Nagore Belastegi Martin

Bigarren eskukoa: merkea, ekologikoa eta modan

Moda azkarraren garaian, ikasi dugu kontsumo joera horrek izugarri kutsatzen duela. Planetari minik eman gabe armairua berritu nahi badugu, bigarren eskua da aukera bakarra. Denda handi eta txiki batekin hitz egin dugu, euren ikuspuntua ezagutzeko.

Santurtzin Kooperak duen denda.
Santurtzin Kooperak duen denda. (KOOPERA)

Euskal Herrian pixkanaka hasi da zabaltzen bigarren eskuko merkatua, baina oraindik ere, beste herrialde batzuekin konparatuta, oso atzean gaude. Ameriketako Estatu Batuetan, Britainia Handian edo Europako beste herrialde batzuetan ohikoak dira flea market eta thrift store direlakoak, alegia, bigarren eskuko salmentarako eta trukerako merkatuak edo dendak. Gurean, batez ere hirietan, horrelako gutxi batzuk ere badaude.

Bigarren eskuko autoak erostea ondo ikusita egon bada beti; erabilitako arropa erostea maila ekonomiko baxuarekin lotu izan da. Gizarte modernoak, berriz, aukerak ikusi dizkio bigarren eskukoari. Internet bidez norbanakoen arteko salerosketarako plataformak asko erabiltzen dira. Alde batetik, egoera onean dauden produktuak prezio merkeagoan erosteko aukera dagoelako. Bestetik, bildumazaletasunerako aukerak biderkatzen direlako. Azkenik, ikuspuntu ekologikoak gero eta indar handiagoa dauka. Izan ere, hiperkontsumismoaren garai honetan, denboraldi bakoitzean arropa berria erosten dugun garai honetan, aurretik erabilia izan dena erosita ez diogu planetari minik eragiten.

Bigarren eskuko arropa denda desberdinak daude. Handiak izan daitezke, karitatera bideratutakoak, jantzi motaren arabera katalogatu eta merke saltzen dutenak... Edo txikiak, herrietakoak, ikuspuntu ekologikoa buruan izanik, produktu bereziak bildu eta saltzen dituztenak...

Horietako banarekin izan gara. Koopera Storek Estatu espainoleko hainbat puntutan ditu saltokiak, baita Euskal Herrian ere. Caritas erakundearen parte izanik, haren helburu nagusia solidarioa da: pertsonen gizarteratzea eta ingurumenaren zaintza. Jasotako dirua bi helburu horiek aintzat hartzen dituzten proiektuak garatzeko erabiltzen dute.

Kooperatik kontatu digute gero eta normalagoa dela herritarrak bigarren eskuko denda batera sartzea eta beren look-ak han osatzea. «Egia da oraindik ez gaudela Europar Batasunaren mailan, baina pixkanaka jendea kontzientzia hartzen ari da», adierazi dute.

Horrek zuzenean euren bezeroaren profilean eragin du. Duela hamar bat urte, bezero profila emakumea, 50-60 urte bitartekoa eta Caritas ondo ezagutzen zuena zen. Egun, bezeroen heren batek 25 urte baino gutxiago ditu, eta sexu aldetik parekatzen ari dira. Bigarren eskuko merkatura jotzeko arrazoiak ere aldatu dira. Lehen arlo soziala soilik zuten presente, eta orain ingurumena, moda edota esklusibotasuna bilatzen dute.

Ekologismoak gora egin duen bezala, besteei laguntzeko nahiak ere gora egin du. Horri esker, gero eta donazio gehiago jasotzen dituzte herrietan jarritako edukiontzietan, eta horrela entrega sozial gehiago egin ditzakete. Hori arropa erosi ezin dutenentzako zerbitzua da, doakoa; behar duten pertsonek txartelak eskuratzen dituzte Kooperako dendetan trukatu ahal izateko. «Horrela duintasunez egiten da arropa dohaintza hori, eta pertsonak desestigmatizatzen ditugu», azaldu dute.

Erosteko modu berriak

Bezeroak Koopera dendetatik astean behin baino gehiagotan pasatzen dira batzuetan, badakitelako bertako produktuak etengabe errotazioan daudela eta beti aurkituko dituztela gauza berriak. Are gehiago vintage jantziak bilatzen dituztenen kasuan, jantzi esklusiboak direlako eta eskaintza txikiagoa delako. Dendara bisita egitea eta batzuetan gustuko duten zerbait aurkitzea esperientzia gozagarria da askorentzat.

Dendetan familia osoarentzako produktuak aurkitu daitezke, estilo askotarikoak. «Goitik behera jantzi ahal zara, osagarriak barne, 30 euro besterik ez gastatuta», baieztatu dute Kooperan. «Gure dendetako prezioak ahalik eta baxuenak dira; betiere proiektua sustengantzea bermatuta», esan dute. Hala, arropa jaso, katalogatu, garbitu, banatu eta saltzeko jendea kontratatzen dute insertzio lanpostuak sortuz.

Joera aldaketak direla eta, gero eta aurreiritzi gutxiago dago bigarren eskuko arropa erosteari buruz. «Egun, arropa desberdinak janzteak ‘berezia’ egiten zaitu, eta hori asko baloratzen da. Gure kasuan, pieza berezi hori prezio baxuan eskuratzea ez ezik, gizarte ekintza bati laguntzea ere bada abantaila», aipatu dute.

Noizean behin «altxor txikiak» diren piezak iristen zaizkie: markarengatik edo produktu motarengatik berez garestiagoak direnak. Kasu horietan denda arruntetan saltzen dituzte, baina VIP atalean.

Koopera Store batean erosteko esperientzia beste edozein dendatan erostekoaren parekoa da. «Irudia eta marka asko zaintzen saiatzen gara, gure bezeroen erosketa esperientzia ahalik eta erosoena eta politena izan dadin. Dendak zaintzen ditugu, arropa koloreen arabera antolatzen dugu, bisualki polita izan dadin. Arlo komertzialaz hitz egiten badugu, gainerako dendetan bezala, fidelizazio programa bat dugu, non gure bezeroek deskontu zuzenez, promozio bereziez eta beste hainbat abantailaz goza dezaketen», azaldu dute. Bezeroak behin eta berriro dendara itzultzea da helburua.

10.000 kilo arropa egunean

Esan bezala, Kooperak Estatu espainoleko hainbat udalerritan kokatutako edukiontzien bidez jasotzen du arropa. Egunero 10.000 kilo arropa jasotzen dute. Denboraldi aldaketarekin batera, kopuruak handiagoak izaten dira. Mungiako Koopera Reusing Center delakoan, urtean 13.000 tona sailkatzen dituzte, eta beste 5.000 tona, Valentziako plantan.

Lantegietan jasotzen duten arropa tratamendu eta prozesatze zirkuituan sartzen da. Bertan, pieza bakoitza aztertu eta motaren, egoeraren eta denboraldiaren arabera sailkatzen dute. Hori ondo egitea oso garrantzitsua da elementu bakoitza nora bideratuko den erabakitzeko, helburua zero hondakin sortzea delako.

Egoera onenean dagoen arropa higienizatu eta etiketatu egiten dute, eta prozesua amaitzeko, dendetara bidaltzen dute (Txilen duten proiektura ere bideratzen dute parte bat).

Jasotzen duten guztia berriro saltzeko modukoa ez denez, birziklatu egiten dute eta materialaren arabera bigarren bizitza ematen diote: eraikinetarako isolatzaileak, gama altuko autoetarako osagarriak -alfonbrillak, adibidez- edo arropa berrietarako hariak ekoizteko.

Txikiak ere handi

Lidia Hernandez Reyren esperientzia desberdina da, duela hamar urte martxan jarri zuen negozio propioa delako, denda txiki bat; ZuZeu denda du Tolosako alde zaharrean. Europan zehar bidaiatu ostean konturatu zen bere herrian ez zegoela halako dendarik, eta berak zabalduz gero, gustuko lana izango zuela. «Denborak irakatsi dit denboran aurreratu nintzela. Borroka bat izan da horrelako proiektu bat martxan jartzea, baina orain, atzera begiratuz, ez nuke ezer aldatuko», esan du.

ZuZeuk kalitatezko arropa bilatu eta prezio eskuragarrian saltzen du (jatorrizko prezioaren %40an gehienez ere). «Kalitateaz gain, modak ere kontuan izaten ditut. Jendeak janzten duenari erreparatzen diot, joerak aztertzen ditut eta nire bezeroen gustukoa izango den arropa ekartzen saiatzen naiz», azaldu du. «Bezero gazteenek bigarren eskuko gauzak saltzeko aplikazioak ezagutzen dituzte eta ZuZeura etortzen dira aukera zabala dagoelako, piezak ukitu eta probatzearen abantailarekin. Helduenak kuriositateagatik gerturatzen dira, norbaitek kontatu dielako edo telebistan entzun dutelako gauzak berrerabili egin behar direla», esan digu.

Lidia Hernandez Rey, Tolosan duen dendan. (ZUZEU)

Berari arropa saltzeko aukera ere eskaintzen du dendan, astelehenetik larunbatera 17.00etatik 18.00etara. Inditex edota bestelako fast fashion markako piezak ez ditu diruz erosten, dendan gastatzeko bonuekin baizik. «Marka horiek ingurumenari egiten dioten kaltea konpentsatzeko modu bat bezala ikusten dut», argudiatu du. Bestelako marken prezioa eta salmenta adostu egiten du. Kontatu digunez, Euskal Herri osoko jendeak eramaten dio birsaltzeko arropa, eta horregatik oso eskertua dago.

Bere ustez, modan dagoena ez da bigarren eskuan erostea, kontzientzia ekologikoa baizik. «Bazen garaia! Kontsumo sistema kapitalista gure gainetik pasatu zen aspaldi, baina zahartzen ari da eta horrek kontsumo modu berriak dakartza. Uste dut betiko geldituko den kontsumitzeko modu kontziente, jasangarri eta etikoa dela bigarren eskua», ondorioztatu du Hernandezek.

ZuZeuk, bigarren eskuko beste dendek bezala, altxor hutsak diren piezak jaso izan ditu, «ez hainbeste euren prezioagatik, baizik eta atzean duten istorioagatik». Gogoan du emakume batek bere aitona zenaren zerbitzu militarreko jaka bat eraman ziola. Hura zenbat botatzen zuen faltan kontatu zion. Diseinatzaile produktuak ere saltzen ditu, noski, baina berarentzat bestelako balioa ematen dio «altxor» estatuseko arropari.

Duela gutxi internetera saltoa eman du eta webgunearen bitartez saltzen ditu arropak. Orain arte bakarrik egiten saiatu da, baina lan gehiegi da berarentzat. Laster laguntza jasoko du arlo horretan. «Delegatzea da 2023rako nire erronka», aitortu du.