Manex Altuna
Entrevue
Roberto Martinez ‘Tiko’
Osasuna eta Athleticen jokalari ohia

«Euskal Herri mailako final bat bezalakoa izango da eta derbi giroa igarriko da finalerdietan»

Taxoaren hezi zen futbolari gisa eta Osasunaren lehen taldearekin Bigarren Mailan jokatutakoa da. Athleticek fitxatu zuen gero eta bertan eman zuen bere kirol ibilbidearen gehiengoa. Lezamako harrobian teknikari izan ostean, jokalarien ordezkari bezala ari da gaur egun lanean.

Tiko, Athletic eta Osasunako jokalari ohia.
Tiko, Athletic eta Osasunako jokalari ohia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

XXI. mende hasieran Athleticen ikurretako bat izan zen Roberto Martinez ‘Tiko’ (Iruñea, 1976). Gol ikusgarriak lortu zituen areaz kanpoko jaurtiketa bortitzekin. ‘Tikotazo’ famatuek Realaren aurkako derbietako eta Real Madrilen kontrako garaipen zurigorri gogoangarrienetako oroitzapen goxoak izaten jarraitzen dute zaleen artean. Osasunari ere sartu zion baten bat, Julen Guerrerok markagailua irauli zuen gau ahaztezin hartan esaterako. 2009an erretiroa hartu behar izan zuen bizkarreko minen ondorioz Eibarren utzita egon ondoren. Talde nafarraren harrobian hazia, Lezaman sei urtez lan egindakoa da eta gaur egun You First agentziarekin hainbat jokalariren ordezkari lanetan ari da.

Zer nolako finalerdia espero duzu?

Partida politak eta derbi giroa izango dela uste dut. Euskal Herri mailako final bat bezalakoa izango dela iruditzen zait. Gero Madrilen edo Bartzelonaren aurka titulua irabazi ahal izatea beste kontu bat izango da eta nik uste bi taldeak pozik daudela zozketan kanporaketa hau egokitu izanarekin.

Bi taldeetan aritutakoa zara, Athleticen kontrako norgehiagokak ezberdin bizitzen dira Osasunako aldagelan?

Nik adiskidantzazko partida bat bakarrik jokatu nuen Athleticen kontra. Iruñean jokatu zen udako txapelketa bat -partida horren ostean utzita joan zen talde zuri-gorrira 1999an-. Hala ere, nabaritzen da Athletic aurkari zuzena dela Osasunarentzat. Lehia berezia izaten da eta derbi giroa igartzen da. Oraingoan garrantzi gehiago izango du partidak, Kopako finalerdi batzuk baitira eta Osasuna aspalditik ez baita iritsi kanporaketa honetara.

Nolakoa izaten da Athleticen kamisetarekin Sadarren jokatzea?

Gure garaian nahiko gogorra izaten zen, giroa bero egoten zela esan daiteke. Sekulako presioa sartzen zuten harmailetatik eta kluben arteko harremanetan zenbait liskar izan ziren, fitxaketen kontuarekin.

Zer gertatzen da Nafarroan hainbeste jokalari ateratzeko?

Ikaragarria da dagoen biztanle kopuruarekin hainbeste futbolari goi mailan jokatzen ikustea. Nire ustez izan daiteke barneratuta daukagula posible dela gora heltzea eta inork ez digula esaten ezinezkoa dela. Aldi berean, iruditzen zait resilientzia handiko jokalariak izaten direla. Gauzak gero eta okerrago edo gogorrago jartzen direnean, errendimendu hobea ematen dute eta horrela jokatzera moldatzen dira.

«Alkiza eta Arrasate opari bat dira Osasunarentzat»

Garrantzi gehiago ematen diozu buruari eta mentalitateari, ezaugarri fisiko edo teknikoei baino?

Nik bizi izandakoaz hitzegin dezaket. Osasunaren bigarren taldean denboraldi pare bat egin nituen eta gogoratzen dudana da erraztasun gutxi genituela eta zailtasun asko izaten genituela beste taldeen aurka jokatzerakoan. Partida guztietan asko sufritzen genuen. Askotan egoten ginen baloi gabe jokatzen eta horrela moldatzen ikasi genuen. Beti esaten dut Valladolid B, Zaragoza B, Sporting B edo Bilbao Athleticen aurka jokatzen genuenean, gu baino askoz hobeagoak zirela iruditzen zitzaidala. Hala ere, gai izaten ginen beraien kontra lehiatzeko eta emaitzak lortzeko. Gainera, ikusten genuen guk gero aukera gehiago geneuzkala lehen taldera iristeko. Agian Osasunak garai horretan behar handiagoa zeukan, baina guk ere merezimenduak egin genituen.

Zure iritziz ezberdintasun hori izan daiteke harrobiko talde batzuek errazegi gainditzen dituztela aurkariak beheko mailetan?

Iruditzen zait Nafarroa aldean daukaten aukera edo abantaila da jokalari bat sortzerakoan edo hezterakoan ez dela bakarrik joko ona egiteagatik iristen goi mailara. Lehiakorra izateari garrantzia ematen zaio. Harrobiko taldeetan sarritan gehiegi begiratzen zaio talde bezala baloi jabetza asko edukitzeari eta aurkaria menderatzeri. Osasunako beheko mailetan egon nintzenean, gutxitan izaten genuen baloia eta oso antzekoa zen Lehen Mailara edo Bigarren Mailara heltzerakoan egiten genuen jokoarekin. Mailaz igotzen zarenean aurkariak gero eta hobeak izaten dira, baloia kentzen dizute eta gu ohituta geunden horrela jokatzera.

Osasunak gorabehera handiak izan ditu azken hogei urteetan. Badirudi lasaitasuna berreskuratu duela eta emaitzak lortzen ari dela.

Osasunak bolada bat darama bere begirada barrura zuzentzen eta ez kanpoan bilatzen. Bere formakuntza lantzen eta indartzen saiatzen ari da. Zer nolako jokalariak atera nahi dituen, bai futbolari bezala zein Osasunaren aldeko sentimendu hori lantzen eta fruituak ematen ari da.

Bittor Alkizarekin harreman ona daukazu, nola baloratzen duzu Jagoba Arrasaterekin batera egiten ari diren lana?

Batera jokatzen hasi ginenetik Bittor Alkiza nire anai bat bezalakoa izan da eta oso lagun mina da. Niretzako Jagoba Arrasate eta bera sekulako oparia dira Osasunarentzat. Zuzendaritza mailan ikusten ari dira zer nolako entrenatzaile eta lan talde teknikoa behar zuten. Batez ere, badakitelako nondik datozen, zer nahi duten eta epe labur, ertain eta luzera begiratzen dutelako. Nik uste Osasunaren entrenatzaile batek harrobiko lana ondo ezagutu behar duela. Apustu garrantzitsua egiten ari dira eta asmatu dute Taxoaren dauden arduradunekin. Datuak hor daude, azken urteetan atera duten jokalari kopurua eta lehen taldean geratu direnak begiratzea besterik ez dago. Aldi berean, jokalari gazteek ikusi behar dute posible dela goi mailara iristea.

Tiko, Arrigunagako hondartzako inguruetan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Tiko, Arrigunagako hondartzako inguruetan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Teknikari bezala Lezaman lan egindakoa zara, nola ikusten duzu Athleticen egoera?

Athleticek sekulako lana egiten du betidanik, ez da azken urteetako kontu bat. Erreferentzia bat da mundu mailan. Leku guztietan begiratzen dute Lezaman nola egiten den lan eta horrek erakusten du oso ongi egiten direla gauzak. Hauteskundeekin aldaketak etortzen dira eta ezberdintasunak egoten dira, baina igartzen da hari bat dagoela. Zerbait aldatu daiteke, baina emaitzak antzekoak dira eta goraipatu beharra dago urteetan egindako lana. Athleticek jokalariak ateratzen ditu etengabe eta jokalariak lehen taldera igotzeko behar hori dauka.

Eta zer aipatuko zenuke egindako lanaz?

Sei urte egin nituen Lezaman talde ezberdinetan eta erdilariekin banan banako entrenamenduak egiten. Batzuei ez zaie gustatzen jokalari ohiak izandako teknikariak egotea, baina nik uste garrantzitsua dela eman dezaketen ikuspuntua formakuntza eta gogoa badaukate jokalariei irakasteko. Bestetik, belaunaldien inguruan hitz egiten da askotan. Indartsuak direlako, partidak irabazten dituztelako edo jokoa ulertzen dutelako. 2000 urtekoekin aritu izan nintzen lanean eta itxaropen asko daude beraiekin. Hala ere, batzuetan arazo gehiago izan dituzten jokalariak heltzen dira goi mailara. Esaterako, Basconian azken jardunaldian lortu genuen maila mantentzea eta bertan zeuden Zarraga, Vivian eta Morcillo lehen taldera iritsi dira. Nik uste irabazi edo galdu, beti ikasten dela emaitza guztietatik. Joko ona egiteaz gain, zailtasunei aurre egiten eta defendatzera ere moldatu beharra daukate. Prozesu bat da.

«Valverdek jokalariek jokoaz gozatzeko testuinguru bat sortzen asmatzen du»

Ernesto Valverde ondo ezagutzen duzu, berarekin izan baitzinen Athleticen egin zuen lehen sasoian. Zer nabarmenduko zenuke entrenatzaile gisa?

Bere ezaugarri nagusia da aparteko abilezia daukala testuinguru bat sortzen jokalariak jokoaz gozatu dezan eta, aldi berean, zorroztasuna eskatzeko. Estu hartzen ditu futbolariak eta maila altua ematea eskatzen die joko zein kontzentrazio aldetik. Ez du egiten zarataka edo aginduak emanez, jokalarien eskuetan uzten du eta taldekide guztiak inplikatzea lortzen du. Azkenean 25 lagun daude aldagela batean eta bakoitzak bere arazoak ditu. Aldi berean, aldagela barruan edo zelaian arazoren bat sortzen denean azkar aurkitzen ditu konponbideak edo segituan mozten du. Oso argia da eta hartzen dituen erabaki gehienetan asmatzen du, nondik egiten ari zaizkizun min egiten azalduz. Partidan zehar soluzioak eskaintzen dizkizu eta horrela jokalariari esaten diona sinesteraztea lortzen du.

Bere aurreko garaiekin konparatuta, aldaketarik nabaritzen duzu?

Esango nuke gurekin egon zen denboraldi horiek gogora ekartzen ari zaidala. Talde ausarta ginen eta partida irekiak izaten ziren. Entrenatzaileei ez zaie gustatzen arrisku gehiegi hartzea, baina Athleticek goi mailako defentsak dauzka eta aukera ematen dio aurreratuta jokatzeko. Lehiak irabazten dituzten jokalariak dira eta horrela aurkaria atzean sartu eta bere zelaian jokatzera behartu dezakezu.

«Sancetek Zidane gogorarazten dit, baloiaren gainean  nola egiten zuen dantza»

View this post on Instagram

A post shared by TK23 (@tiko23martinez)

Oihan Sancetekin gertatzen ari den bezala, zuk ere postu ezberdinetan jokatu zenuen entrenatzailearen arabera. Uste duzu posizio konkretu batean ez jokatzeak jokalaria nahastu dezakeela?

Oihan Sancetek jokoa eta fisikoa dauka «zortzi» bezala jokatzeko. Aldi berean, «hamar» moduan aritzeko dohaiak dauzka, azken metroetan oso erabakigarria izan daitekeelako. Nik zelai erdian jokatzen nuenean atzerago egoten nintzen eta ezberdintasun handiagoa zegoen aurrelarien atzetik aritzean. Nik uste Sancetek gaitasuna daukala zelai erdiko bigarren altuera hortan mugitzeko, nahiz eta esfortzu fisiko handiagoa eskatzen dion. Ondo moldatu dela iruditzen zait. Hasieran kosta egin zitzaion lehietan gailentzea eta defentsa arloan zorrotzagoa izatea. Baina erritmo horretan jokatzera egokitzen ari da eta laurogehita hamar minutuak jokatzera ohitzen.

Bere entrenatzailea izan zinen, nabaritzen zen dohai bereziak zituela Lehen Mailara heltzeko?

Bai, txikitatik igartzen zitzaion goi mailako jokalaria izango zela eta zelaian protagonista izatea gustatzen zaiola. Nire garaiko Zidane gogorarazten dit baloiaren gainean nola egiten zuen dantza. Altuera handiko jokalaria da, ezker zein eskubiarekin ondo moldatzen dena, bere hanka luzeekin baloia oso ondo babesten du eta erraztasun handiarekin baloia aurrerantza eramateko gaitasuna dauka.

«Futbolari baten ibilbidea goraberatsua izan daiteke eta une txarretatik altxatzen ikasi behar da»

Gazteekin pazientzia falta dela uste duzu?

Garaiak aldatzen doaz eta berehalakotasunaren gizartean gaude denok murgilduta. Gero eta gaitasun gutxiago dagoela esango nuke frustrazioari aurre egiteko. Iruditzen zait lehen ez zegoela horrenbesteko presarik eta galtzea onartuagoa zegoela. Orain badirudi jokalariek ikusten badute ez direla zuzenean edo gazte goi mailara iritsiko ez daudela prest lanean segi eta esfortzua egiteko. Horregatik miresten ditut 30 urteren bueltan Lehen Mailan debutatzen dutenak. Jokalari baten ibilbidea goraberatsua izan daiteke, momentu on asko egon daitezke, baina baita oso txarrak ere eta altxatzen jakin behar da. Neure kasuan esaterako, Osasunatik Oberenara joan behar izan nuen 15 urterekin, bertan konfiantza eman zidaten eta gero bigarren taldera itzuli nintzen hiru urteren ostean. Lehiatzea maite duten futbolariak gustuko ditut, irabazi nahi dutenak, baina badakitenak galtzea ere jokoaren parte dela eta ilusioa mantentzen dutenak.

Jokalari izan zinenean ezin izan zenuen finalik jokatu -Kopako bi finalerditara iritsi zineten-, Athleticen azken urteetako ibilbideak meritua daukala esan daiteke?

Memorian gordeta daukat Betisen kontrako 2005eko finalerdia. Penaltietara galdu genuen San Mamesen. Osasuna finalera heldu zen denboraldi horretan. Nire kirol ibilbideko unerik ziragarriena izan zen. Giro paregabea zegoen zelaian. 2009an Caparros eta Toquerorekin finalerako sailkatzea lortu zenean Sevilla gaindituz harmailetan nengoen eta ez dut inoiz ahaztuko. Athleticek hamar final jokatu ditu geroztik Kopa, Superkopa eta Europakoa kontuan hartuta. Oso zaila da edozein talderentzat maila hori ematea eta gehiago Athleticentzat lehiatzen duen filosofiarekin. Balio handia ematen diot eta, batez ere, gogoan izaten dut taldeak helburuak betetzeko zailtasunak dituen urteetan.