Naiz

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen «egoera larria» salatu du LABek

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena aldarrikatu du LABek Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Gaurkoa aste honetan deitutako hiru greba-egunetako lehena izan da. Sektorean 7 urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dire etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dire etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak. (LAB)

Otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 8an hiru greba egun deitu ditu LABek Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan. Astelehen honetan, asteko lehen greba egunean, Bilbon mobilizatu da sindikatua, ETBren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino, sektore honetako langileek bizi duten «egoera larria» salatzeko.

Sektorean 7 urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe. «Ez da kasualitatea, beste behin ere, ia langile guztiak emakumeak diren eta patronalak zaintza-zerbitzu publikoa ematen duen sektore batek negoziazioa blokeatzea eta erakunde publikoek emakume langileen prekarietatea ahalbidetzea», salatu du LABek.

Sindikatuaren ustez «onartezina» da patronalari zerbitzu-ordu bakoitzeko 2016an baino %20-23 gehiago ordaintzen zaion bitartean, enpresa horiek %3,6ko soldata-igoera eskaintzea 2025era arte, «are gehiago 2022ra arte langileei %16,6 garestitu bazaie bizitza». «Diru publikoa kudeatuz etekin handiak lortzen dituzten enpresa horiek benetako enpresa putreak dira, eta kontratatzen dituzten udal eta mankomunitateen pasibotasuna da hori ahalbidetzen duena», salatu du.

Horregatik, lan baldintzen hobekuntzak eskatzen ditu LABek, hala nola: erosteko ahalmena berreskuratzea, gaixotasunagatiko bajen osagarriak, lanaldi partzialen prekarietatearen aurkako akordioak, lanaldi minimo bat eta lanaldi hori handitzen joateko mekanismo argi eta objektiboak ezarriz, kontratuen finkotasunak, laneko osasunaren arloan arrisku psikosozialei (estresa, erasoak) buruzko akordioak eta kontziliazioa hobetzea zerbitzuak multzokatzearen bidez, besteak beste.

Bestalde, benetako batasun sindikal baterako deia egiten du LABek.

Deialdi honekin LABek 62 greba egun egin ditu azken urteetan eta, «mahai gainean beste eskaintzarik ez badago», gehiago deituko dituela nabarmendu du.

Bihar asteartea, otsailaren 28an, egingo dute asteko bigarren greba eguna mobilizazioa egingo dute 10.30ean Bilbon, Lan Harremanen Kontseilutik (Urkixo Zumarkalea, 2) Udaletxeraino.