NAIZ

Eskirozek larunbateko aukera baliatu nahi du Promozioko finalera ondo heltzeko

Peña II.a-Mariezkurrena II.ak eta larunbatean Laso eta Imazen ordez arituko diren Artola-Eskirozek material aukeraketa egin dute asteazken honetan Iruñeko Labriten. Artolak bi partida jokatuko ditu ordu gutxiren tartean ostiralean Larriantzarren aritu behar baitu ere. Sarrerak agortuta daude.

Larunbatean Labriten arituko diren lau pilotariak, gaurko material aukeraketan.
Larunbatean Labriten arituko diren lau pilotariak, gaurko material aukeraketan. (BAIKO PILOTA)

Iruñeko Labrit pilotalekuak Binakako Txapelketako finalerdietako partida jasoko du larunbatean. Bertan ez da ezer jokoan egongo, igandeko neurketak baitu garrantzia handiena. Hala ere, badaude arrazoiak bertara gerturatu edota telebistaz jarraitzeko.

Alde batetik, Labriteko sarrerak erabat agortu ziren duela aste batzuk; beraz, giroa apartekoa izango da 17.15etik aurrera hasiko den jaialdian. Binakako Txapelketako partida arratsaldeko bigarrena izango da eta bertan bigarren arrazoi nagusia dator. Txapelketa jokatu duten Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak ez dute finalera sailkatzeko aukerarik jada, baina aurrean lehiaketan zehar titular gisa aritu ez diren bi pilotari izango dituzte: Artola eta Eskiroz.

Iñaki Artolak beste ordezkapen bat egingo du, gainera, ostiralean Larraintzarren antolatu den jaialdian. Kasu honetan Promozioko finalerdietan parte hartuko du, Uriondorekin batera, Salaberria-Etxebarriaren aurka. Beraz, Baikoko aurrelariak oso ordu gutxiren tartean bi partida jokatu beharko ditu eta ikusi beharko da bere eskuek eta hankek nola erantzuten duten.

Bestalde, Eskirozek proba polita izango du aurrean. Izan ere, asteazken honetan Labriten egin duten material aukeraketan aitortu duenez, «hurrengo asteko finalerako ondo etorriko zait eta ea gauzak ondo joaten diren». Atzelariak Promozioko finala jokatu behar du apirilaren 1ean Larrazabalekin batera. Oraindik ez ditu aurkariak ezagutzen, baina ostiralean Larraintzarren jokatuko den Bakaikoa-Morgaetxebarria eta Zabala-Gaskue partidatik aterako da beste bikote finalista.

Larunbatera begira, Eskirozek «partida oso zaila» aurreikusten du, «bikote handi baten kontra», azpimarratu duenez. Atzelariak badaki zer den aurtengo Lehen Mailako txapelketa honetan jokatzea. Kasualitateak kasualitate, Peñarekin batera jokatzea tokatu zitzaion hiru partidetan –bi neurketa irabazi zituen eta bestea galdu– eta beste hiru Lasorekin batera –bi galdu eta bestea irabazi–.

Azkenik, Peñaren hitzetan, «aukerarik gabe iristen garela partida honetara, saiatuko gara aho zapore onarekin bukatzen txapelketa. Amaiera arte dena eman dugula uste dut eta ezin izan da, baina azkeneko partida hau disfrutatzera aterako gara».