NAIZ

Saski Baskoniak etxeko epela baliatu nahi du Euroligako Top 8an egonkortzeko

Otsailaren 3an Panathinaikosen aurka jokatu zuten azkenekoz gasteiztarrek Buesa Arenan, urtarrilaren 27az geroztik jokatu duten bakarra. Kanpoan pilatu dituzten porrotek zortzi onenen artean mantentzea asko zaildu diote eta ostiralean Valentzia Basket aurkari zuzenari nahitaez irabazi behar diote.

Matt Costello, Panathinaikosen aurkako partidan, uztaipean nagusi.
Matt Costello, Panathinaikosen aurkako partidan, uztaipean nagusi. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Etorri mesedez! Zatozte zuen behar handia daukagu-eta! Etorri ostiralean Buesa Arenara, behar zaituztegu-eta!». Horra Matt Costelloren erregua astearteko entrenamenduaren ostean Saski Baskoniaren webguneari eskaini dizkion adierazpenetan. Gasteiztarrek ostiralean, martxoaren 3an Euroligako partida oso garrantzitsua jokatu behar dute Valentzia Basketen aurka. Otsailaren 3az geroztik etxean partidarik jokatzeke daude Joan Peñarroyarenak –hori Euroligan. ACB Ligan, otsailaren 5ean Basket Zaragoza menpean hartu zuten– eta etxeko epeltasun hori baliatu gura dute Top 8an egonkortu eta Valentzia Basket aurkari zuzen bati aldea ateratzeko.

«Etxera itzultzea zirraragarria da. Kopa gauza oso polita da eta ‘FIBA Leihoak’ direla-eta etentxo bat ere egin ahal izan dugu, baina oro har, kanpoan jokatzea beti da askoz gogorragoa eta berriz ere etxean jokatzeko amorratzen gaude», onartu du Saski Baskoniako hegal-pibotak.

Izan ere, esan bezala, otsailaren 3an baino ez dute jokatu gasteiztarrek etxean Euroligako partidarik; aurrez, Anadolu Efesen aurka urtarrilaren 27an jokatu zuten Joan Peñarroyarenek etxean. Hau da, Anadolu Efesi 114-111 irabazi eta ondorengo lau neurketatik hiru kanpoan egokitu zaizkiela.

Zorionez etxean jokatuko dute berriz arabarrek, beren azken bi garaipenak etxean izan baitira. Hobeto esanda, abenduaren 16tik Baskoniak ez du etxetik kanpo Euroligako partida bakarra irabazi, nahiz eta sei aukera izan dituen. Hurrenez hurren, Alba Berlin, Bayern Munich, Partizan, Armani Milano, Zalgiris eta Virtus Bolonia.

Abenduan egindako lan apartari esker, 2022a Euroligako aurreneko postuan amaitu zuen talde gasteiztarrak, baina ipuin polit hori aspaldi amaitu zen. Uneotan Saski Baskonia sailkapeneko zazpigarrena da 13-12 balantzearekin, seigarren postuan dagoen Partizanekin eta atzetik hurrenez hurren dituen Maccabi, Valentzia Basket eta Zalgirisekin berdinduta eta garaipen bakarrera dauden Anadolu Efes –azken hau partida bat gutxiago jokatuta– Virtus Bolonia ere orpoz orpo datozen bitartean.

«Kanpoan aurkitzen ez dugun beste energia bat damaigu etxean jokatzeak, eta horrek sekulako garrantzia dauka ostiraleko partidari begira. Talde mordoa borrokan ari da Euroligako play-offetan sartzeko eta Valentzia Basket borrokan ari den horietako bat da», ohartarazi du Costellok.

Puntu aldea

Saski Baskoniak hiru partida baino ez ditu irabazi etxetik kanpo. Zorionez, garaipen horietako bat Valentziako Fontetan lortu zuen Euroligako aurreneko jardunaldian, 71-81 gailendu eta gero. Horrek ez du besterik esan nahi ostiralean gasteiztarrek irabaziko balute garaipen bateko aldea ateratzeaz gain, Fase Erregularra talde hauek biek berdindurik amaituko balute, gasteiztarrak aurretik liratekeela. Gauza bera esan dezake Zalgiris, Virtus Bolonia edo Anadolu Efesgatik, eta Tel Avivera egin beharreko bisita martxoaren 16ra arte iritsiko ez bada ere, Maccabirekin ere puntu diferentzia aldeko izan lezake, Zurbaon Peñarroyarenak 116-87 nagusitu baitziren.

«Etxetik kanpoko azken partidetan ikusi da; berdin Badalonan –Kopan–, Bolonian edota Malagan –ACB Ligan– 35 minutuz ondo jokatu dugula, baina bost minutu txar izan ditugu beti. Erasoan kontzentrazioa galdu dugu beti eta horrek defentsa ere leuntzera eraman gaitu. Hori hobetu beharra dago, jakina, baina gutxienez badakigu etxean ez ohi zaigula halakorik gertatu», iritzi dio Costellok Saski Baskoniak etxetik kanpo emandako itxurari buruz.

«Egiten dugun horretan konfiantza izan behar dugu, une gogorrak iristen direnean denok batera jokatzen jarraitzeko. Zentzu horretan, etxean erosoago sentitu ohi gara eta gauza ederra da etxetik kanpo nabaritzen dugun energia falta hori zaleek emango digutela badakigulako», gaineratu du jokalari estatubatuarrak.

Esan gabe doa Zurbaon gauzak beste era batera doazela gasteiztarrentzat. Orotara Euroligako 12 partida jokatu dituzte etxean Joan Peñarroyarenek eta bi baino ez dituzte: sailkapenaren goiko muturrean daude Bartzelona eta Olympiacosen aurka, hain zuzen.

Valentzia Basketi buruz, Alex Mumbruk Kyle Alexander pibota jokatu ezinik izango du ostiralean. Olympiacos liderraren aurka lesio larria nozitu ote zuen beldur ziren Valentzia aldean, baina antza denez, orkatila bihurritu du baina hautsirik ez omen du. Nolanahi, Alexander jokatu ezinik egonda Valentzia Basketek barruko jokalari hauek baino ez ditu ekarriko Gasteiza: James Webb III, Jaime Pradilla, Jasiel Rivero eta Bojan Dubljevic, hegal-pibot lanetan Victor Claver valentziarrak egin dezakeen lanaz gain.