NAIZ

Estatuaren indarkeriaren biktimekin bildu du Foro Soziala

Estatuaren indarkeriaren biktima talde batekin bildu da gaur Bilbon Foro Soziala. Bilera hau bere jarduera ama¡tutzat eman aurretik Foroak egiten ari den elkarrizketa sortan kokatzen da.

Foro Sozialak Estatuaren indarkeriaren biktimekin Bilbon egin duen bilera.
Foro Sozialak Estatuaren indarkeriaren biktimekin Bilbon egin duen bilera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Foro Sozial Iraunkorra eta Estatuaren biktimen ordezkaritza bat elkartu dira gaur Bilbon, eta ‘Biktimen arteko diskriminazio egoerak gainditzea. Aurrerapenak eta erronkak’ dokumentua eman dio.

Bilera hau Foro Sozial Iraunkorrak bere lan-zikloa amaitutzat eman aurretik egin beharreko lanen artean kokatzen da. Martxoaren erdialdean bere VI. Foro Soziala antolatuko du, azken ekimen gisa. Amaiera prozesu horretan, leku berezi bat izaten ari dira urte hauetan guztietan Foroarekin lanean ibili diren giza eskubideen urraketen biktimak.

Biktimekin, bi ekimen egin dira: Alde batetik, gaur goizean Egiari Zor Fundazioan elkartzen diren Estatuaren biktimen ordezkaritza batekin izandako bilera. Bestalde, aste honetan bertan gutun bat bidali diete urte hauetan lanean aritu diren antolatu gabeko ETAren biktimei. Eta bilera pertsonalizatuak egiten ari dira hala eskatzen dutenekin.

Bi kasuetan, Foro Sozial Iraunkorrak ‘Biktimen arteko diskriminazio egoerak gainditzea. Aurrerapenak eta erronkak’ izeneko dokumentua partekatu du. Dokumentuan, biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidean azken urteetan izandako aurrerapenen diagnostikoa egiten da. ETAren biktimei dagokienez, beren ahots propioarekin hitz egiten dutenek pairatzen dituzten birbiktimizazio adierazpen berriak eta sare sozialetatik eta komunikabide batzuetatik jasaten dituzten irainak eta erasoak identifikatzen dira dokumentuan.

Estatuaren biktimen kasuan, dokumentuak azken urteetan tratamendu asimetrikoa eta diskriminazio adierazpenak gainditzeko izandako aurrerapenen diagnostikoa egiten du. Bi kasuetan, gainditu gabeko erronkak identifikatzen dituzte.

Bileran parte hartu duten biktimak hauek izan dira: Pilar Garaialde, Paulo Garaialderen alaba, Triple A-k eraila; Begoña Martínez de Murgia, Mikel Martínez de Murgiaren arreba, Guardia Zibilak extrajudizialki eta arbitrarioki eraila; Encarnación Blanco, torturaren biktima; Begoña eta Karmen Galdeano, Xabier Galdeanoren alabak, GALek eraila eta Ainara Esteran, Egiari Zor Fundazioaren koordinatzailea.

Foro Sozialeko ordezkariak Agus Hernan, Mikel Casado eta Eneko Calle izan dira.