Lau egunetako atsedenaren ostean, Athleticeko jokalariek lan saioa izan dute gaur goizean Lezaman. Aspaldiko partez, ateak irekita izan da eta zaleek jokalariak agurtu ahal izan dituzte. Iker Muniainek, adibidez, sinatutako kamiseta pare bat oparitu dizkio ume bati.
Hutsune ugari egon dira. Izan ere, zenbait futbolari selekzio ezberdinekin daude -Iñigo Martinez, Nico Williams, Iñaki Williams, Oihan Sancet, Julen Agirrezabala eta Aitor Paredes. Aldi berean, beste hainbat lesionatuta daude -Unai Simon, Ander Herrera, Iñigo Lekue eta Jon Morcillo-.
Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko eta apirilaren 1ean, larunbata, izango da hurrengo partida. Athleticek Getafe hartuko du San Mamesen. Sailkapeneko azken postuetatik ihes egin nahian daude madrildarrak eta Sevilla gainditu zuten azken partidan. Apirilaren 4ean, asteartea, Osasunaren aurkako finalerdia izango da, 8an Espanyoli egingo diote bisita eta 15ean Realaren kontrako derbia izango da San Mamesen. 16.15etatik aurrera ospatuko da donostiarren aurkako partida.
Partidarik gabeko datozen egunetan jokalariak berreskuratzen joatea da helburua. Adibidez, Unai Simonen itzulera uste baino gehiago luzatzen ari da. Ia orain dela hilabete bat Gironaren aurkako partidan hartu zuen min Akiles orpoan eta Bartzelonaren kontra prest egotea espero zen. Hala ere, ezin izan du Espainiako selekzioaren deialdian sartu eta oraindik ez du taldekidekin batera entrenatzerik izan.
Otsaila hasieratik dago min hartuta Ander Herrera. Erdilariak giharretako bost lesio izan ditu denboraldian zehar eta buru aldetik oso gaizki pasatzen ari dela onartu du sare sozialetan. Gaurko saioan bakarrik entrenatzen ikusi ahal izan da eta baloiari ematen.
Iñigo Lekue ere korrika egiten hasi da Lezaman. Rayoren aurka giharretako haustura bat izan zuen. Jon Morcillori, aldiz, ebakuntza bat egin behar izan zioten Gironaren kontrakoan klabikula apurtu ostean.
Junior Bita eta Malcom Adu Ares
Joan den astean bezala Junior Bita erdilariak lehen taldearekin entrenatu du. 17 urte ditu oraindik Boli Kostan jaiotako mutilak eta Santutxu taldetik iritsi zen Lezamara. Basconian abiatu zuen denboraldia Gurpegirekin, baina azken partidetan Bilbao Athleticekin jokatu du. Bigarren taldea sailkapeneko azken postuan dagoen arren, Pallaresek aukera eman dio erdilari gazteari.
Malcom Adu Aresek ere parte hartu du sasoian. Mallorcaren aurkako lehen jardunaldian egin zuen debuta lehen taldearekin 21 urteko hegalekoak. Azken minutuak jokatu zituen. Geroztik, pare bat deialditan sartu da, baina ez du berriro jokatu. Bilbao Athleticekin lau gol egin ditu 26 partidatan eta taldeko bigarren golegilea da bost egin dituen Mikel Gotiren atzetik. Minutu gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da ere Mendibe defentsaren ostean.