Lehen itzulian lehiatu ziren hiru zerrendek aski sostengua lortu ondoren Bernard Elhorga buru duen Egin Senpererentzat zerrenda, abertzale barne diren Christophe Jaureguyk gidaturiko Hats Berri zerrenda, eta Dominique Idiart jarduneko auzapeza osatu berri duen Elgarrekin Senpererentzat hautagaitza aurkeztu dira gaur iragan den bigarren itzulira, Senperen.
Goizeko 8.00tik eta arratsaldeko 18.00ak arte ireki dituzte bozka lekuak. Behin boto emateko epea agortuta botoen zenbaketa abiatu da berehala Gantxiki trinketean.
Behin zenbaketa amaituta, Bernard Elhorga izan da garaile. 1.333 boto lortu ditu, joan zen igandeko emaitzak hobetuz.
Bera izanen da, beraz, Senpereko auzapez berria. Eskuinak aginduko du, beraz, Senperen, ondoko bi urtetan.
Christophe Jaureguy izan da bigarren hautagairik bozkatuena. 1.233 boto jaso ditu. Honek ere emaitza hobeagoak atera ditu, baina ez da nahiko izan garaipena eskuratzeko.
Finean jarduneko alkatea, Dominique Idiart, hirugarren heldu da, 886 boto eskuratuta.
Gauzak horrela joan zen igandean iragarri zen joera baieztatu du gaurko bozketan.
Orduan, eskuinaren eremutik heldu den hautagai berria, Bernard Elhorga, dagoeneko lehena heldu zen. 1.115 boto jaso zituen behin behineko lehian emaitzak baieztatu dituen Elhorgak.
1.080 boto lortuta, Christophe Jaureguy bigarren heldu zen lehen itzulian. 35 boto aldea baizik ez zen zenbatu bi hautagairen artean. 2020an auzapez bilakatu zen Idiart 891 botoekin hirugarren izan zen, gaur bezala.
Krisia udal gobernuan
Joan zen udazkenean Senpereko herri kontseiluan azaleratu zen krisia atzera egiteko ezinezko egoeran sartu zen abenduaren hasieran.
Dimisioen katea lehenago hasi zen, ordea. Zehazki iragan urriaren 8an udal gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzaleko bost hautetsik aliantza bertan behera uztea deliberatu zuten.
Ordurako, udal gobernuan jarduten zuten bertze bost kontseilarik tantaka beren ardurak utzita zituzten Dominique Idiart auzapezaren lan moldeekin ados ez zirelako.
Udalbatza osatzen dute herri kontseilarien heren bat baino gehiagok kargua utzi ondoren, iazko urte amaieran Pirinio Atlantikoen Prefeturak heldu den otsailean Senperen «boza partzial integralak» egiteko deialdi ofiziala urtarrilaren hasieran egingo zuela jakitera eman zuen.