NAIZ

CAFek 52 milioi euro irabazi zituen 2022an, %39 gutxiago, inflazioagatik

CAF trengintza enpresak 52 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %39 gutxiago, inflazioa dela eta. Hala ere, 6.000 milioi euro baino gehiagoko kontratazioa eta 3.000 milioi euroko salmentak izan zituen.

CAFek Oslon, Norvegian, egindako tranbia.
CAFek Oslon, Norvegian, egindako tranbia. (CAF | Europa Press)

CAFek 52 milioi euroko etekin garbi egozgarria izan zuen 2022an, hau da, aurreko urtean izandako irabaziekin alderatuta, %39ko jaitsiera, inflazioaren eta lehengaien krisiaren eraginez, Beasainen egoitza duen tren eta autobusen enpresa fabrikatzailearen emaitzen kontuan agertzen denez.

Horrekin batera, salmentetan 3.000 milioi euro gainditu ditu bere historian lehen aldiz, inflazioak eta osagaien gabeziak eragina izan duten arren. Egoera ekonomikoa dela eta, mitigazio plan batean oinarritu dira inpaktua gutxituz eta proiektu errentagarriak hautatuz, besteak beste. Cash-flow delakoa positiboa izan duela, taldeak finantza posizio egonkorra duela eta balantzea kontrolpean dagoela ere ziurtatu du.

Gainera, munduko beste toki batzuetan lortutako kontratuak nabarmendu ditu. Tartean, Tel-Aviveko tren arinaren proiektu integrala; Bostonen (AEB) egindako gidatze simulagailua, parkeko piezak, erreminta bereziak eta entsegu ekipoak; Herbehereetan egindako 60 tren unitateak; Suediako 25 unitateak; Estatu espainolerako 28 tren elektriko, eta Solaris enpresa filialak Oslorako egindako zero isuriko 183 autobusak.

Solarisen jarduera da, hain zuzen, nabarmendu duen alderdietako beste bat. Txostenean dioenez, urtean zehar 1.492 autobus entregatu zituen iaz, «hornidura katearen krisiak jardueraren garapenean inpaktu materiala izan duen arren». Halaber, zero isuriko autobusen igoera azpimarratu du CAFek, eta bere filiala mota honetako autobusen «lider historikoa» bihurtu dela.

2023ari begira, trena gutxien kutsatzen duen garraiobidea denez, etorkizun positiboa aurreikusten du CAFek. Hortaz, errentagarritasuna suspertzeko helburua ezarri du, besteak beste, salmentak %10 eta %15 artean igota eta kontratazio selektiboarekin jarraituz.