Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
IRITZIA

Epaile legegileak

Hizkuntzek ez dute eskubiderik, baina hizkuntzei, bost axola. Eta euskal hiztunek edo hizkuntza gutxituen hiztunek, badute eskubiderik?

Azpikontratatuak (Barakaldo) edo publikoak (Irun, Uliazpi), con un par. Langileen interesekiko ardura handia erakusten ari dira epaileak aspaldion. Hizkuntza eskakizunei begiratuta; aldiz, ez horrenbeste haien lan baldintzei dagokienez. 

Oinarrizko eskubideak lehenetsi behar omen dira hizkuntza eskubideen gainetik. «Hizkuntzek ez dute eskubiderik». Boladan jarri zen esaldi hau duela zenbait hamarkada. Filosoforen batek esanda, berehala agertu ziren beleak haren aienea pizten, nevermore. Hizkuntzek ez dute eskubiderik, baina hizkuntzei, bost axola. Eta hiztunek, euskal hiztunek edo hizkuntza gutxituen hiztunek, badute eskubiderik? Ez, nonbait, baina haietako askok ez dute sinesten, ez dira fede horretakoak.

Joan Mari Torrealdaik euskararekiko maitasun adierazpenak ere bildu zituen “El libro negro del euskera” lanean; esate baterako, Unamunorenak. Euskararenak egina zuela uste zuen, batez ere horixe nahi zuelako, baina euskara maite zuen, betiere irizpide zientifikoarekin. Zaila dela esan zuen, eta gauza bera errepikatu zuen epaile batek orain aspaldi ez dela, sarean aurkitutako irizpide zientifiko berdintsuarekin, zuzenbide zientzia gaindituta. Epaile gehienek Unamunoren antzera maite baitute euskara: «Ehortzi dezagun santuki, hileta duinarekin, zientzian baltsamatuta; [...] azter dezagun espiritu zientifikoarekin eta maitasunez».

Epaile horiek ez dute botere legegilerik behar, antza; zertarako, euren legeria propioa daukate eta? Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasleak uste du hizkuntza eredu bat inposatu nahi dutela. Hain zuzen. Horren beharra nabarmendu zuen Unamunok, besteak beste: «Estatuak Espainia osoan gaztelania inposatuko ez balu, dialektoak gaztelaniari gailenduko litzaizkioke».

Madrilen nekez onartuko lukete mediku euskaldun bat edo katalan hiztuna, mediku onak nahi baitituzte. Eta islandiera baino ez dakien islandiar bat (ez dakit halakorik existitzen den) baina mediku bikaina dena? Bitartean, Katalunian erizain onak kanporatzeko oposizioak egingo omen dituzte.