NAIZ

Saregile, neskatila eta paketatzaileak 4 urte lehenago jubilatu ahal izango dira

Madrilgo Senatuak onartu duen Arrantza Legeari esker saregile, neskatila eta paketatzaileak orain baino 4 urte lehenago erretiratu ahal izango dira. Lanbide feminizatu hauek itsasoko erregimen bereziko gainontzeko profesionalen baldintzekin berdindu dituzte.

Idurre Bideguren eta Gorka Elejabarrieta senatariak hainbat saregile, neskatila eta paketatzailerekin.
Idurre Bideguren eta Gorka Elejabarrieta senatariak hainbat saregile, neskatila eta paketatzailerekin. (EH Bildu)

«Urte luzez borrokatu ondoren, 545 saregile, neskatila eta paketatzaile ia 4 urte lehenago jubilatu ahal izango dira», azaldu zuen Idurre Bideguren EH Bilduren senatariak. Izan ere, 47/2015 legea aldatzen duen Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Legea onartu zuen asteazkenean Senatu espainiarrak, erretiroaren koefiziente murriztailea aitortzen diena aipatutako profesionalei, erretiroa lehenagoa ahalbidetuz, sektoreko gainontzeko langileei bezala.

«Berandu» heldu den legea dela adierazi zuen Bidegurenek, «emakume askok ezin izango dute eskubideaz gozatu». Azaldu zuen ezinbesteko lanbideak direla arrantza jarduerak behar bezala funtzionatu dezan, «ez badute egiten dena gelditzen da, baina egin bitartean ez zaie aitortu». Gaineratu zuen urte luzez ez dela jarduera produktibotzat hartu, zaintzaren arloarekin lotutakoa baizik, eta emakumeek egin izan dutela arautu gabe zegoen lan hori.

Belaunaldi erreleborik ezaren inguruan ere aritu zen Bideguren, azpimarratuz lana duintzeko neurri zehatz eta eraginkorrak behar direla. Halaber, adierazi zuen «justizia poetikoa» litzatekeela martxoaren 8an emakume langileei mesede egingo dien araua onartzea.

Ez da nahikoa

Legea aurrerapauso nabaritzat jo bazuen ere, Bidegurenek onartu zuen bazeukala nondik hobetu eta ados agertu zen aurkeztutako zenbait zuzenketarekin. Hala nola, sektorearen errentagarritasunaren inguruko zailtasunei konponbiderik ez diela ematen. Gaineratu zuen kontsumitzaileek produktuaren inguruan jasotzen duten informazioaren inguruan zer hobetu ere badagoela. Hala ere, araua hainbat arinen onartzea ezinbestekotzat jo zuen senatariak, langileentzat dakarren aurrerapausoagatik.