NAIZ

Bortzirietan eta Malerrekan parke eoliko «espekulatiboak» jarri nahi dituztela salatu dute

Bortzirietan eta Malerrekan bi «makropoligono» eoliko paratu nahi dituztela salatu du Sustrai Erakuntzak. «Ustez berriztagarria» den egitasmo hau «Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin» garatzen ari dela gaineratu du.

Alaitz mendilerroan paraturiko parke eolikoa.
Alaitz mendilerroan paraturiko parke eolikoa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Interes espekulatiboen erritmora eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin» Bortzirietan eta Malerrekan «makropoligono» eolikoak paratzeko egitasmoa salatu du Sustrai Erakuntzak.

Zehazki, Madrilen egoitza fiskala duen Zelena Renovable enpresak bi «makropoligono» eoliko paratzeko asmoa du, baikoitza 50 MWekoa. Lehena, Bortzirietan, Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan. Bigarrena, Malerrekan, Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaien udalerrietan.

«Ustez berriztagarriak diren proiektuen enpresa kolonizazio horren balantzea ezin da mingarriagoa izan. Ez dio subiranotasun eta buruaskitasun energetiko handiagorik ekarri Nafarroari, ekoizpen eta merkaturatze erabakiak multinazional energetikoen esku baitaude. Ez du elektrizitatearen prezioa murriztu, langileen eta herritarren gehiengoaren poltsikoak kolpatuz eta oligopolioen onurak gizenduz. Azken urteotan ez du berotegi efektuko emisio kutsatzaileen murrizketarik eragin, 2030erako Nafarroako Energia Planak onartzen duen bezala», adierazi du Sustraik.

«Dinamika desarrollisten alternatibarik gabe»

«Ez du dinamika desarrollisten alternatibarik sortu (Abiadura Handiko Trena, makrogranjak, ibilgailu pribatuaren sustapena, erauzketa jarduera basatiaren babesa, hala nola Mina Muga eta Magna Erdizen). Azkenik, ez du lurraldearen erresilientzia bultzatu, laborantza lurren galera eta biodibertsitatearen gaineko presio jasanezina eragiten ari delako», gaineratu du.

«Estatu Batuek eta haien aliatuek gidatutako gerra ekonomikoaren testuinguruan gaude, baliabide energetiko eta mineralen kontrolean posizio hegemonikoari eusten jarraitzeko. Horren ondorioz, jasaten ari garen krisi ekologiko eta sozialarekin zerikusi gutxi duten neurriak hartzen ari dira. Fracking tekniken bidez ateratako gas natural likidotua sustatzen da. Energia nuklearra eta gasa energia berdetzat jotzen dira. Next Generationen funtsak erabiltzen dira petrolio, energia eta automobil multinazionalak finantzatzeko. Edo araudia onartzen eta malgutzen da makropoligono eolikoen eta fotovoltaikoen baimena errazteko, gizartearen parte-hartzea eta lurraldearen eta biodibertsitatearen defentsa sakrifikatzearen truke», nabarmendu du Sustraik.

Oharatarazi duenez, «Nafarroako erakundeek dinamika horretan parte hartzen dute. Bai Gobernua bai alderdi politikoak araudiak, planak eta dekretuak onartzen ari dira, eta energia eta materialen alferrikako kontsumoak murrizteko plangintza arrazionaletik urrun, sustatzaileen anbizioa bultzatzen ari dira, makropoligono berriztagarriak kontrolik gabe hedatzen jarraitzeko».