NAIZ

Euskadiko Arkitektura Institutuak hartuko ditu Luis Peña Ganchegui arkitektoaren funtsak

Peña Ganchegi Artxiboak 75.000 agiritik gora biltzen ditu eta, udatik aurrera, Euskadiko Arkitektura Institutuak hartuko ditu. Agiriak herritarren eskura egongo direla eta erakusketa gune iraunkor bat osatuko dutela aurreratu dute.

‘Haizearen Orrazia’-ren plaza Peña Gancheguik diseinatu zuen. (Jon URBE | FOKU)
‘Haizearen Orrazia’-ren plaza Peña Gancheguik diseinatu zuen. (Jon URBE | FOKU)

XX. mendearen bigarren erdian eragin handia izan zuen euskal arkitektoa izan zen Luis Peña Ganchegui eta bere funtsa 75.000 agirik osatzen dute. Orain arte Donostiako Santa Teresa komentu zaharrean jaso dira dokumentu hauek baina, «uda aurretik», Euskadiko Arkitektura Institutuaren eskuetan geratuko direla aurreratu dute ostiral goiz honetan Donostian egin duten agerraldian.

Euskadiko Arkitektura Institutuak hartuko dituen agirien artean 287 proiektutako 6.842 plano eta 1.651 krokis original daude, bai eta formatu ezberdinetako 7.233 argazki eta agiri idatziak ere, 60.000 orritik gora. Funts guztiak egongo dira herritarren eskura (ordua aurretik eskatuta* kontsultatu ahal izango dituzte), «arkitektoaren erreferentzien eta kezka kulturalen unibertso zabala erakusteko helburuarekin», aurreratu dutenez.

Erakusketa iraunkorra

Euskal arkitektoaren ibilbidearen alderdi ezberdinak ezagutzera emateko erakusketa-espazio iraunkor bat ere osatuko dutela jakinarazi dute.

Luis Peña Ganchegui (Oñati, 1926 - Donostia, 2009) Donostian jarri zen bizitzen ikasketak Madrilen egin ondoren. Lehenengo lana, Vista Alegre dorrea (Zarautz, 1959), egin zuenetik aintzatespen handia izan zuen, eta Trinitate Plaza (Donostia, 1963) eta Haizearen Orraziko plaza (Donostia, 1976) eraiki zituenean berretsi zitzaion ospea.

Batez ere etxebizitza-eraikinak, ekipamendu publikoak eta industriarako eraikinak egin zituen, eta bere obrak arkitektura modernoa Euskal Herriko herri eta hirien eta landaren fisionomiara egokitzeko beharrezko printzipioak definitzen ditu.

Euskal Herriko Arkitektura Eskolaren fundatzailea izan zen Peña Ganchegui eta hainbat sari eskuratu zituen, besteak beste Munibe saria (1997), Antonio Camuñas saria (1999) eta Estatu espainoleko Arkitekturaren Urrezko Domina (2004).