Nerea Lauzirika
Bilbo

Lan beraren truke soldata berdina kobratzea eskatu die LABek Lakuako Gobernuari eta Confebaski

Soldata arrakalaren aurkako egunean, Lakuako Gobernuari eta Confebaski lan bera egiteagatik soldata berdina kobratzea galdegiteko mobilizazioa egin du LABek Bilbon. Manifestazioa egin dute eta Confebaskeko egoitzako sarrera blokeatu dute, ondoren.

LABek Confebasken egoitzaren sarrera blokeatu du.
LABek Confebasken egoitzaren sarrera blokeatu du. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzatik abiatu da LABek deitutako mobilizazioa, eta Confebasken egoitzaren atarian bukatu. Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalaren eguna izanik, bi erakundeen afera honetan duten erantzukizuna nabarmendu nahi izan du sindikatuak, eta lan bera egiteagatik soldata berdina kobratzea eskatu die. Manifestazioaren bukaeran Confebaskeko egoitzaren sarrera blokeatu dute zenbait minutuz.

«Soldata arrakala datu ofizialek esaten digutena baino askoz ere altuagoa da, sektore feminizatu eta maskulinizatuen artean egiten badugu konparaketa, kasu batzuetan %90era iristen baita», azaldu du Maddi Isasi LABeko Idazkari Feministak.

Datu zehatzak ere eman ditu, salatuz Gipuzkoan eraikuntzako biltegiko peoiek, adinekoen egoitzetako pareko kategoriako langileek baino %90,30 gehiago kobratzen dutela.

Isasik gehienetan emakumeek egiten dituzten lan erreproduktiboek bizitza sostengatzen dutela adierazi du, gaineratuz normalean gizonek egiten dituzten lan produktiboek duten balio bera dutela.

Idazkari Feministak sindikatuaren aldarrikapenak ere zerrendatu ditu, hala nola, sexuaren araberako lan banaketa apurtzea, emakumeen lanaren debaluazioan patronalak zein instituzioek duten ardura haien gain hartzea, zaintzarako euskal sistema publiko-komunitarioa sortzea edo emakume migratu eta arrazializatuen egoeraren inguruko datuak jasotzea.