Gau batean pasatu nintzen eta neoizko argiak piztuta daude eta duela 20 urte dago itxita hotel hori. Ametsen ideia hori hartu nuen eta historia bat eraiki nuen Alaska hotelarekin amesten zuen neska batena».

«Denok dugu gure Alaska»

Etxea husten ari da protagonista, eta bere bizitza puskak kutxetan sartzen ari dela Alaskara doala amesten du, umetan bezala. «Denok daukagu Alaska bat bihotzetan, erdizka oroitzen duguna. Ez gaude seguru hor dagoen, baina behar dugu, zentzua ematen dio gure bizitzari. Oroimena da nire obsesioetako bat: ahaztu nahi dituzun gauza horiek nahita ere ezin dituzu ahaztu», hausnartu du egileak.

«Geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu. Horregatik da bizitzea, labur esanda, maite gaituztenak galtzea eta berriz bilatzea», dio liburuaren kontrazalak.

Tirokatutako animalia bat

«Tirokatutako animalia bat aurkitzea bezala da maitemintzea, ihes eginen zenuke bertatik ahal izatera, baina begira geratzen zara odolak nola gesaltzen duen elurra». Hala amaitzen da azken poema. «Nire libururik bortitzena da irudien aldetik», aitortu du sortzaileak.

Ramon Andresen poemak itzultzen ari da. Baztanen bizi da orain eta bere inguruari buruz poemak idazten ditu. «Nahiz eta Iruñekoa izan kanpoko baten begirada dauka eta oso nabarmena egiten zait nola erreparatzen dion tokiari, Elizondon aterrizatu du eta ingurua behatzen ari da». Lan hori gurutzatu izanak lagundu dio altsasuarrari inguruari begiratzen.