Jon Ormazabal

Sotamanoka hasi zuen ibilbidea era berean itxi du Irribarriak Labriten

Aramarrak aspaldiko partidarik onena jokatu du bere Iruñeko agurrean eta Rezustarekin batera lortutako garaipenak erabakita utzi ditu play offetako kanporaketak. Aspekoekin batera, Laso-Imazek jokatuko dute finalerdietarako txartela ematen duen lehia.

Partida handia jokatuta agurtu du Irribarriak Labrit.
Partida handia jokatuta agurtu du Irribarriak Labrit. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Hemendik urte batzuetara Iker Irribarriaz galdetuta, bere txapelez harago, pilotazale gehienek Labriten 2016ko apirilaren 30ean, Manomanistako final laurdenetako partidan Aimar Olaizolaren 1-6ko sotamano hura izango dute gogoan, askorentzat inoiz jo den pilotakadarik ikaragarriena. Zazpi urte ere ez dira pasa ordutik, baina dagoeneko aramarrak ez ditu halako gehiago joko, hori bai, despedida moduan edo, sotamanoka eta aspaldiko partidarik onena jokatuz agurtu du goierritarrak pilotaren olinpora igo zuen pilotalekua, bide batez, bere enpresari eta Binakako txapela jantzi zuenean atzelari izan zuen Beñat Rezustari azkeneko zerbitzua eskainita. Emaitza honekin, bihar Astelenan gertatzen dena gertatzen dela,  play offetako kanporaketak zehaztuta daude eta Peio Etxeberria-Rezustak Laso-Imazen aurka jokatuko dute ostiralean Zornotzan –irabazlea zuzenean joango da finalerdietara– eta galtzaile izan diren Peña-Mariezkurrenak Urrutikoetxea-Albisu izango dituzte parean ordu berean Zumaian.

Txapelketan azken bi jardunaldietan, baina bereziki gaur Labriten, emandako maila ikusita, are penagarriagoa egiten zaigu Iker Irribarriak pilota uzteko hartutako erabakia, baina baina bere onerako izango dela sinetsita ontzat eman beharrean gaude, nahiz eta faltan botako dugun pilota erraztasun horrekin atzeratzeko gai den pilotari bat gure kantxetan.

Aramarraren eskuin belauna izango da plazer hori gabe utziko gaituena, baina pilotariak berak asteazkenean Eibarren aitortu bezala, bere buruaren gain sentitu duen presio horrek ere, –«espektatibak ez betetzearen garratza» aipatu zuen– kantxan gozatzea eta gozaraztea eragotzi dio goierritarrari. 

Libre

Erabakia hartzeak nolabaiteko liberazio bat sortu diola ere aitortu zuen Iker Irribarriak ondo prestatua zuen agurreko hitzaldian eta kanxan ere igarri zaio azken bi asteetan. Libre, inori ezer erakutsi beharrik gabe sentitu denean itzuli da aspaldiko Irribarriarik onena, eta gaur ere partida ikusgarria osatu du, 19 urterekin, ezer galtzekorik gabe, Buruz Buruko gogoangarri hartan, Arretxe, Jaunarena, Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxea gainetik kendu zituenean bezala.

Binakakoa zuen atzogaurkoko partida, baina bere hasiera hartako dohain guztiak erakusteko balio izan dio. Partida hasieran sotamanoka eutsi die Tolosatik indartsu zetozen Peña-Mariezkurrenari, baita pilota bikain atzeratuz, Berriozarreko atzelariari pausua aldatu ere, nafarraren hutsak behartuz. Tolosan bezala, hasiera kezkagarria izan du Mariezkurrenak, asko jo baina era berean asko galdu duelako, baina Beotibarren zuzentzea lortu bazuen, gaurkoan behera egin du nabarmen bigarren erdian Rezusta bizi baten defentsa izugarriaren aurrean, eta konfiantzaren depositoa zulatuta helduko da datorren asteburu erabakigarria.

Eta hori, Jon Ander Peñak ederki lagundu diola. Asteartean bezala, tolosarrak aukerarik txikiena nahikoa izan du tantoa bikain amaitzeko, baina bigarren parte horretan erabat desagertu da, bere atzelariarekin batera.

Izan ere, burua gorputza bezain garrantzitsua izaten da goi mailako kirolean eta Irribarria hazi den bitartean, presioak eta ezinak jota, Baikokoak uzkurtu egin dira. Azken txanpa horretan aramarrak aspaldi ez bezala gozatu eta gozarazi du, erasoan kamuts ibilitako garaiak ahaztu eta boleaz, gantxoz eta dejadaz ale ederrak utziz. Labriten gehiago ez jokatzeak pena handia eman behar du, baina hala uzteak baita poza eta harrotasuna ere.

PARTIDAKO FITXA:

Irribarria-Rezusta: 22

Peña-Mariezkurrena: 10

Pilotakadak: 567. Iraupena: 52,37 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 4-2, 4-4, 6-4, 6-5, 8-5, 8-6, 10-6, 10-7, 11-7, 11-8, 12-8, 12-10, 22-10. Sakeak: 3 Irribarriak eta 0 Peñak.  Egindakoak: 9 Irribarriak, 1 Rezustak, 7 Peñak eta 0 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 2 Irribarriak, 1 Rezustak, 1 Peñak eta 8 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, berriz ere bete zen Labrit. Azken sakean txaloka eta zutik agurtu zuten pilotazaleek Iker Irribarria bertan jokatutako azken partidan.

Jaka-Aranguren, harrotasunez

Sailkapenean ezer gutxirako balioko die, baina Jaka eta Arangurenek ere badute Binakako hau harrotasunez uzteko motiborik, aste berean sailkapeneko lehen bi bikoteei irabazita. Partida nahiko arraro batean, 22-18 irabazi diete Elordi-Zabaletari.

Lur oso bizikoa da Valladolideko kantxa eta deseroso aritu da oso Jose Javier Zabaleta bertan. Denera zazpi pilota galdu eta bost sake utzi ditu eramateke, horietako gehienak hasiera partean. Hala ere, partida kontrolpean zutela ematen zuen 17-11 aurreratu direnean baina Jaka-Arangurenek ez dute etsi eta saria izan zuten.

PARTIDAKO FITXA:

Jaka-Aranguren: 22

Elordi-Zabaleta: 18

Pilotakadak: 517. Iraupena: 67 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-3, 5-3, 5-4, 9-4, 9-10, 11-10, 11-17, 21-17, 21-18, 22-18. Sakeak: 5 Jakak eta 2 Elordik.  Egindakoak: 5 Jakak, 1 Arangurenek, 7 Elordik eta 2 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Jakak, 3 Arangurenek, 4 Elordik eta 7 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera polita Iscarreko pilotaleku bizian.