Entrevue
Laura San Juan
Atleta

«Asebeteta nago lortu dudan dominarekin: 8.38 segundotan egitea ere oso ondo dago»

Brontzezko domina eskuratu du Laura San Juanek (2001, Gasteiz) Pista Estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, 60 metroko hesidun proban. «Hirugarren postuan geratzeak ilusio handia egin dit, eta aldi berean harritu nau nire lehen domina delako». Asteburuan jokatuko du Madrilen absolutua.

Laura San Juan Mendizorrotzako atletismoko pistan, Gasteizen.
Laura San Juan Mendizorrotzako atletismoko pistan, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Loria dastatu berri du Laura San Juanek bere lehen domina eskuratuta Pista Estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, —otsailaren 4etik 5era jokatu zen Antequeran—. 8.38eko denbora egin du 60 metroko hesidun proban, bere marka onena 8.31 izan arren. Barrutia klubeko atletak hobetzeko tartea oraindik badu, beraz. Asteburu honetan Espainiako Txapelketa absolutuan lehiatuko da, eta espero du «finalerako sailkatzea».

Ondoren, pista estalitik aire librera pasako da, 60 metroko hesidunetatik 100 metroetara. «Ea beste dominaren bat lortzerik dudan», adierazi du Gasteizekoak. San Juanek Aita Gasteizekoa du eta ama Hungariakoa, eta ekainean jokatuko den Europako Txapelketari begira, Hungariako selezkioarekin lehiatu nahi du, «hautaketa irizpideengatik» batez ere. Barrutia klubeko atleta NAIZekin mintzatu da, etorkizunean non ikusten duen bere burua, atletismotik bizitzeko duen ametsaz, Teresa Errandonea atletaz, eta kirolean xehetasun txikienek duten garrantziaz, besteak beste.

Lehenik eta behin, zorionak brontzezko dominagatik. Espero zenuen ala ezustekoa izan da?

Txapelketan izena eman zutenen artean marka hoberena zuen hirugarrena nintzen, eta imajina nezakeen hori gerta zitekeela, baina azkenean halako proba batean edozer gerta daiteke, eta garrantzitsuena lasterketa izaten da. Urduri nengoen banekielako domina eskuratu ahal nuen moduan, ez eskuratzeko aukerak ere bazeudela. Beraz, hirugarren postuan geratzeak ilusio handia egin zidan, eta aldi berean, harritu ninduen nire lehen domina izan zelako.

8.38 segundotan egin zenuen, baina zure markarik onena 8.31 da. Hori lortu izanez gero, bigarrenari aurrea hartuko zenioke, 8.36 egin baitzuen. Pena horrekin geratu zara?

Pentsatu nuen nire markarik onenaren moduan korritu izan banu bigarren geratuko nintzatekeela, eta niretzako 8.31 marka oso ona da, iaz izan nuenarekin alderatuta. Baina asebeteta nago lortu dudan dominarekin: 8.38 segundotan egitea ere oso ondo dago, eta ez naiz gogoz geratu.

Halako probetan xehetasun txikienek garrantzi handia dute. Nola hobetzen dira?

Niretzako hesien proban nahiko erraza da hobetzea, distantzia oso laburra izan arren. Izan ere, edozein akats teknikorik baduzu, 60 metroetan bost hesi daude; eta horrenbestez, bost aldiz egiten baduzu huts hori, eta konpontzea lortzen baduzu, milarenak irabazten dituzu hesi bakoitzean. Eta uste dut hobetzea askoz ere errazagoa dela 60 metro hesietan, 60 metroetan baino, ez dagoelako hainbesteko marjinarik.

Berriki Euskadiko errekorra hautsi zenuen proba berean, Teresa Errandonea irundarraren marka gaindituta. Errandonea bezalako atleta baten errekorra hausteak badu esanahia. Nola ikusten duzu?

Horren inguruan pentsatu, eta esan nion neure buruari: «Kontxo! Marka bat egin dut, orain olinpikoa den neska batena baino hobea. Garai batean ni baino marka okerragoa egin zuena». Egia esan ilusioa egiten dit. Bestalde, orain uste dut lehen baino maila altuagoan dagoela; hortaz, bera Olinpiar Jokoetara joan izanak ez du esan nahi ni etorkizunean joango naizenik, baina ilusioa egingo zidan.

Errandonea da zuretzako erreferente? Edo ba al duzu besterik?

Erreferente argi bat ez daukat, baina ondo dago Teresa Errandonea bezalako neska bat egotea Euskal Herrian. Nire adina zuenean antzeko markak egin zituen, eta batzuetan Donostian lehiatzen ikusten dut. Atleta moduan oso ona da, eta pertsona moduan gertukoa eta umila da.

«Hungariarekin korritzea ilusioa egiten dit, hara soilik udaran joaten naizelako familiarekin, eta han ez dudalako ez lagunik, ezta loturarik ere»

Asteburu honetan Pista Estaliko Espainiako Txapelketa absolutua duzu Madrilen. Zein helbururekin zoaz?

Hasiera batean espero dut finalerako sailkatzea, baina absolutua denez zailagoa izango da. Hala ere, finalean sartzen saiatuko naiz, eta bertan egonda, ahalik eta postu hoberena lortzen.

Ondoren, aire librean hasiko zara lehiatzen. 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa da lehena. Zein probatan hartuko duzu parte?

100 metroko hesidunean. Hesirik gabeko probak ere egiten ditut, baina txapelketa garrantzitsuenetan hesietan aritzen naiz. Helburua izango da iazko marka hobetzea, 13.90 segundo baino gutxiago egitea, alegia. Ikusita pista estalian hiru milaren hobetu ditudala 60 metrotan, espero dut 100 metrotan pixka bat gehiago hobetzea. Ea beste dominaren bat lortzerik dudan.

Bestalde, 23 urtez azpiko Europako Txapelketan ere izango naiz. Nazionalitate bikoitza dudanez, Hungariako selekzioarekin joango nintzateke, nire ama Hungariakoa delako, eta haiekin lehiatzeko eskubidea ere badudalako. Nazionalitatea badaukat, eta orain falta zaidan gauza bakarra da atletaren lizentzia.

Zergatik hautatu duzu Hungaria?

Iaztik pentsatzen aritu nintzen, eta Espainiako Federazioaren hautaketa irizpideak zailagoak iruditzen zaizkit, uste baitut ez dutela aukera askorik ematen. Hungariakoekin hitz egin nuenean, ez dituzte irizpide berdinak jarraitzen, eta haiekin joateko arrazoietako bat hori izan zen. Beste bat da Hungaria herrialde txikiagoa dela, eta estatistikoki jende gutxiago bizi dela. Hori hala izanda ere, Hungarian atleta onak ere egongo dira, baina agian ez Espainian bezainbeste. Arrazoi horiez gain, Hungariarekin korritzea ilusioa egiten dit, hara soilik udaran joaten naizelako familiarekin, eta han ez dudalako ez lagunik, ezta loturarik ere.

Europakoan zein helburu izango dituzu?

Hori ez dut pentsatu, niretzako helburua delako, lehenik, hara joatea, oraindik lizentzia lortu behar dudalako; eta hori eginda, suposatzen dut xedea izango dela azkenaldian egiten ari naizen marken pare korritzea, nahiz eta oraindik aire librean ez dakit zein denboren tartean ibiliko naizen. Niretzat ere ziurgabetasuna da nagusi: ezagutzen ez dudan jendearekin joango nintzateke, beste hizkuntza bat hitz egiten dutena, nik ere hungariera hitz egiten dut, baina ez perfektuki... Orduan helburu nagusia izango da gustura egotea, eta ondo pasatzea. Izan ere, nire lehen nazioarteko lasterketa izango litzateke.



Pista estaliko 60 metroko hesiduna ala aire libreko 100 metrokoa aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Aire librekoarekin geratzen naiz. Esan ohi dute aire librekoa dela benetako atletismoa, Olinpiar Jokoak aire librean egiten direlako. Horrez gain, hobeto moldatzen naiz 100 metrokoan oso ondo eusten diedalako bost hesiei. Diotenez 200 metrokoa 100 metroko hesidunaren parekoa da; orokorrean azken hamar-hogei metrotan jendeari kosta egiten zaio, eta hesiekin gauza bera gertatzen da. Uste dut niri azken metroak ez zaizkidala hain luze egiten, eta normalean 60 metroko hesidunean irabazten ez dietenei, 100 metrokoan irabazten diet.

Hurrengo hilabetean 22 urte egingo dituzu, eta datorren urtean gorengo mailan lehiatu beharko duzu. Nola ikusten duzu zeure burua?

Estutasun pixka bat ematen dit orain arte denboraldiko helburu nagusia izan delako nire kategoriako txapelketetan egiten nuena, eta absoluturako marka lortzen nuenez, gorengo mailako atletekin korritzea opari bat zen. Hurrengo urtean pentsatzea soilik absolutuan korrituko dudala, eta horri begira jarriko ditugula sasoiko helburuak... Bada, beldur pixka bat ematen du. Hala ere, hau izan denez nire urte onena, hobetzen jarraitzen badut ez dut arazorik edukiko, eta ea absolutuan zerbait lortu ahal dudan.

Zuk esanda, duzun gauzarik onena genetika da, eta txarrena teknika. Behintzat, teknika hobetu daitekeen zerbait da, ezta?

Onena da oso azkarra naizela, eta orain arte nire arazoa izan da korri egiten dudan abiaduran ere saltatu behar ditudala hesiak. Nik korrika asko egiten nuen, baina gero abiadura hori ez nuen behar bezala mantentzen hesia saltatzerako garaian. Hobetu behar ditudan alor teknikoen artean daude, besteak beste, hesia saltatzerako garaian lehen hanka hobeto pasatzea, eta besoekin keinuak hobetzea enborra hainbeste biratu ez dadin. Aspektu tekniko horiek hobetzen baditut, ehunen batzuk jaitsiko ditut.

Gorka Zuazo da zure entrenatzailea, ondo moldatzen zara harekin?

14-15 urte nituela hasi nintzen Gorkarekin. Oso desberdinak gara, baina uste dut elkarrekin entrenatzen aritu garenez, ondo konpontzen garela, eta elkar ulertzen jakin dugula. Oso ondo egin du bere lana, badaudelako entrenatzaileak huts bat ikusten dutenean, beti berdin zuzentzen dizutenak. Eta uste dut Gorkak jakin duela atletaren arabera akatsa modu batera edo bestera zuzentzen.

8 urterekin hasi zinen atletismoan. Txikitatik gustatzen zitzaizun?

Bai, zenbait kiroletan aritu nintzen, adibidez, futbolean. Baloiarekin ez nintzen moldatzen, egiten nuen gauza bakarra zen alde batetik bestera ahalik eta azkarren korri egin. Azkenean atletismoa egitea erabaki nuen ikusten nuelako ondo moldatzen nintzela, eta zerbait ondo ematen zaizunean, gehiago gustatzen zaizu. Disfrutatu egiten nuen atletismoan, eta txapelketak irabazten nituenean, pozgarria zen.

«Erreferente argi bat ez daukat, baina ondo dago Teresa Errandonea bezalako neska bat egotea Euskal Herrian. Atleta moduan oso ona da, eta pertsona moduan gertukoa eta umila da»

Anaia ere atletismoan aritzen da. Familiatik dator afizioa?

Ama txikitan atletismoan aritzen zen, baina 14-15 urterekin utzi zuen. Azkenean kirola nola doan ulertzen duenez, gustatzen zitzaion, eta uste dut horrek zerikusia izan zuela gure erabakian. Ondoren, guk lehiaketetan parte hartzen genuenean, ikustera etortzen zen, eta gure aurkariekiko interes handia zuen. Nire aitak, ordea, saskibaloian jokatu zuenez, ez du kirola hainbeste ulertzen.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari zara. Nola daramazu atletismoa ikasketekin uztartzea?

Ondo moldatzen naiz, baina egia da ikastaro batzuetan praktika asko egiten genuela. Esaterako, goizean ordu eta erdi saskibaloian, eta beste ordu bat eskubaloian. Irakasleek pentsatuko zuten alferra nintzela, ikasgelan ahalik eta esfortzurik txikiena egiten nuelako, atletismoko entrenamenduetara lehertuta ez iristeko. Bestalde asko laguntzen du unibertsitatea pistatik gertu egoteak. Klase teorikoei dagokionez, entrenamenduak ulertzen ere laguntzen didate, zergatik egiten dudan egun batean gauza bat eta bestean beste bat.

Etorkizunera begira, non ikusten duzu zeure burura?

Hobetzen jarraitzea gustatuko litzaidake, eta gero, Hungariako selekzioarekin Europako txapelketaren bat korritu nahiko nuke. Horrez gain, gustatuko litzaidake nazioarteko txapelketa absoluturen batean lehiatzea.

Ametsik ba al duzu?

Uste dut lehen esan dudana izango litzatekeela ametsa. Ez da batere burugabea, baina duela bost urte ere ez nuen pentsatuko dominarik aterako nuenik. Pentsatzen dut ametsa honetatik bizitzea litzatekeela, baina errealista izanda oso zaila da.

Zergatik?

Atletismoa ez da futbola bezalakoa, gizonezkoena, hirugarren mailakoa izanik soldata bat duzula. Atletismotik bizi den pertsona bat da Ana Peleteiro, Olinpiar Jokoetan hirugarren postuan geratu dena —2020an eskuratu zuen jauzi hirukoitzean—, eta horretarako lan asko egin behar da.