NAIZ

IDK Euskotren play-offetarako ia aukerarik gabe geratu da Gironan jipoia jaso eta gero (87-61)

Donostiarrak Emakumeen Endesa Ligako hamahirugarren postura erori dira, zortzigarren postuan dagoen Kutxabank Araskirengandik bi garaipenetara hiru jardunaldiren faltan. Apirilaren 5era arte itxaron beharko du hurrengo partida jokatzeko, bitartean Kopa ospatuko baita.

Claudia Cuic, Shay Murphyren defentsa gainditzeko ahalegin betean.
Claudia Cuic, Shay Murphyren defentsa gainditzeko ahalegin betean. (@IBAETABASKET)

SPAR GIRONA 87 - IDK EUSKOTREN 61

Jakina da datorren asteko Kopara begira, berau jokatu behar duten talde gehienak nahiko itxura onarekin iritsi direla azken jardunaldi honetara, tartean Spar Girona, esaterako. Alabaina, IDK Euskotrenek, lesioak lesio, 26 puntuko aldeaz galtzeko baino talentu gehiago badauka, talde katalanak jokalari bikain askoak izan arren.

Lesioak eta jokalari aldaketak direla medio, Azu Muguruza kexu azaldu da azken hilabete hauetan gipuzkoarrek izan duten jarraitutasun ezagatik. Baina hori egia izanda ere, aitzakiatik ere badu zerbait. Ez da zuzena alderaketak egitea, talde bakoitza mundu arras ezberdina baita, baina Gironak berak ere lesio oso larriak pairatu ditu –Irati Etxarri eta Maria Araujo hegal-pibotak galdu ditu, biek ala biek belauna birrindu eta gero– eta Laura Cornelius IDK Euskotreneko jokalari ohia Mersin Çukurova taldeak eraman du denboraldi erdian. Alegia, IDK Euskotren ez dela talde bakarra arazo fisikoak dituena.

Nolanahi, orain 87-61 hori ez dago aldatzerik eta jipoi honen ostean, play-offetan sartzeko ia aukerari gabe geratu da talde donostiarra. Kutxabank Araski da uneotan Emakumeen Endesa Ligako zortzigarren sailkatua, Fase Erregularra amaktzeko hiru jardunaldi falta direla. Gasteiztarrek 13 garaipen dituzte, IDK Euskotrenek 11 pilatu dituen bitartean. Puntu aldea, talde hauek biek deskuidoan berdindurik amaituko balute, gipuzkoarren aldekoa da, baina Kutxabank Araski zortzigarrena bada, ez da alperrik hamahirugarrena Ibaeta Basket. Benbibre, Bartzelona, Jairis eta Ensino daude gasteiztarren eta donostiarren artean. Bada, matematikoki posible bada ere IDK Euskotrenek zortzi onenen artean amaitzea, egiari zor, mirari bat beharko lukete Azu Muguruzarenek helburu hori betetzeko.

Laurden guztiak galdu

Lau laurdenak galdu ditu talde donostiarrak, baina hasteko eta bat 17-6 atzetik jarri delarik, ezin esan ezertarako abagune handirik izan duenik Fontajau pabiloian. Gironako sei jokalarik 12 puntu sartu dituzte gutxienez, Marianna Tolo pibot australiarraren 14 puntu, 11 errebote eta 6 asistentziak nabarmenduz. IDK Euskotreni dagokionez, berriz, Dembele, Cardaño, Maria España eta Coulibaly kapaz izan dira 11 puntu edo gehiago sartzeko, baina norbanakoen ahalegina ezer gutxirako izan da talde sendoago baten aurrean.

Hala, atsedenaldira markagailua 48-33 dela iritsi dira talde biak, baina Girona ez da konformatu eta 6-0eko partzial batekin ekin dio hirugarren laurdenari. Aldea 20 punturaino erraz asko igo dute katalanek eta gipuzkoarrek ezin inola ere murriztu. Alor estatistiko ia orotan emaitza hobeak lortu ditu Gironak eta Donostiako taldeak, aurkari gogor baten kontra partida galdu ez ezik, ez du lehiarako grinarik ere erakutsi ia.

Hala, apirilaren 5era arte partidarik jokatzeke egon beharko dute Azu Muguruzarenek, datorren astean, ostegunetik igandera bitartean, Emakumeen Kopa jokatuko baita Zaragozan. Lesioen erasana pasa eta gero, Lointek Gernika Bizkaiak oso arerio latza aurkituko du Kopako final-laurdenetan. IDK Euskotrenek, berriz, Kopako trena galtzeaz gain play-offetakoa ere ia galduta dauka, azken hiru jardunaldiak irabazi eta aurkarien hanka-sartzeak eta halako mesederik izan ezean.