NAIZ

Donostiaren nortasuna berreskuratzearen aldeko apustua egin du Juan Karlos Izagirrek

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako alkategaiak hiriarentzat duen proiektuaren berri eman du Tabakaleran. «Donostiaren nortasuna berreskuratzea» helburu bezala aurkeztu du ekitaldian.

Donostiarentzat daukan proiektuaren berri eman du Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaiak.
Donostiarentzat daukan proiektuaren berri eman du Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaiak. (Jon URBE | FOKU)

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du ostiral honetan Tabakaleran, Donostian. Alkategaia den Juan Karlos Izagirre egungo egoeraren eta etorkizuneko erronken inguruan aritu da. Izagirrek «Donostiaren nortasuna berreskuratzearen aldeko apustua» egin du, «azken urte hauetan, zalantzarik gabe, nortasun hori halabeharrez galdu» delako. Eta gaineratu du egoera honetara iristeko ardura «eztabaidaezina da hemen hartu diren erabaki politikoen ondorioa izan dela».

EH Bilduko zerrendaburuak hitz gutxitan laburtu du ordezkatzen duen proiektu politikoa: «Donostiako hiritarrek beren bizi-proiektuak garatu ahal izatea». Eta horretarako, ezinbestekotzat jo du Donostian «herritar guztiak aintzat hartuko dituen turismo politikak bermatzea».

Izagirrek azaldu duenez, helburua da «hiritarrak euren auzoan eroso egotea eta protagonista izatea, eta hau, turismoarekin bateragarria izatea». «Herritarrek segurtasuna izan behar dute hartzen diren erabaki politikoak eurei, herritarrei, begira hartzen diren erabakiak direla» azpimarratu du EH Bilduren alkategaiak eta 2011tik 2015era alkate izandakoak. Izagirreren ustez, «Donostiaren ikusgarritasunak nazioartean berebiziko garrantzia du». Eta horretarako «turismoaren eta donostiarren arteko elkarbizitza sustatzea Donostiako Udalaren eginbeharra» dela azpimarratu du.

Alojamendu turistikoak mugatzeko atzoko Udal Gobernuaren iragarpenari buruz, Izagirrek adierazi du «egoera honetara ekarri gaituenen ahotan» entzun dutela urtebetean behintzat ez dela baimen gehiago emango. «Lasaitasunez esan dute, 50 baimen eman eta gero», salatu du.

Azpimarratu du «berandu» datorren erabakia dela, «eta guztiz motz» gelditzen dela. «Hartu beharreko neurriak epe motzekoak dira, baina erabaki estrategikoak ere hartu behar dira» azaldu du Izagirrek. Eta, turismo jasangarriaren definizioak dioena gogora ekarriz, defendatu du «turismoaren garapenak ezin duela hiritarren kaltetan egin, Donostian gertatu den bezala».