NAIZ

«Erotu gabe» ekingo dio Aitor Elordik Lehen Mailako azken faseari estreinako aldiz

Aurrelariak, Zabaleta bizkartzain duela, larunbatean Peña II.a-Mariezkurrena II.aren aurka jokatu beharreko finalerdietako ligaxkako lehen partidarako material aukeraketa egin du asteazken honetan Iruñeko Labriten.

Peña II.a-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta, asteazken honetan Labriten.
Peña II.a-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta, asteazken honetan Labriten. (ASPE PELOTA)

Binakako Txapelketa luzea iritsi da dagoeneko bere faserik garrantzitsuenera. Larunbat honetan, Iruñeko Labriten, finalerdietako ligaxka hasiko da. Bertan arituko dira nor baino nor Elordi-Zabaleta eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a, 17.15ean hasiko den jaialdiko bigarren partidan.

Lau pilotari hauetatik bat aipatzearren, hori Aitor Elordi da. Aurrelariak Lehen Mailako azken fasea estreinako aldiz jokatuko du. Jose Javier Zabaletarekin batera, lider bezala amaitu zuten hasierako ligaxka, 14 partidetatik 12 irabaziz. Larunbateko aukariak, aldiz, seigarren izan ziren, sei garaipenekin.

«Pozik nago ligaxkan izan dudan portaerarekin. Egia esan, nahi genuen bezala lehiatu gara. Sentsazio onekin amaitu dugu eta hori da garrantzitsua», azpimarratu du Elordik asteazken honetan Labriten egindako material aukeraketan.

Aurrelariak aurten egin du debuta Lehen Mailako Binakakoan, eta, beraz, lehenengo aldiz jokatuko du baita ere azken fasea. «Finalerdietan egoteagatik ez naiz erotuko. Binakakoan debutatzeagatik egin nuen bezala hartuko dut egoera: atzelari onenarekin tokatu zitzaidan niretzat lehiaketa berri bat zena eta uste dut ondo kudeatu dudala», adierazi du Elordik. «Horregatik, orain ez dut ezer aldatuko eta garrantzia justua eman behar zaio. Ilusio eta motibazio berarekin jarraitu behar dut», gaineratu du Mallabiakoak.

Elordik eta Zabaletak 105.4, 105.6 eta 105.7 gramoko hiru pilota aukeratu dituzten bitartean, Peña II.a–Mariezkurrena II.ak 104, 104 eta 104.8 gramoko beste hiru hartu dituzte larunbaterako.

Sarrerak agortuta Labriteko hiru finalerdietarako

Baiko Pilota enpresak jakitera eman duenez, dagoeneko agortu dira Labriten jokatuko diren Binakako Txapelketako finalerdietako hiru partidak ikusteko sarrerak. Elordi-Zabaleta eta Peña II.a-Mariezkurrena II.aren artekoa lehenengoa izango da, eta beste biak martxoaren 18an eta 25ean izango dira, denak larunbatean.

«Finalerdiak oso partida gogorrak izango dira. Lau bikote sendoenak iritsi gara. Larunbatean indar handiko bikote baten aurka jokatuko dugu. Agian besteek baino lan gehiago egin behar izan dute finalerdietara iristeko, baina beraien maila zein den play-offetako azken partidan argi geratu zen», azpimarratu du Aitor Elordik.

Larunbatean aurkari izango duen Jon Mariezkurrenak, bestalde, bera eta Peña II.a «ilusio handiarekin» daudela aitortu du material aukeraketan. «Etapa berri bat hasiko dugu eta denok zerotik hasiko gara. Ea ondo hasten dugun ligaxka hau», amaitu du Baikoko atzelariak.

Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia igandean amaituko da, Gasteizeko Ogetan, Laso-Imaz / Altuna III-Tolosa partidarekin. Bi bikote hauek asteartean egin zuten material aukeraketa. Elkarri bota zioten faboritoaren zama.