NAIZ

Women Winter Series txapelketa, azken urteetako «aurrerapauso itzelaren» erakusle

Lehendabiziko aldiz, Women Winter Series zesta-puntako txapelketa jokatuko da. Eraberritutako Ezkurdi pilotalekuan jokatuko dira partidak, hiru astez. Astelehenetan jokatuko dira partidak eta final handia martxoaren 13an izango da.

Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egin dute aurkezpena.
Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egin dute aurkezpena. (DURANGOKO UDALA)

Azken urteetan eman den «aurrerapauso itzelari» esker, aurreneko aldiz, emakume puntistek txapelketa propio bat lehiatuko dute. Hiru asteko iraupena izango du eta gizonezkoetan hain harrera izan duen Jai Alai Winter Series-aren itxura izango du: Women Winter Series modura deitu dute. Kasu honetan, baina, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko dira partidak, hiru astelehenez. Denera, lau bikotek neurtuko dituzte indarrak.

Lehendabiziko partida otsailaren 27an jokatuko da; bigarrengoa, martxoaren 6an eta final handia, hilaren 13an. Partida guztiak 19.00etan hasiko dira eta Women Winter Serieseko lehiaren ostean, gizonezkoen banakako partida lehiatuko da, final four moduko txapelketa batean (Imano Lopez, Xabi Barandika, Aritz Erkiaga eta Johan Sorozabal).

Eneritz Lizardi, zirkuitoko beteranoa (18 urte) eta Munduko txapelduna da txapelketako izen propioetako bat. Helena Barrenetxea durangarrarekin osatuko du bikotea. Maite Ortiz de Mendibilek, mutrikuarrarekin batera Munduko txapelketan urrezko domina eskuratu zuen puntistak, bestalde, Maialen Aldazabal izango du bikote. 

Erika Mugartegi markinarra eta Frida Watkins zumaiarra dira txapelketako gazteenak (15 urte) eta Arai Lejardi eta Ihart Arakistan izango dute bikote, hurrenez hurren.

Arakistain-Watkins eta Ortiz de Mendibil-Aldazabalen lehiarekin abiatuko da txapelketa eta hurrengo astean, Mugartegi-Lejardi eta Barrenetxea-Lizardik neurtuko dituzte indarrak. Irabazleak finalean, martxoaren 13an, arituko dira nor baino nor. Partida guztiak, EITBk emango ditu, zuzeneko faltsuan, 22.30etatik aurrera.

Sarrerak jada salgai daude esteka honetan. Txapelketa osorako bonoak daude eskuragarri 30 euroren truke. Gainontzean, jardunaldi bakoitzerako sarrerek 10 euro balio dute eta finalekoek, 15 euro.

Women Winter Series

Otsailaren 27an, Arakistain-Watkins vs. Ortiz de Mendibil-Aldazabal (19.00etan, Ezkurdin)

Martxoaren 6an, Mugartegi-Lejardi vs. Barrenetxea-Lizardi (19.00etan, Ezkurdin)

Martxoaren 13an, finalak (19.00etan, Ezkurdin)