NAIZ

Polloeko hobi komunari berezko esanahia emateko eskatu dio Elkarrekin Podemosek Lakuari

Elkarrekin Podemosek Gogora Institutuari eskatu dio Polloeko hobi komunean dauden gorpuzkiak ikertzeko eta identifikatzeko lanak burutzeko, eta memoria demokratikoaren aurkako gurutze frankista kentzeko, bereziki ezin badira han lurperatutako gorpuzkiak atera.

Gurutze frankista Polloeko hilerrian.
Gurutze frankista Polloeko hilerrian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Elkarrekin Podemosek legez besteko proposamen bat erregistratu du astelehen honetan Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeak Donostiako Polloe udal hilerrian dagoen hobi komunari «merezi duen duintasuna» eman diezaion proposatzeko.

Jon Hernandez legebiltzarkideak idazkian gogoratu du Polloen dagoen panteoia udal jabetzakoa dela eta miliziano errepublikarren gorpuak ere badaudela hor ehortzita. Bide batez, miliziano hauen gorpuzkiak identifikatzeko ikerketa eta joan den igandean haien omenez jarritako plakaz aritu da.

Panteoian dagoen gurutze frankistari buruz, «demokraziaren eta askatasunen defentsan bizitza eman zuten pertsona horien memoriarekiko errespetuarekin» ez dela bateragarria aldarrikatu du.

Atzo Donostiako Polloe hilerrian gudari errepublikanoen omenez egin zen ekitaldia. (Jon URBE | FOKU)

Lurpetik atera, lekua seinalatu eta gurutzea kendu

Hortaz, Memoria Historikoaren Legean oinarrituta «milizianoen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko prozesua aztertzea eta beste leku batean lurperatzeko aukera ezartzea, eta ez haien borreroekin batera» eskatu du Elkarrekin Podemosek.

Gainera, Gasteizko Legebiltzarrak Gogora Institutuari eta Donostiako Udalari «hobi komunean egia azaltzeko, Memoria Historikoaren leku gisa, hura behar bezala seinaleztatuz eta ikusaraziz, eta panteoiaren gainean kokatutako gurutzea kentzeko, kasu honetan kolpisten goratzearen sinbolo baita».

Era berean, Ganbera honek Gogora Institutuari eska diezaiola «gorpuzkiak ikertzeko eta identifikatzeko lanak burutzeko, eta txosten bat egin dezala, teknikoki bertan utzitako estatu kolpearen biktimen gorpuzkiak lurpetik ateratzea posible den ala ez behin betiko zehazteko».