Azken orduko aldaketa batekin dator larubatean Labriten ligaxkako azken aurreko jardunaldia irekiko duen partida, izan ere Peio Etxeberriak ez du, ezkerreko eskuko minaren erruz, jokatzerik izango eta Iker Irribarria aramarra izango da Beñat Rezustarekin batera Unai Laso eta Iosu Eskirozen aurka arituko dena. Bederatzigarren jardunaldian Aitor Elordi ordezkatu zuen aramarrak eta oso itxura ona eman zuen Urdulizen, Zabaletarekin batera, urtarrilaren 20an Ezkurdia eta Martijari 22-11 irabazita. Bergarakoarekin bikotea osatzea ez da berria goierritarrarentzat, 2017ko txapela elkarrekin jantzi baitzuten, finalean Bengoetxea VI.a-Larunberi gailenduta.
Puntu guztiek berdin balio badute ere, konpriso askoz handiagoko dema izango du Iker Irribarriak larunbat honetan, egin beharreko ordezkapena oso une larrian baitator bikote titularrarentzat. Txapelketa oso gorabeheratsu batean, azken lau partidak galdu dituzte Peio Etxeberria-Rezustak eta play offetan sartzea ere zail dakieke bolada txar oni amaiera ematen ez badiete. Hori bai, garaipenak lehen sei onenen artean egotea bermatuko lieke.
Zerbait hobea da Unai Laso eta Ander Imazen egoera, baina hauei ere gauzak nahi baino gehiago zaildu zaizkie azken hiru partidetan garaipenik pilatu gabe. Bigarren astez jarraian, Iosu Eskirozek ordezkatuko du atzean eskuina osatu ezinda dabilen Ander Imaz eta, azkenerako ezer larririk ez duen arren, Bizkarreta-Gerendiaingoak ere zalantzak izan ditu, larunbatean ezker belaunean hartutako kolpe gogorraren ondoren. Egindako proba medikuek ezer larririk ez duela baieztatu ondoren, egungo buruz buruko txapelduna jokatzeko moduan izango da, nahiz eta azken egunetan molestia batzuk izan dituen.
Artola, bueltan
Ezker iztarreko koadrizepsean izan zuen gihar haustura gaindituta, Iñaki Artola prest da berriz ere pilotalekuetara itzultzeko. Alegiarrak Zubizarreta III.a ordezkatuko du larunbat honetan Labriten, Binakako Promozio Txapelketako norgehiagokan, Uriondorekin batera, Victor-Bikuña bikotearen aurka jokatuko du.