Jon Ormazabal

Konfiantzaren tanga betetzeko aprobetxatu du Lasok ligaxkako azken partida (22-20)

Ezkurdia-Martija 16-6 aurreratu dira, baina txapelketa osoan zehar izan dituzten bezalako deskoneksio une batek azken postuari ihes egiteko aukerarik gabe utzi ditu.

Azkenerako zenbaki askoz hobeak lortu ditu Lasok Ezkurdiak baino.
Azkenerako zenbaki askoz hobeak lortu ditu Lasok Ezkurdiak baino. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Asteburuko gainontzeko emaitzek sailkapenerako zeresan handirik gabe utzi zuten gaurko Eibarko partida, baina txapelketako partida guztiek izaten dute euren eragina ondorengoetan eta horren beharrik handiena duen Unai Laso izan zen Astelenako estelarrari etekinik handiena atera zioena. Azken lau partidak jarraian galduta aurkeztu zen egungo Buruz Buruko txapelduna eta bolada hori eten eta ostiralera begira konfiantzaren tanga betetzeko aprobetxatu du Bizkarreta-Gerendiaingoak oso maldan gora izan duen partida.

Ezkurdia-Martijaren kasuan, nekez konpon lezake kafe on batek bazkari txar bat, baina aurtengo Binakakoaren azken tragoa ere garratza izan da 2020ko txapeldunentzat, azken postua ekiditeko eskuan izan duten garaipenari ihes egiten utzi baitiote era nahiko ulertezinean. Berezkoa duten lehiakortasun eta sendotasunik gabe aritu dira txapelketaren zati handienean, deskonexio handiak izan dituzte partiden zati handietan eta gaur, euren izaera berreskuratu izanaren trazak erakutsi ostean, erabat amildu dira 16-6 irabazten joan diren partida batean.

Lehia gorabeheratsua izan da oso Eibarkoa. Lehen erdi luzean eroso aritu dira, markagailuan zein kantxan, Aspekoak. Atzean, aspaldiko partez Martija dominatzen ikusi dugu, pilota asko atzeratuz baino –izan da errebotean jarri duen pilotarik–, larrua ezker paretaren kontra asko ezkutatuz. Eta horren aurrean deseroso aritu dena Iosu Eskiroz izan da, Ezkurdiari aukerak eman eta sake batzuk erantzun gabe utziz. Eta aurreko koadroetan, aurkaria baino askoz baldintza egokiagotan, Joseba Ezkurdia ere nahikoa eraginkor aritu da erasoan.

Partida erabat bideratua zegoela zirudienean, ordea, inork oso ondo zergatia jakin gabe, gidoia goitik-behera irauli da. Arbizuarrak kanpora botatako bi paretako baten ostean sakea berreskuratu dute gorriek eta partida berdindu dute aitaren batean. Lehenengo 17-12 gerturatu dira eta Ezkurdiak sakez egindako falta baten ostean hamazazpina berdindu dute markagailua.

Tarte horretan gauza asko pilatu zaizkie Aspekoei. Alde batetik atzean Martijari partida luze bezala egin zaio eta behera egin du nabarmen, Lasok jokoan sartzeko aukera askoz gehiago izan ditu eta etekin ederra atera die Ezkurdiak hutsak pilatzen jarraitu duen bitartean. Izan dute gorriek beste susperralditxo bat eta 17-20 aurreratu dira berriz, baina txapelketa guztian bezala, ez dute jarraikortasunik izan euren jokoan eta laugarren postuari ihes egiten utzi diote.

Promozioko kanporaketak erabakita

Gaurko jaialdian pozik handiena eraman duen pilotaria, dena dela Iosu Eskiroz izan da. Alde batetik, primerako ordezkoa dela berretsi du beste partida oso txukun bat jokatuta, baina kantxara irten aurretik lortu du, edo diote, eguneko punturik preziatuena. Izan ere, beste buelta izugarri bat izan duen atarikoan, Artola-Salaverrik 22-21 irabazi diete Exposito-Bikuñari eta puntu horrekin, Larrazabal-Eskirozek Promozio mailako finalerdietarako txartela eskuratu dute Salaberria-Oier Etxebarriarekin batera. Bigarren maila honetan ez da play off-ik eta beste bi txartelak kanporaketa bidez banatuko dira. Bakaikoa-Morgaetxebarriak(3.) Exposito-Bikuñaren (6.) aurka jokatuko dute eta Agirre-Iztuetak (4.) Zabala-Gaskueren aurka.

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Eskiroz: 22

Ezkurdia-Martija: 20

Pilotakadak: 585. Iraupena: 65,28 minutu. Markagailua: 2-0, 2-4, 4-4, 4-12, 6-12, 6-16, 12-17, 17-17, 17-20, 22-20. Sakeak: 3 Lasok eta 4 (2 falta) Ezkurdiak. Egindakoak: 10 Lasok, 1 Eskirozek, 7 Ezkurdiak eta 1 Martijak. Galdutakoak: 7 Lasok, 1 Eskirozek, 6 Ezkurdiak eta 2 Martijak. Gorabeherak: Sarrera erdia Eibarko Astelena pilotalekuan. Lehen sakea gorri eta dirua ere Baikokoen alde irten zen.