NAIZ

Jardun koordinadorak Aberri Egunerako dei egin du: «Ukazioaren aurrean, askatasuna!»

Apirilaren 9an Gernika-Lumon egingo den Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu dio Jardun koordinadorak «Euskal Herriko langile orori». «Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta egoera klase gatazkaren ondorio eta isla dira, aldi berean», nabarmendu du aurkezpen prentsaurrekoan. 

Jardun koordinadorak Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du larunbat honetan Gernika-Lumon.
Jardun koordinadorak Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du larunbat honetan Gernika-Lumon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Jardun koordinadorak Aberri Egunean parte hartzera animatu du Gernika-Lumon. Herri honetan egingo da, heldu den apirilaren 9an. «Ukazioaren aurrean, Euskal Herriak askatasuna!», aldarrikatuko dute bertan.

Koordinadorak azaldu duenez, antolakuntza eta mobilizazioa dira «zapalketa iraultzeko tresnarik garrantzitsuenak. Aberri Eguna, Euskal Herri Langilearen identitatea aldarrikatuz, bere suntsiketara bideratutako estrategiari aurre egiteko eguna dugu. Aldarrikapenaren bitartez kontzientziazioari ekiteko eguna. Langileok banatuta eta esplotatuta mantendu nahi gaituztenen jazarpenaren aurrean, elkartasunerako eta batasunerako eguna dugu. Euskal Herri Langileak Euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntzan aurrerapausoak eman, eta antolaketa marko propioen bitartez hau eraikitzeko gurarian berresteko eguna, alegia».

Azpimarratu duenez, ukazioa da espainiar eta frantziar estatu kapitalistek Euskal Herriaren aurka baliatzen duten arma nagusia. Horien arabera, Euskal Herria ez da existitzen.

Bestalde, «langileak merkantzia hutsa dira estatu kapitalisten begietan, identitate nazionala merkatu bateratua erdiesteko oztopo den heinean. Merkatu bateratua indartzeko eskulanaren homogeneizazioa lortze aldera, identitatearen elementuak suntsitu eta azpiratutako herri langileen kontzientzia nazionala asimilatzeko eta hauek alienatzeko mekanismoak jartzen dituzte martxan. Horretarako, nazio identitatearen oinarri diren elementuen aurka jotzen dute etengabe».

Erantsi duenez, «euskal kultura instituzionalismoaren bitartez folklorera kondenatzen dihardute». Euskararen egoera ez da hobea, «estatuek ondo neurtutako hizkuntza politikak baliatzen baitituzte diglosi egoera sustatzeko».

Klase zapalkuntzaren baitan

Jardun koordinadoraren ustez, «Euskal Herri langileak pairatzen duen klase zapalkuntzaren baitan ulertu behar da nazio auzia; espainiar eta frantziar estatuen burgesiaren proiektu politikoaren gauzapenerako traba direnez gero, honen aurka jotzen baitute jomuga gisa».

Ez dute ahazten «euskal burgesiak jokatzen duen konplize papera». Izan ere, «langileen arteko banaketa sustatzeko eta, aldi berean, estatuetako burgesiarekin mantentzen duen deman hobariak lortzeko presio elementu gisa baliatzen du nazio auzia». Jardunek argi du: «Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta egoera klase gatazkaren ondorio eta isla dira, aldi berean».