NAIZ

Euskal Hezkuntzaren bidean jauzi bat egiteko bilduko da Hezkuntza Plazara

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege proposamena aurkeztear den honetan, akordioan sakondu eta jauzi bat egiteko beharra nabarmendu du Hezkuntza Plazarak Donostian egindako agerraldian, baita hezkuntza komunitatearekin prozesu bat abiatzeko konpromisoa ere.

Hezkuntza Plazara plataformak agerraldia egin du larunbat honetan Donostian.
Hezkuntza Plazara plataformak agerraldia egin du larunbat honetan Donostian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hezkuntza eremuan zeresana duten eragile eta norbanakoekin biltzera doala iragarri du Hezkuntza Plazarak larunbat honetan Donostian emandako prentsaurrekoan. Ekarpenak jaso eta egin daitezkeen urratsak zehaztuko dituzte. Bakoitzak bere esparru eta arduratik, elkarlanean, Euskal Hezkuntzaren bidean jauzi egitea da asmoa.

Laster aurkeztuko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege proposamena. Eta «hezkuntzan denok konpartitzen dugun diagnostikoa kontuan izanik, aukera baliatzea» eskatzen dio herri plataformak legeari. «Irailean aurkeztutako lege zirriborroa urruti dago Legebiltzarrean lortutako adostasunetik. Lege proposamenak beste izaera bat behar du, Hezkuntza Akordioaren filosofian oinarritua», defendatu du.

«Orain urtebete Hernanin elkartu ginen euskal herritar guztiok euskal hezkuntzarekiko ardura gure eskuetan hartu behar genuela esateko. Hezkuntza ezin dela soilik politikarien edo profesionalen esku egon, eta guztiok norabide berean arraun egiteko deia egin genuen», oroitu dute.

Hezkuntza komunitatea hainbat saretatik egiten ari den lan handia txalotu zuten orduan: azterketak euskaraz izateko, segregazioak amaitzeko, D eredua zabaltzeko, euskal curriculuma eguneratzeko, doakotasuna bermatzeko...

EAEn irekitako aukera honen aitzinean, ahalik eta legerik onena lortzen saiatuko zirela ere agertu zuten, eta konpromiso hori berretsi dute orain. Legeaz gain, hau garatu eta agenda berri bat martxan jarriko duen plan pilotu bat behar dela azpimarratu dute.

Ikastetxe bat, hizkuntza proiektu bat

Konbentzituta daude eskolak askoz gehiago egin dezakeela horretarako baliabideak jartzen badira. Bakoitzak hizkuntza proiektu bat gara dezakeela aldarrikatu dute. «Diagnostiko oso batetik abiatuta, hezkuntza formalean eta ez formalean egingo dena jasoko duena. Hizkuntzak irakasteari, ikasteari eta erabiltzeari lotutako alderdi guztien plangintza».

Ikuspegi soziolinguistikoa, historikoa, soziala eta kulturala ere txertatu behar direla aipatu dute. «Gure egoera diglosikoa kontuan hartuta, euskara ikasteredu orokortua bihurtuko duen proiektu integrala izan behar du».

Herri bat, hezkuntza proiektu bat

Herri bakoitzak bere hezkuntza proiektua adostu eta gauzatu behar duela ere defendatu du Hezkuntza Plazarak. «Udalak, ikastetxeak, eragileak eta herritarrak hezkuntzan parte hartuz herri hezitzaileak garatu behar dira. Ezberdinkeria eta lehia logikatik, minimo amankomun eta elkarlanera pasatuz. Ondorioz, ezinbestekoa da hori sustatuko duten espazioak herriz herri osatzea eta udalek horretan ezinbesteko protagonismoa hartzea».

«Eskola publikoa ardatz, ikastoletako bulkadari helduz, publikotasun berri horretan urratsak» egitera deitu du herri mugimenduak.

Euskal curriculumaren eguneratzea

15 urte igaro dira euskal hezkuntza komunitateak ‘Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma’ diseinatu zuenetik. Globalizazioa, migrazioa, krisi klimatikoa, pandemia, feminismoaren olatu berria, digitalizazioa... ordutik hona Euskal Herrian aldaketa ugari gertatu da eta mundu ikuskera berria ekarri du horrek. Ondorioz, ariketa hori berritu eta testuinguru berri honetan euskal kulturaren transmisioa nola bermatzen den adostea funtsezko ikusten du Hezkuntza Plazarak.

Ikastetxeko hizkuntza proiektuen eta herri hezkuntza proiektuen esperientzia pilotuak martxan jartzera animatu du. Eta pilotaje horiek hezkuntza sistema osoan eragina izan dezaten eta esperientzia aski ezberdinak izan daitezen, kopuru adierazgarri bat izatea komeni dela gaineratu du.