NAIZ

Hernani, Europako Zero Zabor ziurtagiria lortu duen Euskal Herriko lehen udalerria

Hernanik Europako Zero Zabor ziurtagiria eskuratu du, lor daitezkeen 5 izarretatik 3 bilduta. Euskal Herriko lehen udalerria da ziurtagiria lortu duena. Abenduaren 22an Europako programan parte hartzeko eta kanpoko auditoria egiteko konpromisoa hartzeko interes aitorpena osorik onartu zuen Udalak.

Atez ateko bilketa martxan jarri zutenean, jaialdia egin zuten Hernanin.
Atez ateko bilketa martxan jarri zutenean, jaialdia egin zuten Hernanin. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Hernaniko Udalak eskuratu berri duen Zero Waste Cities and Towns Ziurtagiria hirugarren batek ebaluatutako Europako ziurtapen estandarra da. Helburuak dira zero zaborrerako trantsizioa bultzatu eta Europako herri eta hirietan ekonomia zirkularraren ezarpena azkartzea.

Rezero hondakinen prebentzioa eta kontsumo arduratsua sustatzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko Kataluniako fundazioa da eta haren laguntza izan du Hernaniko Udalak, herriko administrazio publikoek, gizarte entitateek eta enpresek zero zaborra helburu hartuta egin duten bidean. Ingurumen-entitateak azken urteotan martxan jarritako ekimenen inguruko frogak identifikatu eta biltzeko lanetan lagundu dio Udalari, besteak beste, hondakinen atez ateko bilketa bereizia, konpostatze deszentralizatuaren sustapena (etxekoa eta auzokoa) eta sortutako zaborraren araberako ordainketa.

Bestalde, Lurraren Lagunak erakundea, zero zaborraren ekimena hastapenetatik defendatu eta bultzatu duena, izan da auditoretzaz arduratu dena. Hernanik 10 urte baino gehiago daramatza zero zabor helburua duten ekimen eta ekintzak sustatzen, udalak berak azaldu duenez. Hernanin biztanleko gainerako frakzioaren zabor sorrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoa baino %75 txikiagoa da.

Ziurtagiria lortu ondoren, udalek beren jardueraren jarraipena egin behar dute eta urtero hobekuntzak egin behar dituzte lortutako emaitzetan. 3 urtean behin auditoretza berriak egiten zaizkie ziurtagiriaren egoera egiaztatzeko, mailaz igotzeko aukerarekin, gehienez 5 izar izatera iritsiz.

Xabier Lertxundi Asteasuizarra Hernaniko alkateak nabarmendu duenez, «ziurtagiri-sistema berri honek baloratzen du Udalbatzaren, tokiko enpresen eta enpresen eta herritarren ahalegina, hainbeste urtetan hondakinen sorrera minimizatzeko konpromisoa hartu ostean. Europako iparraldeko udalerrien liga berean jokatu ahal izatea pozgarria da benetan».