NAIZ

Aldai-Mendizabal eta Arrizabalaga-Osesek dena prest dute igandeko Master Cupeko finalerako

Aurrelarien arteko lehiak XXI. mendeko klasiko bihurtzen ari dira eta igande eguerdian, Zarautzeko Aritzbatalde pilotalekuan, beste final batean arituko dira elkarren kontra Oses eta Mendizabal atzelari lanetan arituko direla.

Laboral Kutxa Master Cup-eko finaleko lau protagonistak, gaur Zarautzen.
Laboral Kutxa Master Cup-eko finaleko lau protagonistak, gaur Zarautzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Laboral Kutxa Binakako Masterraren finala aurkeztu dute asteazken honetan Zarautzeko malekoian. Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga, egungo bi espezialistarik onenak eta kantxan aurkari handiak baina kanpoan lagun handiak, bertan izango dira igande eguerdian Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Uxue Oses izango da egungo binakakoaren txapeldunaren atzelaria eta Nora Mendizabal izango da Dimakoaren, egungo kaiolako txapeldunaren, bizkartzaina. Jaialdia zuzenean emango dute ETB-1ek eta www.eitb.eus-ek.

Bi bikote hauek kalitate handiko txapelketa bateko onenak izan dira eta final oso parekatua espero da, bai behintzat, Bizkaia torneoko finalari erreparatzen badiogu behintzat. Orduan Arrizabalaga-Oses tanto bakar batez gailendu ziren, baina Aldai-Mendizabalek ere badakite zer den elkarrekin txapela janztea, Nafarroa Arena ikusgarrian jokatutako Nafarroako Foru Erkidegoko Torneoan hala egin baitzuten.

Urtarrilean Murgian hasi eta Larrabetzun, Zornotzan, Galdakaon, Amezketan, Seguran, Eskoriatzan, Asteasun, Laudion eta Arrigorriagan geltokiak izan dituen abentura honen amaiera izango da Zarauzko jaialdia. Arrigorriagan, pilota goxoa (Oronotz-Goietnetxe), pilota misto gazteak (Uriarte-Betegi) eta pilota mistoko lehen mailako (Etxegarai-Zabala) txapelak banatu ziren eta orain espezialistarik onenen txanda da, baina ezin da ahaztu Laboral Kutxa Masterrak erreferentziazko txapelketa batez gozatzeko aukera eman diela, txapelketa erabat ireki eta inolako murrizketarik gabeko batean, parte hartu nahi izan duten 65 emakumeei.

Gaurko aurkezpenera gerturatutako ordezkari guztiek bat egin dute txapelketa mota honek emakumeen kirolaren garapenean duen garrantzian, zorte ona opa diete finalistei, eta igandean Aritzbatalden txapeldun hauek babestera animatu dituzte pilotazale guztiak. Era berean, Emakume Master Cup txapelketa desberdinetan aritu izan den Eider Zubizarretari aipamen berezi bat egin nahi izan diote. Zarauztarra pilotan jokatu ezinik dago zenbait osasun arazo direla medio eta laster kantxetan lehiatzen ikusi ahal izatea opa diote.