Gaur goizean erretreten erreformaren aurkako aldarrikapena eta borroka feminista bateratu dituen martxa izan da Baionan. Sindikatuek deituta, mila lagun inguru erakarri ditu soldata eta erretreta karira emazteek pairatzen duten diskriminazioa salatzea xedez antolaturiko martxak.
14.30ean, berriz, ekintza egin du Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak. Baionako Herriko Etxeari 50.000 euroko isuna ezarri diotela berriki parekidetasuna ez errespetatu izanagatik gogoratzen zuen banderola zintzilikatu nahi zuen sindikatuak tokiko erakundeko balkoitik.
Finean, ez diote utzi. Izan ere, emazteek ardura postuetan izan behar dutela aldarrikatzen zuen pankarta udal arkupeetan jarri dute.
15.00etan, berriz, hainbat erakunde biltzen dituen Kolektibo Feministak antolaturiko mobilizazioak banderola moreez eta feminismoaren aldarrikapenez bete du Merkatu Plaza.
Handik erdigunerantz jo du martxak. Herriko Etxearen plazan geldiunea egin ostean, berriz Baiona Ttipira itzuli dira manifestariak.
17.00etan berriz, ‘atsaskari partekatua’ izanen da Patxa plazan eta Patxokin bukatuko da eguna aperitifa feminista batekin.
Sostengu zabala duen martxa eginen dute Pausun
Euskal Herriko beste lurraldetan bezala, eskualdez eskualde eta herriz herri bertze hainbat ekimen antolatu dituzten elkarte feministek.
Hala Hendaiako Bagera Nous Sommes elkarteak 17.45ean manifestazio bat antolatu du Bidasoako M8 Asanblada Feministaren deialdiaren baitan.
Pausuko plazatik abiatu, Hendaia zeharkatu eta Santiago zubitik Irunen bukatuko da.
Mobilizazioak LAB, CGT eta Solidaires sindikatuen sustengua jaso du eta baita Urruñako zein Biriatuko Herriko Etxeena ere. Hondarribiatik eta Irundik ere zutabe bana aterako dira.
Martxoaren 10ean 'Girl Power' gaualdia antolatu du elkarte berak Hendaiako Bordeline Fabrikarekin lankidetzan. 18.00etan Ameriketako ahozko tradizioa landuko dute Zoe Mezarekin. Emazteei eta erretretei buruzko mahai ingurua 19.15ean iraganen da eta 21.00etan Muareren kontzertua izanen da.
Urruñan ere hainbat ekitaldi izanen dira. Martxoaren 10ean pintxo pote feminista izanen da 18.00etatik 21.00etara Urruñako herri erdian, ‘Duo Jade’ talde kubatarrarekin.
Donapaleun berriz, martxoaren 12an, 16.00etan Anne Etchegoyen kantaria ‘Ainarak’ filmaren proiekziora hurbilduko da Saint-Louis zinemara. Zuberoako espartin lantegietan lan egiten zuten emazteen historia biltzen duen filmaren proiekzioaren ondoren, solasaldia eta kontzertu ttipi bat izanen dira.