«Eroa eta xelebrea da gero denboraldi hau! Gaur gorantz ari gara begira eta hurrena, berriz, beherantz! Ezin da asmatu!» Erdi brometan, erdi serio, Azu Muguruzak ez du lantegi errazik izan aurten Ibaeta Basket norabait gidatu nahi horretan. Joan zen asteburuan Tenerifen egundoko hankasartzea egin zuten donostiarrek eta Emakumeen Endesa Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan play-offetako postuak bi garaipenera badituzte ere, jaitsiera saihesten ahaleginduko dira lehenengo, eta gero gerokoak.
Josean Gasca pabiloian uneotan jaitsiera postuetan dagoen Innova Leganes jasoko du IDK Euskotrenek zapatu honetan, 18.00etatik aurrera. Donostiarrek baino hiru garaipen gutxiago dituzte madrildarrek –10 IDK Euskotrenek; 7 Innova Leganesek– eta astean zehar atzeraturiko partida ezin garrantzitsuagoa galdu dute Murtziako Jairisen kantxan: 64-62 azken minutuan 56-62 irabazten izan eta gero. Ez da ahaztu behar, nolanahi, dagoeneko maila galduta dagoen Teneriferen kantxan galtzetik datorrela talde donostiarra bera ere, nahiz eta Tenerifek dagoeneko maila galdu duen eta ezer ere ez duen jokoan.
«Nahi ez dela ere, kontuak beti egiten dira. Badakizu ‘halakori irabazten badiogu eta beste hark galdu...’, hargatik Tenerifekoa ohi baino porrot mingarriagoa izan da. Ustez behintzat irabaztekoa zen partida eta kolpe oso handia izan zen», onartu du Azu Muguruzak larunbateko partidari begira taldeak duen umorea azaltzeko orduan.
«Bistan da partidak alde jartzen zaizkigunean, batik bat inork gutxik espero duenean irabazi ditzakegula, gaia badugula irabazteko. Aitzitik, ‘bai ala bai’ irabazi beharreko partida horietan ez gara moldatzen, are gutxiago trabatzen eta gogortzen badira, eta Tenerifen ikusi zen bezala, partida hautsi gabe aurretik ekin eta aurkaria gainera etortzen zaigunean. Orduan sekulakoak eta bi pasa behar izaten dugu irabaziko badugu», gaineratu du.
Pasa den jardunaldiari begira, «oreka falta» egotzi dio bere taldeari Azu Muguruzak. «Kanpoko jokalariek ohi baino askoz gutxiago eman zuten eta ia dena barrutik sortu behar izan genuen. Desoreka horiek sekula ere ez dira onak eta oreka baten bila lan egin behar da. Gauza bat da Maria –España– ez ongiegi egotea geldirik egon delako hainbat denbora eta, bera hjaurtitzailoe izanda, eskuin ukalondoa minduta izan duelako. Baina oso ezberdina da Joy –Adams– bere onenetik hain urruti izatea. Yurena –Diaz– lesionatzen den arte, Maria, Joy eta hirurak dira taldearen kanpoko jokoaren giltzarriak eta kolpetik, giltzarri horiek guztiak desagartzen badira, askoz zailagoa da garaipenik lortzea edo jarritutasunik izatea», kexatu da entrenatzaile donostiarra.
Leganesen aurka joaneko partidan gertatu zenari so eginez gero, IDK Euskotren da faborito garbia. Madrilen 61-92 nagusitu baziren donostiarrak, Josean Gasca kiroldegian derrigor arazo handirik gabe izan beharko lukete nagusi, edo halakorik dio logikak.
«Egia da Joy eta Maria oraindik ez daudela onenean, baina esfortzu hori egin beharko dute», azaldu du alde batetik Azu Muguruzak. Bestalde, «irabaziko badugu, denok eman behar dugu zerbait, noski. Are gehiago Leganes lako aurkari baten kontra. Irabaztea kostatzen zaio asko, baina ia beti leihakorra da, eta begiratu Teneriferi ere. Beste inor baino askoz okerrago zegoen, egun ona gure kontra tokatu arte», ohartarazi du.