NAIZ
Donostia

Kantujira, ‘Egunkaria’ itxi ostean 20 urtez Donostiako kaleetan identitatea elikatzen

Hogei urte bete dira ‘Euskaldunon Egunkariaren’ itxieraren ondotik modu espontaneoan sortu ziren protesten artean jaio zela Donostian Kantujira. Herri ekimena, kalea hartu eta taldean euskaraz kantatzeko. Gaur, imajinaezina da hileroko hirugarren larunbatean Alde Zaharrean haien ahotsak ez aditzea.

Larunbat honetakoa edizio arras berezia da, bi hamarkada ospatu baitituzte.
Larunbat honetakoa edizio arras berezia da, bi hamarkada ospatu baitituzte. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Injustizia baten ondotik sortu zen Kantu Jira Donostian. 2003ko otsaila zen, eta egun batzuk lehenago Guardia Zibilak ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zuen Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Euskal Herria zutitu egin zen hamaika modutara protesta eginez. Samina zegoen, eta sugar haietan Donostian Kantuz ekimenak proposamena egin zuen: modu baketsuan baina aldarrikatzailean salatzea bidegabekeria.

Taldean, kaleak hartu eta euskaraz abestea zen ekintzaren funtsa. Aberria, kultura, identitatea, kolektibotasuna. Hogei urte igaro dira geroztik, eta pandemiak baino ez du lortu bide eder horretan pausa txiki bat egitea. Bestela, salbuespenik gabe hilero-hilero, hirugarren larunbatetan, Donostiako Alde Zaharra hartzen du Kantu Jirak.

Larunbat honetakoa edizio arras berezia da, bi hamarkada ospatu baitituzte. Mari Luz Esteban antropologo eta idazleak irakurri du Konstituzio enparantzan urteurrenaren harira manifestua. Ekimenaren balio goraipatzeko, duen berezko balioa oroitzeko. Kantu Jirak ber ebaitan duena zera delako: herri hondarea, herri kantutegia dena, zaintzeko misioa. Hori praktikan jartzean «identitate kolektibo bat ere jorratzen dugula» defendatu du.

«Kantatzen dugunean gorputz osoa zabaltzen dugu, eta horrek plazer handia ematen du. Taldean kantatzea eta elkarri entzutea dibertigarria eta plazenteroa da», aldarrikatu du, lantzen delako ere alde emozionala eta afektiboa kantu konpartituaren bidez.

Kantujiraren jatorriari erreparatuz gero, herri-mugimendutik ere baduela esan du. «Instituzio baten menpe ez dagoen herri-mugimendu bat, mugimendu autogestionatua» da.

Ekimenaren etorkizunaz

Kantujirako partaide edonor izan daitekeen arren, oroitu du Estebanek, onartu du bertan aritzen direnak, ia guztiak, adindun pertsonak direla. Baldintza bakarra baino ez da bete behar: «Euskaraz kantatzea gustoko izatea».

«Adin batera heldu garen emakumeok eta gizonok egoten gara, bizi-maila ez oso txarra daukagunok; asko jubilatuta zaudete, esparru oso desberdinetan lan egin duzue: administrazioa, banka, hezkuntza, merkataritza, industria, kultura… Guztiok dugu kantatzeko zaletasuna eta batzuek ezagutza handia duzue bai euskal kulturaz baita musikagintzaz eta kantuez ere».

Idazlearen aburuz, «adin bat edukitzeak izaera berezia ematen dio Kantujirari, adineko pertsonak, orokorrean, ez baitaude oso ikusgai gizartean, are gutxiago taldean». Horragetik, uste du Kantujira ere badela «zaharrak kalean presente egiteko aitzakia eta aukera ezin hobea».

Datozen belaunaldiez, hausnarketa egin du: «Gazte gutxi batzuek Kantujiran kantatzen duzue eta Aste Nagusian gazte talde batek bat egiten du gurekin. Gazterik ez egotea faktore askorekin dago lotua: beste musika mota bat gustatzen zaie edota larunbat eguerdia ez da oso ordu aproposa beraientzat», adierazi du.

Etorkizunaz «nork daki zer gertatuko den», dio, baina itxaropentsu agertu da Mari Luz Esteban antropologoa: «ez dakigu hurrengo belaunaldiek beste formula batzuk asmatuko dituzten kalean elkarrekin kantatzeko. Ziur ez dela hain erraz amaituko euskaldunok kalean kantatzeko dugun ohitura».

Ekimenak erroan badu printzipio bat, funtsezkoa, eta hori da inportantea: «Hemen gaudenok elkarrekin kantatzen dugunean etorkizun kolektibo bat imajinatzen dugu, elikatzen dugu».

Euskararen eta Kantujiraren alde topa eginez borobildu dute XX. urteurrenaren edizioa.