NAIZ

1990ean Irunberrin jazotakoa ezagutzeko bidean aurrerapausoak iragarri dituzte

Duela 32 urte Irunberriko arroilan gertatutakoak hotzikarak eragiten ditu oraindik Euskal Herrian. Susana Arregik eta Jon Lizarraldek beren buruaz beste egin zutela esan zuen bertsio ofizialak, baina bertsio ofizialen sinesgarritasuna ezaguna da gurean. Egiaren bila bidea egiten ari dira Oñatin.

Oñatiko Gure Bazterrak Kultur Elkarteak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan.
Oñatiko Gure Bazterrak Kultur Elkarteak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

1990eko ekainaren 25eko eguerdian tiroketa bat izan zen Irunberriko arroilan, hiru etakideren eta hainbat guardia zibilen artean, haren ondorioz Jose Luis Hervas, institutu militar espainoleko sarjentua hilik suertatu zen. Egun horretan bertan, 20.30ak aldera, German Rubenach buruan tiro batekin agertu zen, oso larri zaurituta eta Nafarroako Ospitalera eraman zuten. Bizirik irten zen. Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra, aldiz, hurrengo eguneko goizeko 8.45ean arroilan bertan agertu ziren. Arregik bi tiro zituen buruan eta Lizarraldek bat. Bertsio ofizialak suizidioa aipatu zuen hasiera-hasieratik, baina jende askoren susmoa da guardia zibilek bi etakideak harrapatu, torturatu eta hil zituztela.

Oñatiko Gure Bazterrak Kultur Elkarteak gai honi heldu zion 2022ko urtarrilean eta ikerketa bat abiatu zuen, jazotakoa argitzeko xedez. Horretarako Pako Aristirekin harremanetan jarri ziren, eta idazle azpeitiarrak urtebeteko lana egin du helburu hori erdiesteko. Eta, hain zuzen, lan horren guztiaren balorazioa egin dute astearte arratsaldean Oñatiko Antixena Gaztetxean.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, «aldarrikatzen genuena eta duguna garbi dago zer den, egia jakitea», izan ere, gaineratu dutenez, «egun negargarri hartan ez ziren bi gauza gertatu, gauza bakara gertatu zen». Alegia, bertsioak bertsio egia bakarra dagoela eta horren pezkizan dabiltzala.

Gure Bazterrak elkarteko kideek «gure herria hainbeste markatu zuen gertakaria» ikertzeko egindako lana eskertu diote Aristiri, bai eta hari buruzko liburu bat idatzi izana ere. ‘Irunberri 1990, Arroilaren negarra’ izena dauka, hain zuzen, eta haren aurkezpena Koldo Mitxelenan (apirilak 21), Oñatiko Santa Ana aretoan (apirilak 26), Andoaingo Basteron (apirilak 27) eta Iruñeko Katakraken (apirilak 28) egingo dute.

Hainbat lekukorekin hitz egin dute

Ikerketari berari dagokionean, azaldu dute «aurrerapauso nabarmenak» egin dituztela kasua argitze bidean, eta horien arteko batzuk nabarmendu dituzte.

Alde batetik, egun horretan Irunberrin zebiltzan Herbehereetako turistetako batekin kontaktuan jartzea lortu dute, eta «garrantzitsutzat» jo dute berak esandakoa. Arroilan zeuden umeetako batzuekin ere izan dira, eta hauen lekukotasunari ere garrantzia eman diote, bai eta garai hartako «protagonista» batzuek emandako pistak. Lekuko horiek guztiek esandakoari buruz zehaztapen handirik ez dute eman, baina horiek guztiak Aristiren liburuan jasota egongo dira.

Bestetik, sumarioan agertzen diren xehetasun guztiak aztertu eta «kontraesan nabarmenak» aipatu dituztela azaldu dute. Eta, oro har, egia ezagutzeko bidean aurrerapauso nabarmena emateko aukera dagoela ondorioztatu dute.