“Gloriosas Astearen” bigarren edizioa antolatuko du Alavesek datorren astean. Emakumezkoen futbola eta, bereziki, talde zuri-urdina zaleengana gehiago hurbiltzeko asmoarekin sortuta, ekimenaren egitaraua hitzaldiek, umeentzat jarduerek eta Alavesek eta Atletico Madrilek Mendizorrotzan jokatuko duten partidek osatuko dute.
Mendizorrotzako prentsa-aretoak hartuko du asteazkenean, martxoaren 22an, Alaveseko nazioarteko jokalariek eskainiko duten hitzaldia. Udan Munduko Txapelketa jokatuko duten Fatima Pinto portugaldarra eta Nigerieko Osi Ohale izango dira protagonista nagusiak baina joan den urtean Europako 19 urte azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuten Jana Xinen, Ornella Vignolaren eta Esther Laborderen hitzak entzuteko aukera ere egongo da.
🗓️ iLlega la Gloriosas Astea!
— Deportivo Alavés Gloriosas (@AlavesFem) March 17, 2023
🎉Charlas, foro y actividades con los aficionados más 'txikis' para que conozcan de primera mano nuestro día a día
⚽️El #AlavésAtleti en Mendizorrotza como broche final
ℹ️ https://t.co/48K9EY47VY#AltaLaFrente 🔵⚪️ pic.twitter.com/S29SJrsWqS
Hitzaldi teknikoek hartuko dute lekukoa hurrengo egunean, martxoaren 23an. Gaizka Yugueros atezainen prestatzaileak, Olatz Fernandez fisioterapeutak eta Eduardo Loscos berregokitzaile fisikoak azalduko dituzte beren eginkizunen xehetasunak, arratsaldeko zazpiretatik aurrera. Eta ordubete beranduago, emakumezkoen futbolaren inguruko begirada orokorrago batekin hitz egingo dute Iñigo Juaristi entrenatzaileak, Beatriz Sevilla delegatuak, Maialen Martinez de Marigorta team managerrak eta Cristina Auñon jokalari zuri-urdinak. Bi hitzaldi hauek ere Mendizorrotzako prentsa-aretoak hartuko ditu.
Gaztetxoen txanda helduko da ostiralean, BAKHeko Kids gunean ospatuko den jaiarekin. 17.30etatik aurrera, ordubetez arituko dira Alaveseko jokalariak gerturatzen direnekin jolasean eta solasean; eta 19.30etatik aurrera, autografoak eta hainbat sorpresa espero da.
Noski, babazorroen partidak jarriko dio ginga asteari. Atletico Madrilen kontra jokatuko dute Mendizorrotzan martxoaren 26an, eguerdiko 12.00etan. Klubak jakinarazi duenez, Gloriosasen abonatuek beren sarrera eta gonbidapen bat jasoko dituzte emailez eta Deportivo Alaveseko abonatuak lehen taldeko txartelarekin sartu ahal izango dira. Gainontzeko sarrerek bost euroko prezioa izango dute eta dagoeneko erosi daitezke Alavesen web orrian.