Naiz

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren «jarrera arduragabea» salatu dute sindikatuek

LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren jarrera «arduragabea» salatu dute eta dei egin diote Maria Chivite lehendakariari sindikatuekin zuzenean negoziatzeko. Era berean, apirilaren 3rako aurreikusitako grebarekin jarraituko dutela nabarmendu dute.

Apirilaren 3an greba deitu dute LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek.
Apirilaren 3an greba deitu dute LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Apirilaren 3an Nafarroako Hezkuntza publikoan greba egiteko deialdia egina duten sindikatuek (LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT) salatu dute Hezkuntza Departamentuak ez duela «ezertxo ere ez» negoziatzeko asmorik, eta, beraz, lanuzteari eta hura prestatzeko egiten ari diren dozenaka batzarrei eusten diete.

Izan ere, joan den martxoaren 6an, grebaren iragarpenarekin batera, sindikatuek negoziazio bilera baterako eskaera egin zioten Hezkuntza Departamentuari. Lehenengo eskaerari erantzun ez ondoren, azkenean departamentuko ordezkariak sindikatuekin bildu ziren, baina Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia eta Hezkuntza kontseilaria ez ziren bileran egon. Horretaz gain, Departamentuko ordezkarien jarrera «edozein negoziazioren aurkakoa» izan zela salatu dute sindikatuek.

«Sindikatuon eskaeren aurrean, ratioen jaitsiera lineala, lan gainkarga murriztea, plantillaren egonkortasuna handitzea eta erosahalmena berreskuratzea, Departamentuak ez zuen proposamenik ekarri. Are gehiago, lehenengo premisa izan zen ez dutela inbertsio ekonomikoa dakarren ezer negoziatuko, eta horrek erakusten du edozein negoziazioren aurrean dagoen jarrera itxia; ulertezina, azken hilabete hauetan administrazioko beste talde batzuekin lan baldintzak eta soldata igoera negoziatu direnean. Hezkuntza publikoak ez al du inbertsio gehiago merezi?», adierazi dute sindikatuek.

Bestalde, astebetean 40 irakasle talde batzartu dira aldarrikapen horiek eztabaidatzeko, eta osotara 100 asanblea baino gehiago egitea aurreikusten da. «Irakasleak erreibindikazio horiekin guztiz bat datozela egiaztatzen ari gara, klaustro askok bere atxikimendua eman baitute», azpimarratu dute sindikatuek.

Era berean, «Hezkuntza Departamentuaren jarrera arduragabea ikusirik», dei egin diote Maria Chivite lehendakariari sindikatu deitzaileekin zuzenean negoziatzeko, «berak, zenbait adierazpenetan, elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu baitu eta ildo horretan jarraitzeko konpromisoa hartu baitu».

«Sindikatu deitzaileok prest gaude egiazki negoziatzeko. Nolanahi ere, ez dugu amore emango hezkuntza kalitatea mantendu eta hobetzeko ezinbestekoak diren gutxieneko aldarrikapen hauetan. Hori gertatu arte, aurrera jarraituko dugu aurreikusitako mobilizazio guztiekin, eta hezkuntza komunitateko gainerako eragileak deitzen ditugu batu daitezen», adierazi dute.