NAIZ

Emakumeen eskubideak babesteko Gipuzkoako ituna sortzeko gonbitea luzatu du EH Bilduk

Herrialde mailako ituna sortzeko gonbita egin die Maddalen Iriartek EAJk eta Elkarrekin Podemosek aldundirako aurkeztu dituzten hautagaiei, «lehia politikotik» aparte emakume eta gizonen arteko berdintasunaren gaia lantzeko.

Kargu politikoa duten nahiz datozen hauteskundeetan hautagai izango diren EH Bilduko emakumeak, Maddalen Iriarte lehen lerroan dagoela.
Kargu politikoa duten nahiz datozen hauteskundeetan hautagai izango diren EH Bilduko emakumeak, Maddalen Iriarte lehen lerroan dagoela. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak, Maddalen Iriartek, emakumeen eskubideen alde egiteko Gipuzkoako ituna sortzea proposatu du, eta ekimen horretara batu daitezen dei egin die EAJko eta Elkarrekin Podemoseko hautagaiei. «Har ditzagun herri eta gizarte gisa aurrera egiteko estrategikoak diren neurriak gaurdanik, eskubide berdintasuna ez baita lehia politikorako gaia, justiziazko gaia baizik», aldarrikatu du.

EH Bildun kargu politikoa duten nahiz udal eta foru hauteskundeetako hautagai diren dozenaka emakumeekin batera Hondarribian egindako ekitaldi batean luzatu die probintzia mailako ituna eratzeko gonbita Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai diren beste bi emakumeei, Eider Mendoza (EAJ) eta Miren Echevesteri (Elkarrekin Podemos). «Eser gaitezen emakumezko hiru ahaldungai nagusiak, atera dezagun lehia politikotik emakume eta gizonen arteko berdintasunaren gaia, eta hitz egin dezagun», agertu du.

Ekitaldian, Maddalen Iriartek berretsi du emakumeen eskubideak defendatzeko alderdi politikoen «borondatea» behar dela «hitz egin, eztabaidatu eta adostasunetara heltzeko». Zentzu horretan, segurtatu du koalizioaren borondatea «erabatekoa» dela.

«Alderdi politiko ezberdinak ordezkatzen ditugun neurrian proposamen eta planteamendu politiko ezberdinak dauzkagu, baita berdintasun politiken kasuan ere. Hala ere, emakume eta politikari garen neurrian, zoru bat partekatzen dugu eta badira hainbat gai lehia politikotik at utzi beharko genituzkeenak», esan die Iriartek gainerako hautagaiei.

Zentzu horretan, koalizio abertzaleko kideak gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko zenbait gairen inguruan hitz egiteko beharra azpimarratu du: «Hitz egin dezagun beraz, nola lortuko dugun emakume eta gizonen arteko soldata arrakala amaitzeko Gipuzkoa mailako hitzarmena, herrialdeko sektore produktibo eta eragile sozialekin elkarlanean. Hitz egin dezagun erabat feminizatutako zaintzaren sektoreaz eta bertan diharduten emakumeen lan baldintzak hobetzeaz».

«Has gaitezen herrialde mailako itun bat lantzen, Emakumeen eskubideen aldeko Gipuzkoako ituna, emakume eta gizonen presentzia parekidea izan dadin, foru administrazioen organo guztietan; baina baita Gipuzkoan egoitza fiskala duten enpresa pribatuen kudeaketa organoetan ere», aldarrikatu du Iriartek.