NAIZ

Juan Karlos Subijanari ere hirugarren gradua kendu diote eta espetxera itzularazi

Juan Karlos Subijana gasteiztarrak espetxera itzuli behar izan du, Auzitegi Nazional espainolak hirugarren gradua baliogabetu ondoren, eta dagoeneko hamahiru dira gradu erregresioa pairatu dutenak. Ia 19 urte daramatza preso.

Ainhoa Barbarini ere hirugarren gradua kendu diote. Ostiralean mobilizazioa egin zuten Urretxun.
Ainhoa Barbarini ere hirugarren gradua kendu diote. Ostiralean mobilizazioa egin zuten Urretxun. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Etxeratek berri eman duenez, Juan Karlos Subijana Izquierdo ‘Txanpi’ gasteiztarrak Basauriko kartzelara bueltatu behar izan du, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua indargabetu eta bigarrenera itzuli ostean.

 

Etxeratek bere «ezinegona» adierazi nahi du, «Subijanaren eskubideak urratuak izan direlako». Ia 19 urte daramatza preso arabarrak.

Manifestazioa ostegunean

«Bada garaia, behingoz, euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzeko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen joateko», erantsi eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Sarek manifestazioa deitu du ostegun honetarako Gasteizen, 19.00etan Bilbo plazatik abiatuta, espetxeratzea salatzeko.

Hamahirugarrena

Juan Karlos Subijanarekin hamahiru dira dagoeneko Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren ekimenez hirugarren gradua baliogabetuta kartzelara bueltatu behar izan duten presoak, Sareren arabera. Joan zen ostiralean bertan Ainhoa Barbarin urretxuarra Martutenen sartu zen, eta otsailaren 10ean Asier Karrera etxarriarra. Duela hilabete, berriz, Asier Rodriguez santurtziarrak Basaurira itzuli behar izan zuen arrazoi berberagatik.

Horiek baino lehen, 2021ean Unai Fanori kendu zioten 3. gradua, eta iaz, berriz, Jon Crespo, Iñigo Gutierrez, Gorka Martinez, Iñaki Bilbao, Xabier Atristain, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaola eta Joseba Arregiri.

Lakuako Gobernuak eman dituen 32 hirugarren graduetatik 24 errekurritu ditu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.