Pilota ate joka diren Tolosako Inauterien beste osagai bat izango da, giznoezkoen kasuan egoera arras desberdinetan jokatuko diren partidekin. Astelenita egunean jokoan ezer ez duten bi bikote ariko dira elkarren aurka, bi lehenetan sartzea ziurtatuta duten Altuna III.a-Tolosa eta txapelketari agur esan dieten Jaka-Aranguren eta asteartekoa, aldiz, final moduko bat izango da zulotik ihes egin nahi duten Ezkurdia-Martija eta goitik behera datozen Peña-Mariezkurrenaren artean.
Jardunaldia itxiko duen lehia horretara indarberriturik helduko dira 2020ko txapeldunak. Ia kanporatuta egon ostean, azken bi garaipenei esker gainontzekoen mehatsu izatera pasa dira Sakandarrak eta azken bolada horri segida ematen saiatuko dira. «Txapelketa hasi zenean gure espektatibak beste batzuk ziren, baina duela aste batzuk sinatuko genuen azkenaurreko jardunaldira bizirik heltzea eta horrekin pozik gaude» onartu du Joseba Ezkurdiak. «Baina pasatakoa pasa da, bizirik gaude, ondo gaude, lehiatzeko gaude eta asteartean irabaztera irten behar dugu», gaineratu du.
Oraindik gauzak zail dituzte, jokatu beharreko bi partidak irabazi behar dituzte aurrera egiteko aukerak izateko eta pena dute oraingo bolada hau lehenago harrapatu ez izanaz, nahiz eta oraindik ez dakizkiten ondo hasierako txakalaldi horren arrazoiak. «Saiatu gara momentu txarretan ondo entrenatzen, gauzak ondo egiten, gauzak aldatzen... baina esaten genuena, entrenamenduetan sentsazioak ez ziren hain txarrak baina partidetan, batez ere buruz, ez genion partidari eusten, aurkariek lau edo bost tanto jarraian egiten zizkigutenean etsi bezala egiten genuen, ez genion aurre egiten eta horrekin pixka bat haserre gaude, baina azken asteetan hobeto gaude, sentsazioak beste batzuk dira entxufatuta gaude».
Guretzat ere final bat da
Peña-Mariezkurrena, euren aurkarien ibilbidea guztiz kontrakoa dela esan genezake, txapelketa oso ondo hasi ostean, azken asteetan irabazi ezinik baitabiltza. Puntu bat gehiagorekin, Baikokoen egoera lasiagoa da, baina Jon Ander Peñarentzat hil edo bizikoa izango da astearteko partida. «Guretzat ere final bat da, azkenean, nik uste oraindik aukerak ditugula laugarren postu hori lortzeko eta horren bila jaongo gara», azaldu du.
Larunbatean Altuna eta Tolosaren aurka partida ero batean tanto bakarraz galtzetik helduko dira eta tolosarrak eta Berriozarrekoak oso argi dute Labriteko partidatik ikasi duten lekzioa. «Bion aldetik huts dezente egin genituen eta irabazi nahi badugu hori zuzendu beharra daukagu. Nik uste jokoaren beste alor batzuetan, baita defentsan ere, ondo aritu ginela eta huts kopurua murriztuta, aukerak izan ditzakegula».
Tolosarra izanda, astertean Beotibarren jokatzea berezia izango da Jon Ander Peñarentzat eta partida oso garrantzitsua izanda ere, gustura arituko omen da, horretarako prestatzen baitira. Joseba Ezkurdiak ere oso gustuko omen ditu asteartekoa bezalako lehiak eta gogoratu du, azken asteetan, galtzeko aukerarik ez zutenean lortu dutela euren mailarik onena ematea.
Aurten neskak ere bai
Baina mutilena ez da Tolosan egun hauetan jokatuko den txapelketa bakarra, lehendabiziko aldiz, aurten nesken Ados Pilotaren txapelketako partidak jokatuko baitira Beotibarren, larunbat arratsaldez. Jokin Atuna eta Jon Ander Peña alboan zituela, Olatz Peon Tolosako alkateak gaur eman du jaialdi horren berri. Final laurdenetako bi partida jokatuko dira Beotibaren larunbatez arratsaldeko 18.00etatik aurrera eta momentuz bi dira sailkatutako bikoteak, Aldaregia-Mendiburu eta Etxekolonea-Mujika. Bi bikote hauen arerioak ostiralean Zierbenan jokatuko diren partidetatik irtengo dira.