NAIZ

EITBren hizkuntza-klausulek euskarazko ekoizpenen zabalkundea oztopatzen dutela salatu dute

EITBk euskal ekoizpenek euskarazko bertsioen gainean «salbuespeneko hizkuntza-klausulak» ezarri dituela eta, horren ondorioz, plataformetara euskarazko edukiak iristea oztopatzen ari dela salatu du Netflix Euskaraz-ek.

Netflix plataforman euskarazko edukiak aldarrikatzen ditu ekimenak.
Netflix plataforman euskarazko edukiak aldarrikatzen ditu ekimenak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Netflix Euskaraz-ek EITB euskarazko edukien plataformetarako sarbidea oztopatzen ari dela salatu du. Azaldu dutenez, erakunde publikoak ‘EITB 2030 estrategia’ txostenaren aurkezpenean zein Andoni Aldekoa zuzendari orokorraren ahotik aurreratua zuen euskal zinema ekoizpenen gainean hizkuntzaren gaineko baldintza ezartzeko asmoa zuela, hala euskarazko edukiak Primeran plataforman lehentasunez estreinatzeko, eta horretarako ekoiztetxeekin hitzarmenak sinatzen ari zirela.

Klausula horien «lehen enbidentzia» otsailaren 10ean iritsi zitzaiela azaldu dute. Egun horretan euskarazko bertsiorik gabe estreinatu zuten ‘Unicorn Wars’ Movistar Plus Plataforman: «Filma katalogoan jarri eta gutxira, Bilboko Uniko ekoiztetxearen eskutik jakin genuen zein zen plataforman euskarazko bertsioa ikusgai ez jartzearen arrazoia: euskarazko bertsioa ETBn estreinatuko delako lehentasunez, hau da, EITBk Uniko ekoiztetxearekin sinatutako akordioan jasotzen diren hizkuntza-klausulengatik ez da euskarazko bertsioa Movistar Plus-era iritsi; eta ez da iritsiko, harik eta, gutxienez, Primeran-en emititu arte».

Netflix Euskaraz-en iritziz, «onartezina» da EITBk «era horretako ezohiko klausulak» ezartzea «hizkuntzaren kaltetan». «EITB sustatzen ari den neurri horrek herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ditu, bete-betean jotzen du euskararen eta euskarazko bertsioen sustapen eta zabalkundearen aurka, eta kaltea baino ez diote eragiten euskararen normalizazioari», salatu dute.

Gaia «oso larri»-tzat jo dute, azaldu dutenez euskarazko bertsioen gaineko klausula horiek obra berrietarako finantzazio publikoa lortzeko baldintza gisa ere jasota daudelako.

Euskarazko bertsiorik gabe

Era berean, ‘Unicorn Wars’-ena ez dela kasu bakarra zehaztu dute, ‘Irabazi arte!’ telesailaren lehen denboraldia abenduaren 15ean iritsi baitzen Disney Plus-era, euskarazko bertsiorik gabe.

Horregatik, EITBko arduradunei eskatzen diete «argi dezatela ‘Irati’ filmarekin ere berdina gertatuko ote den, eta aurrerantzean plataformetan estreinatzen diren euskal ekoizpenekin».

Netflix Euskaraz-ek aurretik ere salatua zuen EITBk bere diru-partidetatik euskarara bikoiztutako audioak ez zituela plataformetara zabaltzen. Horrez gain, «eskua luzatu eta euskal ekoizpen guztien euskarazko audioen kontrola bereganatu» nahi duela uste du Netflix Euskaraz-ek, «euskarazko bertsioak bere audientzien onerako soilik erabiliz».

Hala, EITB eta Jaurlaritzak euskararekiko erakusten duten «arduragabekeria» arbuiatu eta Kataluniaren eredua jarrai dezatela eskatu diete: Natàlia Garriga Generalitat-eko Kultura Sailburuak joan den astean iragarri zuen plataformetara bidaltzeko prest dituztela TV3ek orain arte katalanera bikoiztutako audio guzti-guztiak eta plataformek aurki txertatuko dituztela audioak.

«Euskalgintzari eta, orohar, euskaltzale guztioi gaiari arreta jartzeko eskatzen diegu, eta mobiliza daitezela eta indarra egin dezatela ikus-entzunezkoetan euskaldunon hizkuntza eskubideak errespeta daitezen», amaitu dute.