NAIZ

Lesioak atzean utzita, Imaz eta Peio Etxeberria play-offetako lehen partidan berragertuko dira

Ander Imaz baja izan da azken hiru asteetan; Peio Etxeberria, bestalde, azken bi jardunaldietan. Azken asteetan pilotalekutik at mantendu dien eskuko mina osatuta, biak Zornotzan berragertuko dira, elkarren aurka jokatuko duten deman, Laso eta Rezustarekin bikotea osatuz, hurrenez hurren. 

Imaz, Eibarko Astelena pilotalekuan.
Imaz, Eibarko Astelena pilotalekuan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Eskuko minak hiru jardunaldiz pilotalekuetatik at eduki du Ander Imaz eta Zumaian astearte honetan egin duen proban, berragertzeko moduan ikusi da oiartzuarra. Hala, ostiral honetan Zornotzan jokatuko diren play-offetako lehendabiziko partidan lehiara itzuliko da, Lasorekin bikotea osatuz.

Peio Etxeberria-Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak, Binakako txapelketako finalerdietako ligaxkarako txartela lortzea helburu. Hain zuzen ere, Zenotzeko aurrelaria ere baja izan da azken bi asteetan, eskuetako minez, eta honek ere iragarri du Zornotzan berragertuko dela.

Otsail hasieran hartu zuen min Imazek bere eskuin eskuan, Eibarko deman. Partida amaitu berritan onartu zuen oiartzuarrak minarekin aritu zela eta txapelketa osoan, oro har, «takoekin beste urteetan baino justuago» zebilela eta kanporaketetarako prest egotea espero zuela aitortu zuen.

Eskirozek ordezkatu du atzelari gipuzkoarra azken hiru jardunaldietan. Astez aste probak egiten aritu da Imaz baina orain arte ez da jokatzeko moduan sentitu. Lasok, Eskirozekin bikotea osatuta, hiru partidatik bakarra irabazi du, azken asteburuan, hain zuzen ere.

Hala, zazpi garaipenekin amaitu du lehendabiziko fasea, sailkapeneko laugarren postuan eta play-offetako lehen partida garaipen kopuru bera eskuratu duten Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka jokatuko dute.

Aspeko aurrelariak, bestalde, azken bi jardunaldiak eman ditu pilotalekuetatik at eta Irribarriak ordezkatu behar izan du. Rezusta ez da gaizki moldatu Aramako aurrelariarekin, bi demak irabazi baitzituen, sailkapenean hirugarren postuan amaituz. Zazpi garaipen poltsikoratu ditu Aspeko bikote honek ere.