NAIZ

Ernesto Valverde: «Ez gaude Ligan despistatzeko moduan»

Kopako finalerdien atarian, zurigorriek Girona hartuko dute igande honetan bazkalorduan San Mamesen eta, joaneko partida eskasa gogoan, entrenatzaileak zentzu guztiak partida honetan jartzeko eskatu du.

Ernesto Valverdek ez du bere taldea despitatzerik nahi.
Ernesto Valverdek ez du bere taldea despitatzerik nahi. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Zale zurigorri askoren amets eta ilusio gehienak Osasunaren aurkako Kopa finalerdietan badaude ere, Athleticek beste partida garrantzitsu bat jokatuko du igande honetan bazkalorduan (14.00) Gironaren aurka etxean. Inor despita ez dadin, Ernesto Valverdek argi utzi nahi izan du berak biharko partidari ematen dion garrantzia. «Ligan ez gaude despistatzeko moduan. Ez nago Osasunaren aurkako partidan pentsatzen, baizik eta Gironaren aurkakoan», azaldu du gasteiztarrak.

Gainera, jokalariak xaxatzeko edo, lehen itzulian Montilivin jokatutako partida gogoratu nahi izan du: «Oso, oso, oso gaizki jokatu genuen. Memorian iltzatuta daukat partida hura –2-1 galdu zuen Athleticek– eta ez zen bakarrik euren meritua izan, guk ere gauzak oso erraz ipini genizkien». Valverdek azaldu duenez, Girona «talde handi bat da, Michel entrenatzailea estimu handian daukat eta Oriol Romeuren fitxaketak asko eman die, sendotasun ikaragarria eman die».

Aurkarien inguruan nabarmendu du «arriskuak hartzen dituen talde bat» dela, «baina arrisku horiek zentzuz hartzen ditu. Baloiaren jabetza izatea bilatzen du, baina aurrera bizkor irteteari muzin egin gabe, hegalekoek asko egiten dute gora eta erasora jokalari askorekin joaten dira».

Etxean otso

Aurkariaren dohainak asko diren arren, entrenatzaile zurigorriak argi dauka Athleticek etxean jokatzen duela oso argi utzi behar duela lehen unetik. Urrutiegira joan gabe, Gironak bi aldiz jokatu du San Mamesen, golik sartu eta punturik batu gabe.

«Beti izan gara oso talde sendoa San Mamesen eta horrek izan behar du gure abiapuntua. Aurkariak gure beldur izatea, kakotxen artean, ona da guretzat, baina lehen minututik guk sortu behar diogu errespetu hori. Garrantzitsua da etxean sendoa den talde bat izatea», azaldu du, Europako lehian sartuta egoteko Bilboko partidek izango duten pisua nabarmenduz.

Simon, hasieratik berriro

Entrenatzaile askok eurentzat nahiko luketen «arazo» bat dauka Ernesto Valverdek, berme osoko bi atezain handi izanda taldean. Batzuetan, halere, ez da erraza izaten minutuak banatzea bietako batek lehiakortasunik galdu gabe baina, zorionez, zurigorrien entrenatzailea ondo ari da kudeatzen liskar iturri izan zitekeen gertaera hau. Gauzak horrela, aurreko jardunaldian, Koparako sasoian egon ahal izateko asmoarekin, Atletico Madrilen aurka Julen Agirrezabalak jokatu bazuen, Ernesto Valverdek iragarri duenez, Gironaren aurka Unai Simon hasierako hamaikakora itzuliko da.

«Simon eta beste hamar» horixe esan genezake, beraz, gasteiztarrak bihar eguerdian zelairatuko duen taldearen inguruan, deialdirik ere ez baitu luzatu, zenbait zalantza dituenez partida hasi baino ordu batzuk lehenago ez baitu zerrendarik osatuko. Azken astean euren lesioetan hobekuntzak izan dituzten arren, ez dirudi entrenatzaile zurigorriak Ander Herrera eta Iñigo Martinez deituko dituenik.

Azken orduko zalantza horiekin gertatzen denaren zain, ziurra dena da Ander Capak eta txartelengatik zigortuta dagoen Dani Vivianek ez dutela jokatzerik izango eta Aitor Paredes gazteak ordezkatuko duela azken hau. Orain arte geratutakoarekin, posible da Valverdek Iker Muniain eta Oihan Sancet batera jartzea zelai erdian, erasoaren ardura euren bizkar utzita.