Oin bateko lau behatz hautsi zituen Sergio Mielgo harrijasotzaile madrildarrak larunbatean. Erakustaldi batean parte hartzen ari zela, jasotzen ari zen harri biribila gainera erori zitzaion eta eskuineko oineko zenbait hezur puskatu zituen, ETBk albistegietan jakinarazi duenez. Telebista honetako ‘Harri Herri’ saio berrian parte hartzekoa zen kirolaria, baina ezingo du.
▶️ 🪨 HERRI KIROLAK | Sergio Mielgo se rompe cuatro huesos del pie https://t.co/iyfHSzsba8
— EITB Kirolak (@eitbkirolak) February 26, 2023
28 harrijasotzaile lehiatuko dira martxoaren 27an telebista publikoan estreinatuko den «herri kirol programa berritzaile» honetan. ETB1en eta eitb.eus atarian ikusten ahalko da.
Azaldu dutenez, harrijasotzea izango du ardatz eta txapelketa izango da. 16 gizonezko eta 12 emakumezko lehiatuko dira elkarren artean, lau taldetan banatuta.
Loraldia erakusteko asmoz
‘Harri Herri’ saioak formatu erakargarria izango du, harrijasotzeak azken urteetan izan duen loraldia erakusteko asmoz. Ane Muruamendiaraz, Juanan Legorburu eta Iñaki Perurena izango ditu gidari.
▶️▶️28 harrijasotzaile, lehian: #HarriHerri saioa martxoaren 27an iritsiko da #EITB-ra @eitbkirolak #HarriHerriETB https://t.co/xvZEsuXQeK
— ETB (@euskaltelebista) February 25, 2023
«Inoiz ikusi gabeko zerbait izango da», iragarri du Legorburuk. «Harrijasotzaileak beti bakarka edo gehienez ere binaka ikusi ditugu lehian. Hemen taldekako lehiaketa izango da eta taktika, estrategia ere izango du, matematikak ere bai, kontuak atera beharko dituztelako».