Maria Intxaustegi, itsasoaren amorante
Maria Intxaustegik eta itsasoak maitasun istorio ederra dute. Donostiarrak txikitatik izan zuen garbi itsasoa maite zuela, itsasoaz eta haren sekretuez ikasi nahi zuela, eta belaontzietan munduko itsaso gaiztoenak zeharkatu nahi zituela. Sakrifizio askoren ondoren, lortu du.
Maria Intxaustegik ez du erreportaje hau ikusiko bi aste barrura arte. Une hauetan Antartika aldean ibiliko da, belaontzi bateko espedizio gidari. Ushuaiatik abiatu zen otsailaren 14an (Argentina), eta ontzi barruan isolatuta bizi dira: ez dute kanpoko berririk, ezta kontakturik ere senide edo lagunekin, larrialdietarako salbu. Ez daukate internet zerbitzurik, eta egoera hori baliatuz, eurekin bidaiatzen duten pertsonak natura eta eskualde basati hartako izakiekin, naturarekin kontaktu zuzenean jartzen saiatzen dira.
Urtean hiru bat aldiz bisitatzen du Intxaustegik Antartika. Loreak bakarrik ditu ahotan paraje urrun haiek nolakoak diren galdetzen diogunean: «Izaki garela uste dut, gizaki bainoago, eta teknologiak eta asfaltoak naturatik urruntzen gaituzte. Han ez dago hirian dagoen soinua, dena entzuten da, eta teknologiarik gabe halako buruko bakea sortzen da: albatros-ak ikusten dituzu, baleak, itsas txakurrak… Han gainerako izakien parekoa zara; ez gehiago, irakatsi diguten bezala. Han gaudenean gorputzari entzuten diogula esango nuke, eta hemen, etxean, ez, soinu gehiegi dagoelako. Hemen beste izakiengan halako botere bat dugula uste dugu, nagusi garela, baina han kontrakoa gertatzen da».
Eramaten duten jendea glaziarretan ibiltzen da, lurreratzeetan lagundu, eta dirutza handia edukita, edo pertsona aski ezaguna izanda ere, «berehala jabetzen dira han aberatsa edo ezaguna izateak ez duela ezertarako balio. Itsasoak berehala jartzen zaitu zeure tokian, umildu, otzandu, zazpi metroko olatua bidaliz belaontziaren aurka». Hasieran gaizki pasatzen omen dute bidaiariek, baina bukaeran itsasoarekin maiteminduta bueltatzen dira denak, «Shackleton, Amundsen, Scott eta beste itsas marinel batzuen abenturak ezagutu izan balituzte bezala».
Mariak berak maite du Antartikan naturarekin sortzen den harreman berezi hori: «Haizearekin bakarrik belaontzi handi batean zortzi korapiloko abiadura lor dezakezu, eta hori abiadura handia da belaontzi batentzat; olatuekin adi egotea, lainoek zer dakarten zaintzea, edo gauez izar eta konstelazioei jarraituz ontzia gidatzea benetan polita da. Hori bizitzea sekulakoa da». Itsasoak eta teknologia hutsuneak tripulazioaren arteko bizikidetzan pentsaezinak diren harreman bitxiak sortzen omen dituzte: «Whatsappik gabe dena da posible», dio gidariak, barrez.
Itsas bidaietako espedizio gidaria izatea da Mariaren jardunetako bat. Antartikaz gain Hornos eta Esperantza Onaren lurmuturrak lotzen dituen bidea ere egiten du, 52 egunez (Txiletik Hego Afrikara). National Geographic erakundearekin ere bidaiak egiten hasiko da aurten. Apirilean Lisboatik Dublinera bitarteko joan-etorria egingo du, Bilbon eta Pasaian geldialdiak eginez, eta maiatzean Baltiko Itsasora joango da, erakunde berarekin, ikerketa lanak egitera.
Itsas arkeologian aditua da
Intxaustegi urpekari profesionala ere bada. Historia eta itsas arkeologia ikasi ditu, eta ikerkuntza ere bere pasio handietakoa da. «Itsasoa beti da ezberdina. Urpekari jardunean jabetzen zara itsasoak soinu ezberdinak sortzen dituela; arrainek nola jokatzen duten jabetzen zara. Sarri urperatuz gero, olagarroek ezagutu egiten zaituzte», dio pozarren, Donostiako Aquarium-etik gertu urperatzen denean bizi dituen esperientziak gogoan.
Iazko udan arkeologia lanetan aritu zen Ozeano Atlantikoan, Islandia eta Irlanda artean kable-sarea robotekin ikuskatzen: «Ur azpitik zihoan hodi bat ikuskatu genuen. Irlandako ingurumen eta ondare legedia betetzen zela ziurtatzeko, hain zuzen ere». Oso lan teknikoa omen zen, «baina oso polita». Ironia puntu batekin bota dio mezua irakurle whatsapp zaleari: «Gure bizimodua kableek gidatzen dute, ez buru gainean ditugun sateliteek».
Lotu berri duen lanaz ere xehetasunak eman dizkigu: hitzarmena West Florida Unibertsitatearekin, Pensacola hirian (AEBak). 1556an hiri hartan Tristan de Luna nabigatzaile espainiarraren ontziteria hondoratu zen. De Luna izan zen Floridan kokalekua egin zuen lehen pertsona: Santa Maria izenekoa. «Kokaleku hura, baina, urakan batek suntsitu zuen, baita ontziteria osoa ere; zazpi ontzi, hain zuzen. Ontzi horiek ikertu genituen 2015ean. Hiru aurkitu dituzte, eta unibertsitateari hondoratutako itsasontzi haiek Euskal Herrian egin, eraiki ziren ustea jakinarazi nien, garai hartan ontziolak gurean bakarrik zeudelako».
Intxaustegiren teoria polita zela erantzun zioten unibertsitateko kideek, baina frogatu egin behar zuela. «Nik, hori lortzeko, agiritegietako jatorrizko agiriak, paperak ikuskatu behar nituela esan nien, nire ama-hizkuntza gaztelania ere badelako, eta eurena, aldiz, ez». Estatubatuarrek egindako transkripzio batean Pedro de Andonasgintza izeneko pilotua aipatzen zuten, «baina nik, eta jatorrizko agiria ikusita, benetako izena Pedro de Andonaegi zela frogatu nuen. Hau esan nien: ‘Andonaegi zen pilotu haren abizena, eta nirea Intxaustegi; azalduko dizuet euskaraz ‘egi’ bukaera horrek zer esanahi duen!!!’».
Hari horretatik tiraka, dirulaguntza mamitsua jaso dute unibertsitatean ikerketari segida emateko, eta udan Tristan de Lunaren ontziteria ikertzeko proiektua gauzatuko du. «Oso lan polita da, bost mende atzera itsasontziak nola eraikitzen zituzten ikertzea, eta Euskal Herrian egiten zituztela frogatzea. Irrikan nago uda iristeko».
Bakarren batek pentsatuko du Intxaustegi amestutako bizitza egiten ari dela. Zuzen dabil, baina bidea ez omen da batere erraza izan: «Lan asko egin behar izan dut, eta asko ikasi. Lau hizkuntza hitz egiten ditut, itsas arkeologia eta historia ikasketak burutu, doktoretza bat, Iberoamerikako sari bat jaso nuen masterrarekin… Goi mailako kapitaina ere banaiz, liburu bat argitaratu dut aingura litikoei buruz, urpekari profesionala izan nintzen ikasketak ordaintzeko…». Hamarkada luzea pasatu du ikasten eta lanean, biak uztartuz, eta orain ari da fruituak jasotzen. Gustuko duena egiten du, «baina merezita».
Itsasoaren maitalea da Intxaustegi, baina gustura bueltatzen da etxera: bikotekidearekin babarrunak jatera, edo familia eta kuadrillarekin Donostiako Antigua auzoan poteoan ibiltzera. «Marinelak hanka bat itsasoan izaten du beti, baina bestea lurrean, herrimina itsas-mina bezalakoa izaten baita: latza». Ordenagailu bitartez egiten den ikerkuntza ere estimatzen omen du tarteka, «etxekoen epelean».
Pandemiaren oroitzapen bikaina
Intxaustegi kapitainak jende gutxik egiten dituen gauzak egiten ditu, baina guztien artean pandemia garaian gertatutakoa oroituko du betiko. «Bark Europe» belaontzian ari zen lanean, 2020an, Ushuaian. «Antartika aldera abiatu ginen, eta Txinan sortu zen birus bati buruzko berriekin utzi genuen Ushuaia. Arduratzeko moduko ezer ez». Hilabete pasatu eta bueltatu zirenean arma ontziak ikusi zituzten Beagle kanalean, Ushuaia atarian. Pandemia zabaldu zen munduan barrena, eta lurreratzea debekatua zuten ontziek.
«Belaontzian geundenak tripulazio profesionala ginen, bagenekien lurreratzeko mugak aldatzen ez baziren zer gertatuko zen». Zalantza edo eztabaida handirik gabe hartu zuten erabakia: Ushuaitik abiatu ziren ontzia lurreratu zezaketen itsas portu bakarreraino, Herbehereetako Scheveningen hiria. 82 egun eta 10.000 itsas miliako bidaia izan zen. Sekulako erauntsiak eta barealdiak ezagutu zituzten, eta abentura ikusgarri hura film labur batean islatu zuen Richard Simko ontziko tripulante eta argazkilariak: “The Voyage” izena eman zion: Bidaia.
«Ontzia etxera ekartzeko misioa genuen, eta ekarri genuen. Janaria geneukan sobera, esperientzia ere bai, eta horregatik iritsi ginen onik». Bizikidetzan ere arazo handirik gabe moldatu omen ziren, pertsona talde handiak ontzi batean hiru hilabete luze elkarrekin pasatuta ere: «Denok elkar ezagutzen genuen ondo. Kideek badakite nire txanda goizaldeko ordu bietan hasten bada, lehen ordu erdian hitzik ezin didatela esan, agian zaplazteko bat emango diedalako. Nire bitxikeria hori da; beste batzuena beste bat. Begiradarekin ere elkar ezagutzen genuen, eta bizikidetza oso erraza izan zen. Haserreak azalekoak izan ziren, batez ere ezin duzulako inora ihes egin, eta hobe delako ez haserretzea».
Hainbeste itsaso eta txoko ezagututa, gustukoen dituen hiru aipatzeko eskatu diogu Mariari. Honatx bere selekzioa: «Polinesia frantsesa izango litzateke lehena. Ez Tahiti edo antzeko uharteak, baina bai atoloiren bat edo beste. Asko daude, bizi ikaragarria dutenak». Zergatik, bada? «Tenperatura ona dute urte osoan, fruitu zuhaitz asko, arrainak, urpekaritza… Tokia paradisua da, oihana ere gertu-gertu dauka…».
Bigarrena: «Antartika, nola ez. Poloko sukarrak jotzen gaituela esaten dugu gure artean, han gaudenean, edo hara joan nahi dugunean. Dauden baldintza gogorrekin hara zertara joaten zaren ere galdetzen diozu zeure buruari sarri, baina baleak, beste izakiak ikusi, ingurua zer basatia eta hauskorra den jabetu, eta galdera hori haizeak eramaten du oharkabean».
Eta hirugarrena: «Etxea, Antigua auzoko taberna bat. Kuadrillan beti elkartzen gara hor, eta han aritzen gara hitz eta pitz». Martxoan itzuliko da, taberna horretan poteo pixka bat egitera. Azkar itsasora bueltatzeko. Marinelen bizitza halakoa baita: oin bat itsasoan dutenean bestea lurrean eduki nahi dute, eta lurrean daudenean, alderantziz. Itsasoaren magia! •