Ez da gaurko kontua Saski Baskonia eta Valentzia Basketen arteko neurketek txinpartak atera ohi dituztela eta, Gasteizen zein Valentzian jokatu, ezin dela faborito argi bati buruz nolanahi hitzegin. Adibidea garbia da: 2010etik 2022ra bitartean Euroligako hamar neurketa jokatu dituzte talde hauek biek elkarren kontra eta balantzea 5-5 dago. Beraz, ostiral gaueko 20.30etatik aurrera zernahi gerta litekeela esanez gero, ez da titular soila, egia hutsa baizik.
Bestela ere, baikor izateko moduan dago Saski Baskonia talde eta taronjaren aurka. Hasteko, 2022/23 denboraldi honetan orotara hiru partida baino ez dituelako galdu etxean: Lenovo Teneriferen aurka ACB Ligan eta Olympiacos eta Barçaren aurka Euroligan. Bestalde, aurtengo Euroligako aurreneko jardunaldian, urriaren 6an, 71-81 nagusitu ziren gasteiztarrak Fonteta kiroldegian, Maik Kotsar eta Darius Thompsonek erakutsi zuten talentua eta konplizitatea nagusi.
Dena esaten hasita, Valentzia Basket behin bakarrik atera da garaile Euroligako neurketan Buesa Arenan: 2017ko urriaren 25ean. Txus Vidorretaren aginduetara, Pablo Prigionik zuzentzen zuen Baskonia hari 63-80 irabazi zion Valentzia Basketek. Egia da, halaber, ordutik hona beste behin bakarrik jokatu dutela talde hauek biek Euroligako demarik Zurbaon: 2020ko abenduaren 29an, eta orduan Dusko Ivanovicenak 71-70 nagusitu ziren Jaume Ponsarnauk zuzentzen zuen Valentzia Basketen aurrean. 2019/2020 denboraldiko Euroligan ez zen Gasteizen partidarik izan talde hauen bien artean, covid-19aren erruz Euroliga bertan behera geratu baitzen.
Hona talde hauen bien arteko datuak. Esan bezala, berdintasuna nagusi da eta, noski, sailkapenean ere hala ageri da, talde biek 13-12ko balantzea baitute: Saski Baskonia zazpigarren eta Valentzia Basket bederatzigarren, ezpal bat bailitzan Maccabi tartean dagoela.
Harritzeko modukoa dela esan liteke, baina garaipen kopuru berberera bide oso ezberdinetatik iritsi dira biak ala biak. Jakina den bezala, etxea gotorleku bihurtu du Saski Baskoniak eta etxetik kanpo, Valentzian lorturiko garaipenaz gain, abenduan Turkian Anadolu Efesi eta Fenerbahçeri irabazitakoek elikatu dute talde gasteiztarra.
Alex Mumbruk gidatzen duen taldeak, berriz, kontrakarrean hasi zuen Euroliga, aurreneko lau neurketetatik hiru galdu baitzituen. Horrez gain, etxean Saski Baskonia baino askoz ahulagoa izaten ari da. Saski Baskoniaz gain, Villeurbanne, Real Madril, Zalgiris, Izar Gorria, Maccabi eta Olympiacos garaile atera dira Fontetatik. Ondorioz, esan gabe doa etxetik kanpo talde taronjak sekulako arriskua duela aurten Euroligan. Hala, Anadolu Efes, Olympiacos, Partizan, Villeurbanne, Alba Berlin eta Panathinaikosen kantxetan garaile atera da.
Kopa eta segida
Anaia siamdarrak bailiran, beren ibilbidea azken asteetan ere oso antzekoa izan da. Esaterako, biek ala biek Kopako final-laurdenetan galdu zuten. Baskoniak Joventuten aurka 94-81 amore eman zuen bitartean, 86-85 galdu zuen talde taronjak, azken segundoan Chris Jonesek partida irabazteko jaurtiketa huts egin eta gero.
Koparen segidan Euroliga itzuli zen talde hauentzat bientzat eta han ere galtzaile. Jakina da Saski Baskoniak ez zuela neurketa onik egin Virtus Boloniaren kantxan eta Sergio Scarioloren taldea 88-83 gailendu zela gasteiztarren aurrean. Valentzia Basketek, berriz, bikain ekin zion Olympiacos liderraren aurkako demari, eta bigarren laurdenean 45-30 ere aurreratu zen. Alabaina, talde greziarrak 50na berdindu zuen eta markagailuan hanka egin ere bai, 58-73 jarri arte. Azkenean, 85-92 nagusitu ziren greziarrak eta bide batez, hilabete baterako Kyle Alexander galdu zuen Alex Mumbruren taldeak.
Hinbestekoa da berdintasuna, badirudiela Baskoniak berak ere jokatu ezinik dagoen jokalariren bat jarriko duela ostiraleko neurketan: Tadas Sedekerskis. Virtus Boloniaren aurka ezin izan zuen jokatu giharretako arazoak zirela-eta, eta Joan Peñarroyak neurketa bezperan eskaini duen prentsaurrekoari so eginez gero, nekez jokatuko du ostiralean. «Entrenatzeko baliatu dugu aste hau, baina Tadasek ez du besteen erritmo berean osatu astea. Ez dut uste jokatuko duenik», esan du zehazki Terrassako entrenatzaileak.
Hamabi partida
Otsaila hasieratik Buesa Arenara itzuli gabe zebilen Saski Baskonia eta hargatik, Peñarroyak zaleei hurbiltzeko gonbita luzatu die. «Etxean eta kanpoan antzera jokatu ohi dugu, baina etxean, zaleen berotasunarekin, askoz errazago gainditzen ditugu estuasunak. Hala, espero dut ostiralean gure zaleen laguntzarekin Valentzia Basketi irabazteko gai izango garela», gaineratu du Peñarroyak.
Dena beharko du, martxoan hamabi partida jokatu beharko ditu-eta Saski Baskoniak, Euroliga eta ACB Liga tarteko. «Irabazi edo galdu, neurketa bat bera ere ez da hil ala bizikoa, baina egia da egutegiak aurrera egin ahala, neurketen garrantzia handiago egiten ari dela. Beraz, aurrerapausoa litzateke garaipena lortzea», onartu du entrenatzaile katalanak.
Zentzu horretan, aurtengo ACB Ligan Saski Baskoniak Valentzia Basketi joan den urtarrilaren 8an irabazi zion partida gogoan hartu nahi izan du. «Asko kosta zitzaigun irabaztea, ia azken jokaldietan erabaki baitzen partida. Kontziente izan behar dugu ostiralekoa ere halakoxe neurketa izango dela eta arerio zuzen baten kontra gure mailarik onena eman beharko dugula», gehitu du Peñarroyak.
Bestalde, Euroligaren azken zati honi begira, gasteiztarrek ez dute fitxaketa garrantzitsuegirik egin. Hau da, hilaren 1ean arratsaldeko 18.00etan amaitu zen Euroligan jokalariak fitxatzeko aukera eta Mindaugas Kuzminskas lituaniarra etorriko ote zen zurrumurrua zabaldu bazen ere, azkenean ez du fitxaketarik egin Saski Baskoniak. Tira, bai, Pavel Savkov hegaleko errusiarra gehitu du Joan Peñarroyak lantaldera, denboraldi hasieran Fuenlabradari utzi eta azkenean Gasteiza bueltan etorri den jokalaria. Dena den, ez dirudi Euroligan minutu askorik jokatu beharko lukeenik, itxura baten.